"Oso profesional onak ditugu, baina denak kanpoan lanean"
XABIER G. ARGÜELLO,
Asier Hormaza (Getxo, 1970) antzezle bizkaitarra estreinaldiz estreinaldi dabil azken aldi honetan. Joan den astean, Arriagako eszenatokian aurkeztu zuen euskarazko antzerkia nazioarteko giroetara hurbildu duen Artea antzezlana, eta martxoaren 8an, Eutsi film luzearen aurre-estreinaldian parte hartuko du Bilboko Capitol aretoan. Yasmina Reza-ren antzezlanaren euskarazko bertsioak Donostia Saria jasoko du martxoaren 27an, eta Gasteiz bisitatu ondoren, Igorre, Galdakao eta Gipuzkoa aldeko herri nagusietan izango da ikusgai.
Galdera. Aita futbolaria izanda, zer dela eta erabaki zenuen antzezle izatea?
Erantzuna. Publizitatea ikasten ari nintzen Leioan, eta aldi berean Getxoko Antzerki Eskolako tailerretan sartu nintzen. Handik bi urte eskasera, Bilboko Udalak euskal antzezleekin antolatutako proiektu batean parte hartu nuen aktore gisa. Dagoeneko 16 urte egin ditut eszenatokiz eszenatoki.
"Kritikariaren iritzia pertsona bakar baten iritzia besterik ez dela kontuan hartu behar da. Gainera, non ateratzen da kritikari titulua?"
"Zenbaiten ustez, Artea antzezlanaren euskarazko bertsioak gainditu egiten ditu aurretik egin diren beste bertsioak"
G. Antzerkia alorrean ere, ez dira faltako penaltiak, ukondokadak eta behaztopak.
E. Bai, horretan nahiko antzekoak dira futbola eta antzerkia, eta gainera konpetentzia egiten diote elkarri, asteburuetan antolatzen baitira nagusiki futbol partidak eta antzezlanak. Baina gure kasuan, antzezleok epaile bat baino gehiago daukagu eszenatokian gaudenean.
G. Eta epailerik zorrotzena, kritikaria, ezta?
E. Kritikariaren iritzia pertsona bakar baten iritzia besterik ez da. Gainera, non ateratzen da kritikari titulua?
G. Zer nahiago duzu: penaltiak gelditu ala penaltiak bota?
E. Askoz ere errazagoa da atezaina izatea. Gola sartzen badizute normaltzat jotzen da, eta gelditzen baldin baduzu heroi bihurtzen zara. Beste aldean bazaude, berriz, beti eskatzen dizute gola sartzea, eta sartzen ez baduzu heroia zulora botatzen dute. Nahiago dut atean egon botatzen baino, presioa askoz ere txikiagoa baita.
G. Artea-rekin euskal antzerkiak ere gola sartu du aspaldiko partez, ez baita ohikoa nazioarteko obra bat euskaratu eta eszenatokiz eszenatoki ikustea.
E. Gainera, asko kostatu da eskubideak lortzea. Nik uste dut Euskal Herrian egiten den antzerkiak aurrerapauso handia egin duela antzezlan honekin. Lehendabizi testuagatik, Yasmina Reza-ren jatorrizkoa eta Julia Marinek egindako itzulpena zoragarriak direlako, eta bigarrenik Carlos Zabala zuzendaria eta nire bi lankide Joseba Apaolaza eta Ramon Agirreren lanagatik. Atera diren kritikek ere hori guztia nabarmentzen dute, eta zenbaiten ustez, arlo batzuetan gure antzezlanak gainditu egiten ditu aurretik egin diren bertsioak.
G. Zein da lan honek igortzen duen mezu nagusia, ezein ikuslek galdu behar ez lukeena?
E. Artea abiapuntua da antzezlan honetan. Hortik aurrera, oholtza gainera agertzen diren hiru pertsonaiak egoera askotatik pasatzen dira, euren arteko erlazioak kolokan jarriz. Alde horretatik, mezu asko daude, baina mezu bakar bat aipatzekotan, gauzak ez direla ez zuriak eta ez beltzak.
G. Mundua nolakoa, antzerkia ere halakoa...
E. Antzerkia eta kultura munduaren isla besterik ez dira.
G. Zure ustez, zer ez du euskal antzerkiak eduki beharko lukeena?
E. Euskal antzerkiari zera falta zaio, administrazioak euskal interpretazio mundua eta kultura oro har industriatzat jotzea. Hemen oso profesional onak daude ikuspuntu artistiko nahiz teknikotik, baina denak kanpoan dabiltza lanean. Garrantzitsua izango litzateke Eusko Jaurlaritza honetaz konturatzea eta euskal kulturan dihardugunon alde egitea. Orain, bakarrik egiten dute apustu gure alde kanpora atera eta kanpoan arrakasta lortzen dugunean.
G. Antzezle bezala non zabiltza gustorago: zinean, telebistan, antzerkian?
E. Lanean beti gustura.
G. Laster, Eutsi filmean ere ikusiko zaitugu. Ez da marka makala: bi urtetan, hiru film luze euskaraz...
E. Bai, baina pena izango litzateke honelako abiadura hartuta, bat-batean beste bost-zazpi urtez zain egon behar izatea euskarazko beste pelikula bat ikusteko. Horrek ez luke bermatuko hemen industria bat sortzea, eta ikusleek ez lukete izango aukeratzeko eskaintzarik. Oraingo eztanda honek jarraipena behar du, eta guk argi erakutsi diogu administrazioari gauzak ondo egiten dakigula. Eusko Jaurlaritzari dagokio orain jarraipena ematea, eta nire ustez ez litzateke erokeria izango urtean hiruzpalau pelikula euskaraz egitea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.