Humboldten azken sekretuak
Bidaiari alemanak hizkuntzalaritzari buruz idatzitako testu osoak 2007an zehar argitaratuko dizuzte
"Bederatzi egun behar izan genituen Parisetik Baionara iristeko (...) Frantzia ia bere zabalera osoan eta hegaldi batez alderik alde egin ondoren, euskal herri txikitik pausoz pauso bidaiatzeko gertu ginen". Wilhelm von Humboldtek (Postdam, 1767-Tegel, 1835) hitz horiek idatzi zituen Euskal Herrian zehar egindako bidaia baten oharrak euskara eta euskal kultura ezagutzeko asmoz egin zuen bidaiari buruzko liburuaren atarikoan.
Lan hark 1889an ikusi zuen argia, Euskal-Erria aldizkarian, Miguel de Unamunok itzulita. Badira 200 urte baino gehiago lerro horiek idatzi zituela, baina filologo, filosofo eta politikari alemana utzitako ondare ikaragarriak indarrean dirau ikertzaileentzat. Hori dela eta, nazioarteko zenbait unibertsitate -tartean Gratzekoa (Polonia), Berlin eta Munichekoak (Alemania) eta Stanfordekoa (AEB)- elkarlanean ari dira Humboldtek hizkuntzalaritzari buruzko egindako ikerketa guztiak argitara emateko, euskarari buruz utzitako izkribu garrantzitsuak tartean direla.
Unibertsitateok duela hamar bat urte ekin zioten lanari. Euskarari buruzko atala 2007an zehar argitaratuko dute, proiektuaren ardura daraman Gratzeko Unibertsitateko Linguistika katedradun Bernhard Hurchen arabera. "Hizkuntzalaritzari buruzko lanak 20 bat liburukiz osatuta egongo dira", azaldu du: "14 inguruk orain arte argitaratu ez diren materialak biltzen dituzte, eta horietatik hiru euskarari buruzkoak dira".
"Euskarari dagokion lehen atala 2007ko udazkenean argitaratuko dugu, eta beste biak neguan zehar. Lanak bukatzen ari gara orain", gaineratu du. Euskarari buruz argitaratuko dituzten 1.050 orrialdeetatik, "agian bi herenak itzulita daude eta herenak ez, alemanez ere argitaratuta ez daudelako".
Izan ere, Humboldten lanak hainbat hizkuntzatan argitaratu dituzte azken bi mendeotan. Adibidez, Primitivos pobladores de España y lengua vasca -euskarari buruzko jakingarriak biltzen dituen liburuetako bat- XX. mendean zehar heldu zen liburutegietara, espainieraz. "Lan hori argitalpen-sail berri honetako hirugarren liburukian sartu dugu, baina horrekin batera Humboldtek liburua idazteko oinarri izan zituen testuak ere txertatuko ditugu", erantsi du proiektuaren arduradunak.
Izan ere, berak idatzitako ondare zabala uzteaz gain, han eta hemen pilatutako -edo hainbat kolaboratzailek propio bidalitako- material ugari bildu zituen bidaiari alemanak. Horietako bat da Pablo Pedro Astarloa (Durango, 1752-Madril, 1806) idazle eta hizkuntzalariaren Plan de lenguas deritzan dokumentua. Humboldtek kolaboratzaile hurko izan zuen Astarloa -Elhuyar anaiak eta Juan Antonio Mogel ere ezagutu zituen-, honek egin baitzion harrera Durangaldean egin zituen egunetan. Izkribu hori oinarritzat hartu zuen gero euskal gramatikari buruzko lanetan, Larramendiren (1729) eta Harrieten (1741) gramatikekin batera, baita Oihenartek gai berari buruz idatzitako testuak ere.
Agiri horren kopia bakar bat gordetzen da gaur egun, hain zuzen ere Hurch irakaslea buru duen taldeak aurkitutakoa, jatorrizko testua galdutzat jotzen baitzuten adituek.
Euskal Herrian zehar egindako bidaien ondorioak bilduz Humboldtek idatzi zituen dokumentuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegian kontsulta daitezke, jatorrizko izkribu mikrofilmatuen kopia digitalak gordetzen baitituzte bi erakunde horiek, 2004an Krakoviako (Polonia) unibertsitatetik ekarri ondoren. Bi agiritegi horietan pazientziaz arakatuz gero, 1789an eta 1801ean bildu zuen dokumentazioaren tamaina uler dezake bisitariak; makina bat ohar eta deskribapen zehatzek osatzen dute ondare hori.
"Euskarak berebiziko garrantzia izan zuen Humboldtek garatu zuen hizkuntzalaritzan, ez da ahaztu behar euskara izan zela berak aztertu zuen lehen hizkuntza ez indoeuroparra", gogora ekarri du Hurchek. Bere esanetan, "Humboldtek oso ongi ezagutzen zituen gizakiak. Euskara ikertuz mundu berri agertu zitzaion begien aurrean".
Dantza baten berpiztea
Humboldtek gustuko zuen bisitatzen zituen herrien ohiturei buruzko datuak biltzea. Euskal Herrira egindako bisitaldietan garai horretako folklore adierazpenen lekuko izan zen. 1801ean Durango aldean ibili zen, eta bertako dantzen deskribapen zehatzak bildu zituen.
Hain zuzen ere, datu horiek baliatu zituen 2001ean Durangoko Kriskitin Dantza Taldeak Dantzari dantza edo Platillu-soñua izeneko koreografia berreskuratzeko. Lan horretan parte hartu zuen euskal folklorearen ikertzaile eta Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente ohi Iñaki Irigoien bilbotarrak.
"Deskribapen hauek ez ziren gordeko Humboldt moduko batek batu ez balitu", laburbildu du Humboldten lanak folklore alorrean duen garrantzia azaltzeko.
"Humboldt aspaldian irakurri nuen, orain 60 urte direla. Durango aldean egiten zen dantza horren deskribapena jaso zuen", azaldu du Irigoienenk. "Bere lan osoetan bazeuden horren inguruko idatziak eta nik baneuzkan Aita Donostiak idatzitako musiken partiturak", esan du.
"Alabaina, jatorrizko dokumentua ikusi nahi nuen eta Krakoviatik ekarritako mikrofilmen artean topatu nuen, ez baitira orduko pentagrama asko gorde. Asko dago oraindik arakatzeko bere dokumentuetan", gaineratu du.
Indarrean dirauten ideiak
Bi mende geroago, Humboldtek egindako hainbat ekarpenek ez dute gaurkotasunik galdu, haren lana ikertu duten adituen arabera. Berea izan zen unibertsitate-curriculumaren ideia, unibertsitate gehienen egituraren oinarrian dagoena.
Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko irakasleak Humboldten gaineko doktorego-tesia egin zuen 1998an eta haren ekarpenari buruz 2003an Bilbon egin ziren jardunaldietan parte hartu zuen. Bere esanetan, "Humboldten ideiak gaur egun oso pil-pilean daude".
"Esan beharra dago bera hizkuntzalaria eta antropologoa izan zela, eta horri esker bere bidaietan ohartu zen gizakia gizaki dela hizkuntzari esker, eta hizkuntza ez dela ezer gizakirik gabe. Hizkuntza ez da bakarrik gramatika bezala ulertu behar, baizik eta jarduera bezala. Oso ideia modernoa da hori", argudiatu du Zabaletak.
"Ilustratuentzat, hizkuntza filosofiaren eta literaturaren bitarteko hutsa zen, baina Humboldt hizkuntzaren funtzio antropologikoaz konturatu zen, eta hori euskarari esker ikasi zuen", gaineratu du.
Ideia horietatik, hainbat ondorio atera daitezkeela iritzi dio Zabaleta Gorrotxategik: "Nire ustez, Humboldtek aukera ematen digu normalizazio linguistikoa antropologikoki oinarritzeko".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.