Moralistak
Moralistak azaldu zaizkigu bazterretan. Azaldu bazaizkigu, horrek esan nahi du ez direla erabat joan, hortxe egon direla zain, noiz burua altxatuko edo, burua ezkutatuta, noiz eskua botako, eskua edo harria, eskua edo begia, eskua edo egia. Morala, izan ere, modan jarri zaigu berriro, morala eta ez moraltasuna, morala eta ez kontzientzia, moralkeriaren morala.
Kontzientzia morala orokorra da eta, horretaz gainera, betikoa eta iraunkorra ere bai. Bakarra da gizon-emakume guztiontzat. Morala, ordea, ez da orokorra. Batzuentzat morala dena besteentzat ez da halako; batzuentzat ona dena besteentzat txarra den bezala. Ez dago eredurik, bakoitzak bere eredua sortzen baitu. Beharrak eta debekuek sortu dute morala, eta horregatik, morala, narrazioa bainoago, metafora da, gizarte bateko edo gizaki baten metafora osagarria. Moralkeria beste kontua da; itxurako morala izanik, norberaren baitakoa baino besteen agerikoagoa da ausaz. Eta norberaren kontzientziarekin baino, zerikusi handiagoa du epaimenarekin, besteen kontzientziak epaitzeko ahalarekin. Bai, epaitzeko ahala zabalduz doa, eremuak oro hartuz eta suntsituz.
Idazle gehienek dute, nahita edo nahi gabe, moralista izateko joera. Iritzia ematen hasitakoan irristatzen baitira iritzi sanoaren lurraldetik epai moralarenera, norberaren barnetik besteen baitara limurtzen diren bezala. Idazleak, izan ere, banitategatik batez ere, bere burua jarri du moralaren eredu, epaimenaren ispilu, ontasunaren irudi. Edertasunaren bila dabilenak ez du beti edertasuna aurkitzen, ordea. Eta morala aldarrikatzen duenak ez du beti izaten erakusteko moralik. Moralkeriaren azoka honetan bidezkoa da aspaldiko erran zahar hura, itxurakeriari dagokiona, alegia zuzena izateaz gainera, zuzentasuna erakutsi behar dela. Horrela bederen egindako epai bera ez da itzuliko epaigarri.
Günter Grass moralista da, edo izan da, ez dakit. Eta ez da esandako hau bestelako zentzuan hartu behar. Pascal ere moralista izan zen, moralista zoragarria. Nietzsche ere, moralisten aurkako moralista izaki, moralisten ifrentzu, moralisten zigor eta jipoi, moralistarik handiena izatera iritsi zen. Gidek ere bere burua inmoralistatzat zuen, baina oso morala zen bere ezmoraltasunean. Ezmorala, izan ere, beste norabidetik doan morala da, beste burua duen moralkeria, beste burua baina ez beste helburua duen moralkeria. Edo moraltasuna, auskalo.
Günter Grass hamazazpi urte zituelarik, SSetakoa izan zen, Alemanian. Hori aitortu du duela gutxi, eta epaitua izan da eta kondenatua. Batzuek nazi izana kondenatu dute Günter Grassenean, beste batzuek hamazazpi urterekin nazi izana, eta badira halakorik aitortu ez izana leporatu diotenak, eta hortz-karraskotsa egin dutenak. Ai, ene! Dena dela, Günter Grass nazi izanak ez zukeen inor harritu beharko, Alemanian garai hartan milaka eta milaka izan baitziren naziak. Are gutxiago hamazazpi urterekin nazi izanak, hamazazpi urterekin nahi dena izan ahal baita, nahi dena edo uste dena, ametsek uzten dutena. Eta besterik sinesten duenak begira dezala bere baitan eta galde beza zer izan den hamazazpi urteko zelarik. Lehenagotik aitortu ez izana ere ez da bekatu larria. Bekatua, Günter Grassentzat, nazi izana da, eta saiatu da bere bizitzan bekatu horren orbaina garbitzen. Eta lortu duelakoan nago. Bere iragana oraingo liburua saltzeko erabiltzea ere leporatu diote Günter Grassi. Liburuan idatzita badago iraganeko pasadizo hori, zergatik ez baliatu bera liburuaren propaganda egiteko? Zuk, zeuk, idazle prestu eta famatu horrek, zer egingo zenuke? Nazi izan zarela aitortu, nazi ez zarela aldarrikatu, eta kobratu nazi ez izateagatik? Ez da berria, ez, min hau. Gaurko moralistek Günter Grassen baitan beraien baitan epaigarri ez zaiena epaitzen dute, irudia hain zuzen.
Moralkeria eta ergelkeria biak bat dira. Eta ergelkeriarik handiena ergelkeria morala da. Izurritea bezala zabaltzen ari da gainera. Ez du gertatukorik aztertzen, ez du kontzientzian begiratzen, epaitu egiten du, eta kondenatu. Ergelki kondenatu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.