Sareko euskaltegia
Urtero, 4.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute Internet euskara ikasteko
Inork gutxik pentsa zezakeen duela urte batzuk Internet munduko euskaltegirik zabalena izan litekeela, baina halaxe gertatu da. Teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailei esker, edozein internautak, nonahi bizi dela ere, Etxepareren hizkuntza ikas dezake ezein euskaldunekin hitz egin gabe.
Eusko Jaurlaritzak Boga metodoa eta Ikasbil ataria eseki ditu Sarean euskara on-line ikasi nahi duten guztientzat. Kultura Sailak emandako datuen arabera, aurten ia 4.000 pertsonak aukeratu dute Boga euskara ikasteko. Horrez gain, egunero, 2.300 edukin didaktiko baino gehiago deskargatzen dira Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) sortu duen Ikasbil atari berritik.
Horiek dira Eusko Jaurlaritzak zenbatuta dauzkan datuak, baina euskara ikasten ari diren internauten kopuru osoa askoz ere handiagoa izan daiteke Sarean dagoen eskaintza zabalari erreparatuz gero.
Boga euskara Interneten bidez ikasteko sistema multimedia da, Aurten Bai Fundazioak Bass software enpresarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera garatu zuena. Duela lau urte eseki zuten Interneten, eta hurrengo ikasturtean 2.900 ikasle inguruk erabili zuten. 2005-2006 ikasturtean, berriz, 3.900 baino gehiago izan ziren.
Uztailean eta abuztuan ere, 1.748 eta 1.636 internautak erabili dute, hurrenez hurren, euskara ikasteko sistema hau. Udako erabiltzaileen artean, %36 baino gehiago Euskal Herritik kanpo bizi ziren. Metodo hau erabili ahal izateko, Interneterako konexioa duen ordenagailu bat, pasahitz berezi bat eta lau CD osagarri behar dira. Pasahitza eta CDak matrikula ordaindutakoan eskura daitezke Euskal Herri osoko 64 euskaltegitan.
Horrez gain, Boga metodoa Euskal Autonomia Erkidegoko 90 KZgunetatik erabil daiteke, bai eta Madril, Bartzelona, Mallorca eta nazioarteko (Argentina, Txile, Uruguay, Brasil, Venezuela, Mexiko, Estatu Batuak, Kanada, Italia, Frantzia, Erresuma Batua eta Australiako) zentro jakin batzuetatik ere.
Aurtengo otsailean, bestalde, www.ikasbil.net euskara-ikasleentzako ataria eseki zuten, han-hemenka sakabanaturik zeuden hainbat zerbitzu (HABE aldizkari elektronikoa, Ikaslearen gunea eta Dokumentu Biltegia, besteak beste) bilduz.
Ikasbilen helburu nagusia euskara ikasi nahi dutenei denetariko ikas-materialak eta multimedia baliabideak eskaintzea da, euskara-ikasleen komunitateari dagokion informazio guztia ere etengabe eguneratuz.
Zerbitzuak jardunean egin dituen zazpi hilabete hauetan, Ikasbilen erabiltzaileek 392.000 edukin deskarga baino gehiago egin dituzte, egunero 2.000 deskarga inguru alegia. Batez besteko hau %18 hazi da azken bi hilabeteotan.
Atalka, Dokuteka izan da bisitatuena. Material biltegi birtual honek 8.000 eduki didaktiko baino gehiago eskuratzeko aukera eskaintzen du gaur egun, idatziak nahiz ikusentzunezkoak. Otsailetik hona, 248.000 deskarga baino gehiago egin dira atal honetan.
Internetez baliatzen diren euskara-ikasleek, halaber, 144.000 ariketa baino gehiago eskuratu dituzte hizkuntzaren inguruko ezagutza hobetu eta sakontzeko.
Ikasbil atariaren eskaintza ez da edukin didaktikoetara mugatzen. HABEren zerbitzugune birtual honetara sartzen direnek euskara batua eta euskalkiak lantzeko material ugari aurki ditzakete, baita denbora-pasak, txisteak, errezetak, on-line irakurtzeko moduko aldizkariak eta euskarazko kultur ekintza nagusiei buruzko agenda eta informazio eguneratua ere.
Eusko Jaurlaritza, bestalde, Linguanet Europa izeneko proiektuaren partaidea da. Linguanet Europa atzerriko hizkuntzak ikasteko Interneteko baliabide guztiak biltzen dituen zentro birtual eleanitza da.
Webgunea Europako 20 hizkuntz desberdinetan bisita daiteke, euskara eta Espainiako gainerako hizkuntza ofizialak barne, eta mundu osoko edozein hizkuntza moderno ikasteko estekak aurki daitezke bertan.
Proiektua hizkuntza-irakaskuntza arloko Europa osoko adituek garatu dute, eta ikasleentzako 3.500 baliabideren erreferentzia eta lotura zuzena emateaz gain, helduentzako gomendio praktiko batzuk ere eskaintzen ditu, hizkuntza bat nola ikasi, norberaren maila nola ebaluatu eta Interneteko beste ikasle batzuekin nola komunikatu jakin dezaten.
Ekimen partikularrak
Boga metodo interaktiboa eta Ikasbil atari erraldoiaz gain, Interneten era askotako baliabideak aurki daitezke euskara ikasteko. Horietako erabilgarrienak Donostiako Udalak kudeatzen duen www.euskaraz.net webgunean zerrendaturik daude.
Nazioarteko webguneei dagokienez, Travlang izenekoa (www.travlang.com/languages) da, seguruenik, Sarean esekita dagoen eskaintzarik aspaldikoena. Mundu osoko bidaiariei 83 hizkuntzatako oinarrizko hitz eta esamoldeak ikasteko aukera ematen dien doako webgune bitxi hau erabiltzeko, aski da norberaren ama-hizkuntza eta ikasi nahi den mintzaira aukeratu eta lanari ekitea. Antzeko zerbait aurki daiteke www.speakuplanguages.com helbidean.
Ingeles hiztunek ere badute euskara dohainik ikasterik, bereziki www.buber.net/Basque helbidean. Titulu homologatua lortu nahi dutenek, aldiz, Nevadako Unibertsitatearen basque.unr.edu webgunea bisita dezakete. Ikasketa hauek, berriz, ez dira doakoak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.