Idazleen barrunbeetan barrena
Genero autobiografikoaren ezaugarriez gogoeta egin dute hainbat adituk Donostian
Samuel Beckett idazle irlandarrak aitortu zuen bere idazlanetan etengabe aritzen zela bere buruari buruz. Barne barrunbeetako itzalak idazlumaren zerbitzuan erabiltzen zituela esan nahi zuen Waiting for Godot eleberriaren egileak. Ezaugarri autobiografikoak egile askoren jardunaren oinarria izan dira historikoki, baina agian azken urte edo hamarkadetan indar handiagoa hartzen ari da joera hori. Gizartearen beraren bilakaeraren eraginez edo aldez aurretik diseinatutako estrategia komertzialak bultzatuta, ugaltzen ari dira idazlearen beraren bizipenak oinarri hartzen dituzten liburuak. "Zergatik daude hain modan intimitate hori publikoki adieraztea?", galdetzen dio bere buruari Mari Jose Olaziregi EHUren Gasteizko Filologia Fakultateko irakasleak, fenomeno hori aztertzeko helburuarekin eta Donostiako Udako Ikastaroen egitarauaren baitan antolatu duen Idazlea eta bere itzala mintegiaren atarikoetan.
"Badago interes hori justifikatuko lukeen arrazoi orokorra", argudiatu du aditu honek, "intimitatea da ezezagunena guztiontzat. Pertsona baten itxura ezagutzen duzu, pribatua ere ezagutu dezakezu bere etxera gonbidatzen bazaitu. Baina intimitatea da berez ezagutezina, eta horrek eragiten dizu jakin-mina". Bestelako arrazoirik egon daiteke, "bizi dugun garaiarekin" lotuta dagoena eta "idazlearen rol soziala ikusteko modua" ere izan daitekeena. Olaziregiren iritziz, "idazleak beraiek izar bihurtu dira, euren barrunbeekiko interesa zabaldu da, ezinezkoa da idazle batek idaztea bere biografiaz elikatu gabe".
"Gai honetaz hitz egitean, ardatz bikoitza kontuan hartu behar da", erantsi du jardunaldietan parte hartu duen Jose Maria Pozuelo Yvancos kritikariak. "Gaur egungo kulturan, historiarekiko interesa gero eta handiagoa da; horrez gain, ezaugarri autobiografikoek nolabaiteko ospea bereganatu dute molde gisa, begirada gisa", azaldu du. Bere ustez, ezaugarri horiek "ezkutuan" egon dira mendetan zehar, "baina gizarte mediatikoetan testigantzekin eta bizitzarekin lotutako osagaiak dira nagusi".
Ildo horretan, autobiografiak gizarte-mota horri emandako erantzuna izan daitekeela iritzi dio Anna Caballé Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta gai honi buruzko hainbat lanen egileak. "Hedabideek eta kapitalismoak gizabanakoak uniformizatzeko joera dute. Horren aurrean, autobiografiak gizabanakoen singulartasuna defenditzeko saiakera da, kontsumitu ez ezik, beste gauza batzuk egin ditzakeela aldarrikatzeko beharrizanarekin lotuta dago".
Iban Zaldua idazlearen iritziz, "egun halako obsesio bat dago egiarekin, edo egiarekin baino, errealitatearekin. "Jendea, hainbeste gezurrez beteriko mundu batean, gauza errealen gose da, eta hori telebistan ikus daiteke hoberen agian, reality-show' askoren arrakasta ikusita", arrazoitu du. Hala ere, genero autobiografikoan errealitate-dosi handiagoak bilatzea "ilusio faltsua" dela iritzi dio. "Saizarbitoriak esan zuen bezala, egia gehiago egon daiteke eleberri batean, memoria liburu batean baino. Memoria liburuetan fikzio asko dagoelako ere, kontatzen ez diren gauzetatik hasita".
Idazle batzuek osagai autobiografikoak txertatzen dituzte beraien liburuetan. Adituek "autofikzioa" deitu duten azpigenero hori arrakasta handia izaten ari da azken garaietan. "Gaur egun, literatura etengabe ari da autobiografiara hurbiltzen. Jardunaldietan Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea aipatu dugu horren adibidetzat", azaldu du Pozuelo Ybancosek. "Mozorrotutako osagai autobiografikoak, benetako gertakizunak eta bizitako jazoerak jasotzen dituen literatura mota da; batzuetan izenak trukatzen dituzte, baina garai hori ezagutu duten irakurleak berehala konturatzen dira benetako gertakizunetan oinarritua daudela". "Baina liburu autobiografikoa ixtean,irakurleak kontzientea izan behar du hori ere eraikuntza bat dela, hein batean", ohartarazi du Zalduak. "Ez dut autofikzioaren praktika eredu gisa hartzen", erantsi du, "esaten dudana da horixe dela nire bizipenen kontakizunari aurre egiteko aurkitu dudan bidea, kontaketa autobiografiko batek planteatuko lizkidakeen arazoak saihesten laguntzen didalako".
Emakumeen kontua?
Genero autobiografikoak emakumeek egindako literaturarekin lotu da historian zehar, baieztapen hori topiko bihurtzeraino. Adituek, baina, ez dute hain lotura argia ikusten bi faktore horien artean. Edo, behintzat, arrazoi desberdinak ematen dituzte ustezko fenomeno hori azaltzeko. "Simone de Beauvoirek esan zuen bere garaian emakumezkoek beti beraien ni-az hitz egin behar zutela, inoiz ez zietelako hitzik ematen", gogorarazi du Olaziregik. Anna Caballeren iritziz, berriz, "joera hori emakumeen zein gizonen ikuspuntuetan aurki daitezkeela uste dut, ez du horrenbesteko loturarik sexuarekin".
"Ideia hori topiko bihurtu da azkenik", erantsi du Jose Maria Pozuelo Yvancosek. "Espainieraz idazten duten idazleen artean batik bat, etengabe ari dira metamorfosi horrekin jokatzen. Osagai anbiguoekin jokatzen dute etengabe, gizonezkoek bezalaxe".
"Hori topikoa da", argitu du eztabaidetan parte hartu duen adituetako batek, Gorka Mercero filologian doktoregaiak. "Gizonen beraien identitatea ere kolokan jarri dela diote askok, eta hori ere topiko bihurtu da".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.