_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Espezialistak behar dira

Euskararen bilakaeraren araberako berregituraketa abiatu du Euskaltzaindiak

"Berrikuntza ezinbestekoa da, aldiak aldioro aldatzen direlako, baina muina eta funtsa ondo gordeta". Esaldi horrekin laburbiltzen du Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak erakundeak abian jarri duen barne-berregituraketa prozesua. Biologiaren legeak agindutako izendapenez gain (itzal handiko zenbait euskaltzain hil dira azken bi urteetan), aldakuntza sakonagoa egiten ari dira akademian, euskararen erabilpena gizartean pixkanaka izaten ari den gehikuntzaren pareko izan nahi duena.

Prozesu horren baitan kokatzen da Bernardo Atxagaren izendapena, baita Mikel Zalbide injineru eta zientzietan aditu denaren hautagaitza ere. Azken hau, ezusteko handirik ez dela, hil honen bukaeran izendatuko dute euskaltzain oso.

Atxagak eta Zalbidek ezaugarri komuna dute: hizkuntzaren erabileraren esparru banatan espezialista dira biak. "Orain arte nabaria izan da hizkuntzalarien nagusitasuna erakundean. Baina horiez gain, beste arlo batzuek ordezkatuta egon behar dute: administrazioak, irakaskuntzak, hedabideek, lanbide berriek eta teknologia berriek", argudiatu du Urrutiak.

Eredua eta erabilera

Hizkuntzaren normalizazio prozesuak berak eragin du joera-aldaketa hori. Orain urte gutxi arte Euskaltzaindiaren kezka nagusia euskara batua finkatzea zenez, logikoa zen hizkuntzaren esparruan espezializatutako adituengana jotzea. Erakundeko buruak aipatutako arloetan ari direnak "jarduera sortzailetzat" jotzen ditu Ana Toledok, bai Atxagaren eta bai Zalbideren hautagaitzak proposatu dituen euskaltzain oso bakarrak. Bere iritziz, "orain arte, euskara batuaren eredua finkatzean zegoen lana, baina orain erabileran dago erronka".

"Batetik hizkuntza produktua da. Komunitate baten tresna komunikatiboa hizkuntza den aldetik, filologoek arduratu behar dute horretaz", azaldu du Toledok. Gizarteak hizkuntza erabiltzen duen heinean, horren "aztertzaileak" eta "transformatzaileak" agertzen dira; eta horiek ere presentzia izan behar dute erakundean. "Produktuaren azterketaren inguruan, gizartean ez dago hiztun talde homogeneorik. Hiztun talde guztiek ordezkatuta egon behar dute", erantsi du.

Ikuspegi horretatik, oso garrantzitsu deritzo euskaltzainak Zalbidek egin dezakeen ekarpenari, "lan handia" egin baitu "zientziaren alorrean, eta hainbat hiztegi espezializatu eta aplikazio jakinetan".

Zientzia eta teknologia berriak, izan ere, sarri aipatzen dituzte Euskaltzaindiko buruek erakundearen barne-egokitzapen prozesuaz aritzen direnean. "Ez dezagun ahaztu gaur egun euskararen alorrean corpus linguistikoek duten pisuak", dio Urrutiak, "zer esan sarean ari diren blogak eta bitakorak. Fenomeno horiek gertutik jarraitu behar ditugu".

Aipatutako jakintza-alorretako ordezkariak bereganatzea errazteko, barne estatutuak aldatuko ditu aurten erakundeak, 75 urtez gorako kideak euskaltzain emeritu izendatu eta haien ordez euskaltzain oso bana sartzeko. Une honetan sei euskaltzain daude egoera horretan; erakundearen aurreikuspenak betetzen badira, udan onartuko du arautegiaren erreforma Ministroen Kontseiluak eta, beraz, urtebeteko epean beste horrenbeste euskaltzain oso berri izendatuko dituzte, ziur asko urtebeteko epean. "Baina estatutuak aldatu ala ez, gauzak ildo horretatik joan dira", zehaztu du Toledok, "esparru guztietara ireki behar dugu erakundea, hizkera berezituetara, itzulpengitzara eta hedabideetara, beste batzuen artean; oro har, diziplina artekotasuna izango da, beraz, hemendik aurrerako lanaren oinarria".

Jose Luis Lizundia euskaltzaina (Xabier Kintana eta Ana Toledorekin batera Bernardo Atxagaren hautagaitza proposatu du) bat dator erakundea euskararen gaur egungo beharrizanetarako egokitzeko ahaleginarekin. Hain zuzen ere, prozesu horren baitan kokatu du Obabakoak eleberriaren egilearen izendapena. "Puntako idazlea da, akademiarekin kritiko baina beti leial jokatu duena; lan handia egin du euskararen normalizazioaren alde. Horrelako fitxaketa bat behar zuen erakundeak", laburbildu du.

Urgazleen garrantzia

Euskaltzainburu izendatu zuten egunean, euskararekin lotuta ari diren erakunde eta elkarteekin batera lan egitea agindu zuen Andres Urrutiak. Horrela, haien lankidetza lortu nahi du hizkuntza-corpusak osatzen jarraitzeko, eta bide batez erakundeaz dituzten ikuspuntuak jaso. "Beharrezkoa da horrelako elkarteekin hitzarmenak izenpetzea. Horretan ari gara, eta nik uste dut laster zerbait jakingo dugula. Ez da erraza izango, besteen interesak ere batu behar direlako; baina behar beharrezkoa da", azaldu du euskaltzainguruak.

Besteak beste, teknologia berrien alorrean ari diren elkarteez ari da Urrutia. Bere esanetan, "jakin behar dugun nor diren protagonista horretan eta aintzat hartzea". Zeregin horretarako euskaltzain urgazleen lana ere baliatu nahi du erakundeak, osoen kasuan ez bezala, horien kopurua ez baitago legez mugatuta. Urrutiaren hitzetan, "urgazleak ere aintzat hartu behar ditugu, gure batzordeetan parte hartu eta dagokien erabilera-esparruaren jakituria ekar baitezakete".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_