"Kaleko esperientzia eramango dut Euskaltzaindira"
Aurrerantzean Bernardo Atxagari (Asteasu, 1951) buruz hitz egiten denean, ohiko idazle markari euskaltzain osoarena erantsi beharko zaio. Iragan ostiralean onartu zuen izendapena Euskaltzandian, eta bozketaren ondoren gainerako euskaltzainen aurpegia ikusi besterik ez zegoen albisteak erakundearentzat izan duen garrantziaz jabetzeko. "Akademiaren enbaxadorea izan daiteke", esan du Andres Urrutia lehendakariak. Berak naturaltasunez heldu dio erronkari. "Euskaltzaindiak euskararen alde hitz egiteko eskatzen badit, egingo dut", esan du.
Galdera. Ze ekarpen egin diezaiokezu erakundeari?
Erantzuna. Ziur asko, nik kaleko esperientzia daukat ezer baino gehiago; kalekoa nire inguruko bizitzei eta jendeei begiratu behar izan diedalako; eta baita ere poemak idazterakoan oso erne ibili behar izan dudalako kalean ze hizkera mota zegoen bizirik eta zein hilda. Oro har, ni izango naiz kalekume bat Euskaltzaindian, kaletik datorren norbait; ez unibertsitatetik, ez hizkuntzalaritzatik.
"Hizkuntzei buruzko planteamenduak ez badira totalitarioak eta intoleranteak, izugarri lagunduko dute bakearen bidean ere"
"Egun hauetan gero eta argiago dago beste garai bat iristen ari dela, egia da Bob Dylanek esaten zuena, garaia aldatzen ari dela"
G. Eta ze ekarpen egin diezazuke zuri erakundeak?
E. Leopoldo Zugaza Zarauzko Fotomuseumeko zuzendariak beti dio: "Ez baduzu halako museo bat jartzen, etxe-bazterretan dauden argazki-makina zahar horiek azkenean zakarrontzira joango dira. Baina jendeak baldin badaki museo bat badagoela, argazkiak hara bideratzen ditu". Berdin esango nuke Euskaltzaindiari buruz, behartzen baikaitu hortik barrena zabaldu ditugun ideiak paperean idatzita uztera. Horrela ikusten dut Euskaltzaindia: behartu egingo nau gordeak neuzkanak azaltzera.
G. Orain bost urte uko egin zenion euskaltzain izateko aukerari. Nola konbentzitu zaituzte orain?
E. Garai hartan ez nuen nire burua erakundean ikusi. Aldiz, nahiz eta bost urte besterik joan ez diren, Jose Luis Lizundiak, Xabier Kintanak eta Ana Toledok proposatu zidatenean...nik beti nire lehen erreflexuari egiten diot kasu horrelakoetan. Ez naiz nire bizitzari buruz hausnarrean nabilen pertsona. Raul Rivero idazleak beti esaten zuen: "beti daukagu barne-eguraldi bat". Eta bat-batean konturatu nintzen, beharbada nire barne-eguraldia orain lasaiagoa delako, ona zela Euskaltzaindirako bidea egiteko. Eta baietz esan nien.
G. Euskararen eta Euskaltzaindiaren enbaxadorea izan zaitezkeela esan du Andres Urrutiak.
E. Hasiera batean idazle bezala mundutik nenbilela, pitin bat enbarazu egiten zidan beti hizkuntzari buruzko galderak erantzun beharrak, literatura eta hizkuntza bi arlo desberdin zirela iruditzen zitzaidalako. Gero konturatzen zara gure bizitzak asko duela patuarena, eta hizkuntza baten inguruan ibili bazara, hori dela zure patua. Hori onartzen ez baduzu, neke handia izango duzula; bizi zintezke hamar urte zure buruarekin borrokan, eta gainera zure gizartearekin borrokan. Budista batek esango lukeen bezala, "marmar horrek halako batean bukaera behar du".
G. Eta nolako bukaera izan du zure kasuan?
E. Halako batean, nik onartu egin nuen eta kontrakoa erabaki: beharbada hizkuntzari buruz hitz egin beharko nukeela idazle bezala. Azken aldi honetan Europan eta Ameriketan egin ditudan irakurketa guztietan, hizkuntzaren inguruko marka bat sartu izan dut beti. Hemendik aurrera hori egingo dut modu landuago batean. Euskaltzaindiak eskatzen badit Madrileko ez dakit non jardutea hizkuntzaren alde, ni prest nago lan hori egiteko. Erabaki honek onarpen bat adierazten du. Azken batean, hori da bizitza.
G. Zuretzat mugarria izan da Euskaltzaindian sartzea?
E. Bai. Baina nik uste dut horretan arrazoi duela Eklesiastes-ek: "zer bere garaian". 20 urte nituela aldizkari abangoardistak izan nahi zutenak argitaratzen nituen. Eta orain, berriz, lan berbera egiten dut, baina beste modu batera. Gure gizartearen ideologia orokorrean, halako eredu erromantiko bat nagusitu da, gazte garaian egindakoak direla zintzoagoak eta biziagoak. Baina nik ez dut horrela ikusten.
G. Hainbat aldiz, tartean Lekuak liburuan ere, kritiko azaldu zara euskal kulturaren eta euskararen kudeaketaz. Nola ikusten dituzu orain kontu horiek?
E. Denbora askoan atzera begiratu eta ez nuen bizipenik; jaioberria nintzela iruditzen zitzaidan. Baina halako batean konturatu nintzen nire bizitzaren puska handi bat atzean nuela. Nire jarrera une horretan izan da gogoeta egitea igarotako bizitzaz. Eta egin dut idazle baten lege trinkoenari eutsiz: egia atereaz argazki bat errebelatzen denean bezala. Nik batez ere Lekuak liburuan utzi dut jarrita. Egun hauetan gero eta argiago dago, Eklesiastesek esango lukeen bezala, beste garai bat iristen ari dela, egia da Bob Dylanek esaten zuena, garaia aldatzen ari da. Hori zoragarria da. Ziur asko alaitasun iturririk handiena da ikustea garaiak aldatzen ari direla.
G. Garai berri horretan, bakeak hizkuntz-bakea ere beharko du?
E. Hizkuntzaren alorretik, nire iritzirako, hizkuntzei buruz egiten diren planteamenduak ez badira totalitarioak eta intoleranteak, izugarri lagunduko du bake horretan ere. Gogoan dut orain 15 urte Donostian eman nuen hitzaldi batean esan nuela gaztelera ere gure hizkuntza dela. Eta gogoan dut ze iskanbila sortu zen, zenbat jende jarri zitzaidan aurka, hitzaldian bertan. Eta oraindik ere badago jendea Salvatierra izena ezabatzen duena. Jarrera horiek totalitarioak eta zentzugabeak iruditzen zaizkit kulturalki. Kalte egiten diote bakeari eta etorkizunean ezin ditugu onartu. Beste aldean, badago euskara gizarteko azken sektoreekin lotzen duena eta inolako baliorik ematen ez diona, klasistek erabiltzen duten xenofobia horrekin. Nik uste dut jarrera horien aurka egitea beharrezkoa dela.
G. Euskal udaberria jarri diozu izenburutzat The New York Times egunkarian argitaratu berri duzun artikuluari. Hala sentitzen zara?
E. Jasotako mezu batetik hartu nuen ideia hori, Madrileko lagun batek bidalitakoa. Nik badut poz hori. Honetan ere zu izan zaitezke barrokoa, eta halako batean laranja eder bat jaten ari zarela pentsa dezakezu egunen batean hilko zarela. Nik ez dut sentsibilitate hori maite. Nahiago dut Stevensonen poema hura: "bihar bataila joko dugu, agian batzuk han geldituko dira; baina bien bitartean, denda honetan edan dezagun eta kanta dezagun". Badago jende bat txanpaina hozkailutik sekula ateratzen ez duena, nik astero ateratzen dutenak maite ditut.
G. Euskaltzaindiaren modernizazio-prozesuare testuinguruan kokatu dute zure izendapena. Zer da, hizkuntzaren ikuspuntutik, moderniazioa?
E. Honetaz nahiko ideia argia daukat. Nire aita batere arazorik gabe bizi izan da euskaraz, mundu osoan hitz egiten den hizkuntza balitz bezala. Gu, aldiz, krisia nozitutakoak gara, besteak beste hizkuntza bana izan dugulako ikastetxean eta etxean. Nire ustez modernitatearen markarik garbiena krisia da.Idazle gisa duen curriculum zabalari euskaltzain osoaren titulua gehitu zion iragan ostegunean Bernardo Atxagak. Erakundearen barne-araudiak agindu bezala, Euskaltzaindiak gehiengo osoz onartu zuen Ana Toledok, Jose Luis Lizundiak eta Xabier Kintanak proposatutako hautagaia. Honek naturaltasunez onartu du erronka, hainbat aldiz akademiarekin kritiko agertu ondoren. Gainerako euskaltzainek pozik hartu dute Andres Urrutia lehendakariaren esanetan "Euskaltzaindiaren enbaxadorea" izan daitekeen lankide berriaren izendapena.
Atxagaren hautagaitza onartzea Euskaltzaindiak abian jarri duen barne berregituraketa prozesuaren baitan kokatzen da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.