_
_
_
_
Entrevista:PRUDEN GARTZIA | Azkue Bibliotekako zuzendaria eta idazlea | GAIAK

"Etxeparek dirua irabazteko idatzi zuen, Lazarragak ez"

Joan Perez Lazarragako arabar zaldunaren eskuizkribuak berealdiko iraultza eragin zuen duela bi urte euskal letren historiografian. Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendari Pruden Gartziak (Oñati, 1964) garai hartako lainoak harrotzen ahalegindu da 2005eko Juan Zelaia Saria eskuratu dion Lazarraga, Ernazimentua euskaraz liburuan.

Galdera. Ernazimentuan euskara elizaren gerizpean baino ez zela landu uste genuen orain arte...

Erantzuna. Orain arte topiko oker asko izan ditugu euskararen iraganaz. Duela 100 urte eta orain dela 500 urte ere, euskara gizarteko jende xehe, pobre eta ezjakinaren kontua zela pentsatu izan dugu. Frankismoaren denboran mamitutako irudia da historian atzera proiektatu dugun hori. Baina Lazarraga noblea zen, ez elizgizona, XVI. mendeko elite sozialak ere euskaldunak baitziren, euskaldun arrunt eta naturalak. Lazarragaren eskuizkribuak, beraz, kolokan jarri du Ernazimentuan euskara elizaren babespean soilik garatu zela zioen topikoa.

"Cervantesek Lazarragaren giro bereko lagun asko zituen, eta arabarra Madrilen bizi izan zen; baliteke elkar ezagutzeko aukera izatea"
"Duela bi urte baino posibleago ikusten dugu Ernazimentuko eskuizkribu gehiago agertzea; ez litzateke sorpresa izango hori gertatzea"

G. Kintanak Etxepareren itzala somatu du Lazarragaren poemetan, eta zuk Cerventesekin lotu duzu Larreako jauna. Ez al da urrunegi joatea?

E. Iparraldea eta Hegoaldea ez ziren XVI. mendean bi mundu guztiz aparte zeudenak. Ondorioz, ez da tontakeria pentsatzea Lazarragak irakurrita eduki zezakeela Etxepareren liburua, Kintanak iradoki duen bezala. Bestetik, Lazarraga eta Cervantes adin berekoak ziren, ia hilabete berean jaioak, eta antzeko mundu-ikuskera eta afizio literarioak zituzten. Cervantesek tratu handia izan zuen euskaldun askorekin, eta euskaldun hauetako gehienak gasteiztarrak ziren, Lazarragaren ahaideak edo giro beretsukoak. Cervantesen lagunik handienetako bat, esaterako, Esteban Garibai izan zen, Lazarragaren ahaide hurbila alegia. Gainera, Lazarraga Madril aldean ere bizi izan zen aldi batez. Beraz, zentzuzkoa da pentsatzea elkar ezagutzeko aukera izan zutela. Besterik da, noski, aukera hori gauzatu zen ala ez.

G. Zergatik ez zuen argitaratu Lazarragak eskuizkribua?

E. Ez dakigu ziur, baina garai hartan idatzi-publikatu kate hori ez zen gaur bezalakoa. Askoz ere normalagoa zen gaur egun berreskuratzen ari den beste praktika bat: lagunentzat idaztea. XVI. mendeko Espainiako eta Europako poetarik ezagunena, Garcilaso de la Vega, enperadorean gorteko noblea zen, baina bizirik zegoela ez zuen poema bat ere publikatu. Lagun batek bildu eta argitaratu zituen zenbait urte geroago, Garcilaso de la Vega hil ondoren. Gauza bera gertatu zen Ingalaterrako gortean bizi zen Philip Sidney poeta laudatuarekin. Kontrako galdera ere egin genezake: zertarako publikatzen zen garai hartan? Nobleek ez zuten diru premiarik, baina Cervantesek eta Shakespearek, eta seguru aski Etxeparek ere bai, dirua irabazteko idatzi eta publikatu zituzten beren liburuak.

G. Lazarragak euskal literaturako lehen euskal emakume idazlearen erreferentzia ere ba omen dakar...

E. Zenbaiten suposizioa da hori. Eskuizkribuaren azken bizpahiru orrialdeak beste esku batekoak izan daitezkeela ematen du, eta orrialde horietako poema baten izenburuan emakume baten izena agertzen zaigu: Maria Estibalitz Sasiolakoa. Horrek esan nahi du emakume horrek idatzi zuela zati hori? Ez litzateke harrigarria izango, inguruko literaturetan ere antzerako kasuak baitaude. Nik beste hipotesi bat planteatzen dut: orrialde horien egilea Lazarragaren guraskidea -alabaren senarraren aita- izan zela, Belasko familiakoa.

G. Lazarraga kasu bakarra izan zela uste al duzu, ala bera bezalako asko egon zitezkeen garai hartan?

E. Lazarragaren eskuizkribuak lehen ez zeuden galdera berriak planteatu dizkigu. Orain arte uste genuen Etxepare euskarazko poemak idatzi eta argitaratzeari ekin zion tipo arraro bat izan zela, baina beharbada ez zen horrela izan, beharbada Ernazimentuan bazegoen euskarari lotutako kultur giro bat. Ez dakigu zenbat gauza galdu zaizkigun geroztik.

G. Hemendik aurrera, Lazarragarena bezalako beste sorpresaren bat gertatuko al da?

E. Ez da ezinezkoa, baina gertatuko balitz ez litzateke sorpresa izango. Duela bi urte baino posibleago ikusten dugu eskuizkribu gehiago agertzea. Lehen ez zen planteatu ere egiten horrelakorik gerta zitekeenik, baina Lazarragaren eskuizkribuari esker, Ernazimentua euskaraz ere existitu zela susmatzen hasiak gara.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_