Belaunaldi aldaketa
Euskaltzaindiak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, bost urtetan bere kideen laurdenak hil diren arren
Biologiaren legeek belaunaldi aldaketa sakona eragin dute Euskaltzaindiaren baitan. Azken bost urteotan, sei euskaltzain oso hil dira, kideen %25, alegia. Erreleboa bermatzeko asmoz, Akademiak ateak zabaldu dizkie orain arte hizkuntzaren inguruko zeregin akademikoekin zer ikusirik ez zuten erakunde eta gizarte-eragileei.
Duela urtebete inguru, Andres Urrutia euskaltzainburuak erakundearen etorkizuneko lehentasunak zirriborratu zituen karguaz jabetu bezain laster. Bi helburu nagusi zehaztu zituen orduan: "jende berria sartzea" eta "erakunde barruko Estatutuak berregokitzea". Horretarako, "euskalgintzan diharduten hainbat eragilerekin" hitz egin eta harremanak sendotzeko borondatea azpimarratu du behin eta berriz. "Munduan dauden beste hizkuntza-akademia guztien antzera, Euskaltzaindiak haize berriak behar ditu une oro aldian aldiko egoera eta premietara moldatzeko", argudiatu du.
Euskaltzain hauen heriotzak berealdiko samina sortu digu", aitortu du Urrutiak"
Hilabeteak joan eta hilabeteak etorri, euskaltzainburuak iragarritako errelebo aldaketa uste baino bizkorrago gauzatzen ari da, sei euskaltzainen -hiru oso eta hiru urgazleren- heriotzak tarteko direla. Urte hasieran, Jose Garmendia urgazle zaldibiarra hil zen. Maiatzaren amaieran, berriz, Juan San Martin hizkuntzalari eta Ararteko ohiak azken arnasa eman zuen Eibarren.
Uztailean, Patxi Ondarra euskaltzain osoa eta Eugenio Agirretxe urgazlea zendu ziren, eta bi hilabete geroago, Jose Mari Aranalde itzultzaile gipuzkoarra joan zitzaigun betiko. Juan Mari Lekuona poeta oiartzuarra da zerrenda horretako azken izena, abenduaren 5ean hil baitzen gaixotasun luze baten ondorioz.
XX. mendetik XXI.erako jauzian, beste hiru euskaltzain oso ere hil dira: Aita Villasante euskaltzainburu ohia 2000 urtean, Jose Maria Satrustegi 2003an eta Andolin Eguzkitza 2004an. Urte hauetan, halaber, euskararen alde su eta gar jardundako garrantzi handiko euskaltzain urgazle eta ohorezkoak zendu dira, hala nola, Martin Ugalde, Rudolf de Rijk, Larry Trask edo Manex Goienetxe, besteak beste. Azkena Federico Barrenengoa amurriotarra izan da, joan den ostiralean hil baitzen 89 urte zituela.
"Euskaltzain handi hauen heriotzak berealdiko samina sortu digu, noski, baina Akademiaren ohiko zereginetan katea ez da eten, haien itzalean euskaltzale belaunaldi sendo bat sortu baita, euskararen historian inoiz izan den prestatuena, alegia", azaldu du Urrutiak.
Gaur egun, Lekuonaren aulkia da Euskaltzaindian hutsik dagoen bakarra. Oiartzungo euskaltzainaren ordezkoa aukeratzeko prozesua abenduaren 16ko bilkuran abiarazi zuen Akademiak.Euskaltzainburuak Lekuonaren heriotzaren berri eman zien ofizialki gainerako euskaltzainei, eta Akademiako arauek ezarritakoari jarraituz, bi hilabeteko epea zabaldu zuen hautagaiak aurkezteko.
Epe hori amaitu eta hurrengo bilkuran, euskaltzainek bozketa bidez aukeratu beharko dute nor izango den Euskaltzaindiko 24. dominaz jabetuko dena. Kasu honetan, martxoaren 24an egingo dute Lekuona zenaren ordezkoa hautatzeko bozketa.
Abenduaren 16ko bilera hartan, bestalde, Patxi Ondarra zenaren domina eskaini zioten Patxi Salaberri hizkuntzalari uxuearrari, Euskaltzaindian hizkuntzaren alde lanean diharduten euskaldunberrien zerrenda handituz. Ildo honetan, Andres Urrutiak begi onez ikusten du erakundearen etorkizuna. "Nire ustez, Euskaltzaindiak aukera historiko paregabea du, biologiak ezarri digun belaunaldi-aldaketa azkar honen bitartez, hizkuntzaren normalkuntzan eta normatibizazioan diharduten kultur eragileak zeregin akademikoetara erakartzeko", esan du.
Historiari so eginez gero, duela zortzi urte ere, Euskaltzaindiak antzeko egoera bati aurre egin behar izan zion. 1987an, Manuel Lekuona eta Damaso Intza hil ziren, eta haien ordez, lehenengoaren iloba Juan Mari eta Patxi Zabaleta aukeratu zituzten.Hurrengo urtean, Koldo Mitxelena, Piarres Lartzabal eta Juan Gorostiaga zendu ziren, baina haiek utzitako hutsunea Ibon Sarasolak, Txomin Peillenek eta Jose Antonio Arana Martijak bete dute geroztik.
Dominen dantza
Adolfo Arejita, Ana Toledo eta Patxi Salaberri dira Euskaltzaindiaren azken fitxaketak. Lehenengoa Julio Urkixok estreinatutako 3. zenbakiko domina historikoaz jabetu zen San Joan egunean, Aita Villasante eta Andolin Eguzkitzaren lekukoa hartuz. Toledo eta Salaberriri, berriz, 1954 urtean eratutako aulki eta domina bana egokitu zitzaien.
Hura izan zen, zalantzarik gabe, Euskaltzaindiaren baitan bideratutako birmoldaketarik zabalena. Akademia lau kidez osatuta abiatu zen 1918 urtean, Eusko Ikaskuntzaren sostenguaz. Hasierako lau domina haien jabeak Resurreccion Maria de Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campion izan ziren. Hurrengo urtean, beste zortzi domina banatu ziren, gehi Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen truk ezarri zuen "aulki politikoa".
Gerra aurreko eta ondorengo urteetan, Euskaltzaindiak 13 kidez osatuta ekin zion hizkuntzaren erabilera zuzena arautzeari. Garai berriek zekartzaten erronkei aurre egin ahal izateko, 1949ean, hiru euskaltzain oso gehiago inkorporatu zituen, Federico Krutwigi enkargaturiko txosten baten haritik.
Azkenik, duela ia 52 urte, Akademiak 16tik 24rako jauzia eman zuen, herrialde eta euskalki guztien ordezkaritza orekatua segurtatzeko asmoz. Egitura horrexekin erabaki zuen Arantzazun 1968an euskara batua abian jartzea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.