_
_
_
_
_
GAIAK
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Azken hiztunaren hitzak

Nekazal lanak amaitu ondoren Hanzo Nepila arratsaldero etxeratzen zen bestelako bere zereginei ekiteko asmoz. Bere gela txikian, leihotik arratsaldearen azken argi izpiak sartzen zirela, hartzen zuen luma eta urteetan zehar bere kabuz ikasitako idazkerari heltzen zion buruan zerabilzkien gogoeta zein istorioak paperean islatu eta gauzatzeko. Emeki biltzen ziren hitzak eta pentsamenduak, hizkiz hizki elkartuaz, eskuaren trebeziaren menpe. Hanzo Nepilak bere antzeko eta ondokoen hitzak nahiz esamoldeak gorde nahi zituen paperean, handik gutxira memoria -ez berea eta ez inorena- ezingo baitzen haiek gordetzeko gauza izango. Sorabieraren bere dialektoan idazten ikasi zuen irakurtzen hasi baino lehen, bere aurretik inor ez baitzen ausartu, halakorik egiteko prest legokeen inor izan bazen ere, jatorrizko hizkera idatziz ematera. XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasieran hainbat tokitan eta dialektotan sakabanatuak zeuden sorabiar nekazariei halako ardura izan zezaten eskatzeak gehiegizkoa dirudi inondik ere.

Hala eta guztiz, Hanzo Nepila, mundu honetakoa ematen ez duen jardun tematiaz, bere inguruan -ezta handik urrunago ere- inork ere irakurri ezingo zituen idazkiak pilatzen zihoan bata bestearen ondoren. Auzokoak gehiegi ulertu gabe gelditzen zitzaizkion begira bere etxe ondotik igarotzen zirenean, Nepilak letra txiki eta bihurriaz orriak betetzen zituen bitartean bizitzan bestelako kezkarik ez balu bezala. Irakurlerik gabeko idazle zela eta akaso beti izango zela jakiteak ez zuen bere lan neketsua gerarazi. Alderantziz, adituek diotenez, hogeita hamar bat liburu zituen amaituak 1856an hil zenerako. Ehorzketaren egunean, senide eta ezagunek bere liburu guztiekin edo gehienekin batera lurperatu zuten, irakurlerik gabeko idazlearen patua -oharkabean izan bazen ere- benetan betikotuz. Eta, hala ere, senideen erabakiari esker hain zuzen ezagutzen dira gaur egun Hanzo Nepilaren idazlanetako batzuk. Bere belaunaldiarekin batera galdu zen sorabieraren dialekto berezi haren hainbat ezaugarri orain eskura ditugu Nepilaren hilobia hitzez beterik zegoelako, orri ugaritan idatzitako hitzez.

Beste hizkuntza eta hizkeren bilakabideak ez du horrenbesteko zorterik izan. Historia garaikidean erabateko galeren adibideak ez dira bitxikeria hutsak (eta zer esanik ez aurreko garaietan gertatu omen zenaz). Duen garrantziari ezer kendu gabe, dalmazieraren edo Kaukasoko ubyx hizkuntzaren galera garaiz egindako haien deskribapenak eta testuen testigantzak leun dezakete asko ez bada ere, Erronkariko euskalkiarekin, esaterako, duela ez asko gertatu bezala. Beren Nepilarik ez izan arren, kanpotik etorri zitzaien ikertzaileren bat edo beste hizkuntzaren azken taupadak gertutik entzun eta haien berri emateko.

Hauek baino lazgarriagoa da ia urtero, munduko zenbait bazterretan, desagertzen diren hizkuntzen kasua. Gehienetan azken hiztunek eramaten dute hilobira hizkuntzaren altxor hila, astirik eman gabe bere egitura agertuko lukeen hitzen arteko loturaren bat, hau da, esaldiren bat behintzat salbatzeko. Isilik joaten dira hondamendian barrena, denboraren tunelean desagertuz, oihanaren erdian edo basamortuan inoiz ere ahoskatuak izan ez bailiran.

Azken egunotan beste hizkuntza baten desagertzearen berri izan dugu. Ez da harritzekoa, galtzeko zorian munduko hizkuntzen portzentaia handi bat baitago. Biologoen artean moko zuridun okila berriro begiztatzeak sortu duen pozak (galdutako espeziea zela uste baitzuten) hizkuntzalariei zer pentsatua eman beharko lieke. Desagertzen den hizkuntza, hiltzen den moko zuridun okila bezala, ez baita, salbuespen bereziak baztertzen badira, sekula berpizten. Idazkerarik ezagutzen ez duten hizkuntz-eremuetan, azken hiztunaren hitzak haizeak eraman ohi ditu, ez badira, Hanzo Nepilaren liburuak bezala, hilobian gordetzen nolabait. Nonbait gordetako hitzok berreskuratzeko, ordea, ez gara inoiz gai izango.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_