_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Ezequielen Haria

Funerarietako langileei euria gustatzen zaie. Ahalegin handia egin dut nik horri kontra egiteko, baina ezin da funerarietako langileekin. Euriarekin disfrutatzen dute funerarietako langileek, eta ez dute ulertzen euren lanbidea desprestigiatzen duela euriak. Ez didate kasurik egiten niri.

Nire usainagatik izango da beharbada. Otsailetik hona ez daukat usain serioa. Astebete garbitu gabe egon arren, usain ona izaten dut, gero eta hobea. Perfume moduko usain bat, umeentzako perfume moduko bat, eta neure burua zenbat eta gutxiago garbitu, usain hobea. Eta hori ez da serioa, ez da nire edadeko gizon batentzat usain serioa.

Nire afiziorik berriena globo aerostatikoak dira.

MARINA

Marina da nire anaiaren andrea. Urdinez jantzita egoten da beti Marina eta ez zaizkio olibak gustatzen. Baina katu bat daukate anaiak eta Marinak, eta katuari bai, katuari olibak gustatzen zaizkio. Niri gauza bera esaten dit beti Marinak, pertsianak goraino igo behar ditudala etxean, ez dela naturala guztia hain ilun. Otsailetik hona ez ditut pertsianak igotzen.

"Euria, euria eta funerariak, besterik ez zure buruan". "Eta globo aerostatikoak", esaten dut nik.
Rutonek ez du ezer esaten nire usainari buruz, baina nabaritzen da ez zaiola gustatzen.
Esaten diot euria egiten duenean eskelak apurtu egiten direla eta lurrera jausi eta tristea dela hori.

Etxea amarena da, baina asiloan dago ama. Oso lantzean behin ateratzen da ama asilotik eta etxera ez da inoiz etortzen. Ez zitzaion pertsianen kontua gustatuko. Ikusiko balu. Baina etxera ez da inoiz etortzen.

Marinak bakailaoak baino mami gutxiago du eta badago beste gauza bat beti esaten didana. Esaten dit ez naizela euriarekin obsesionatu behar.

MARTIN

Martin da gure osaba bat. Martinen andrea Martine da. Kasualitate handia da hori, baina osabari Katilu esaten diote eta ez dago problemarik, Martine eta Katilu direlako izeko-osabak.

Osabak laurogeitazak urte ditu eta ez dauka lotsarik ezer esateko eta inori esateko. Eta funerariako jabeen laguna da, elkarrekin egon zirelako eskolan eta elkarrekin garbitu zutelako katu bat behin. Osaba Katiluri asko gustatzen zaizkio olibak eta esku batean hogeita hiru kabitzen zaizkio; hogeita hiru oliba hartu zituen behin gure aurrean. Hogeita laugarrena jausi egin zitzaion.

Lehengo batean galdetu zidan zertarako joaten naizen hainbestetan funerariara, Pedrok esan diola askotan joaten naizela funerariara. Pedro da funerariako jabeetako bat eta laurogeitazak urte ditu eta katu bat garbitu zuen behin osaba Katilurekin. Pedrori Zantiratu esaten diote.

Osaba Martin batelak konpontzen egoten da orain egun osoan. Lagunen batelak. Berak ez dauka batelik.

ANSO

Anso da nire anaia. Ansok barre handiak egin dizkit niri otsailetik hona. Nire usainari egiten dio barre Ansok. Esaten du antojua ematen diola nire usainak eta nigandik metro eta erdira jartzen da nirekin hitz egiteko. Esaten du piruleta usaina daukadala.

Esaten du Ansok globo aerostatikoak Matusalenen sasoikoak direla eta lehen abioia asmatu zenean erre behar izan zituztela guztiak.

Ansori bai, Ansori asko gustatzen zaizkio olibak, niri bezala. Ekonomista da Anso, baina ez du ulertzen euriarena. Esaten du: "Euria, euria eta funerariak, besterik ez zure buruan". "Eta globo aerostatikoak", esaten dut nik. Eta gero euriarena eta funerariena azaltzeko ahalegina egiten dut, baina ez didate ulertzen. Ez anaiak, ez Marinak, anaiaren andreak. Azaltzen diet funerariako langileak konbentzitu behar ditudala euriaren kontra, baina ez dute ulertzen.

Anaiak seme-alaba bi dauzka eta auto bat luzea eta etxe bat 127 metrokoa urbanizazio urdin batean. Marina ere, Ansoren andrea, urdinez jantzita egoten da beti.

ESTEBAN

Esteban da nire lagun handi bat, globo aerostatikoen saioetara laguntzen didana. Olibak ez dakit gustatzen zaizkion. Ez ditugu elkarrekin jan.

Estebanek erdizka ulertzen ditu nire azalpenak, funerariei eta euriari buruzko nire azalpenak. Baina ez dit esaten obsesionatuta nagoela edo zoroa naizela edo bakean uzteko funerariako langileak. Anaiak esaten dit "Zoroa zara, Ezequiel" eta burua mugitzen du alde batetik bestera. Estebanek ez; Estebanek ez du burua mugitzen eta erdizka ulertzen ditu nire azalpenak edo itxurak egiten ditu, ulertuko balitu bezala.

Zuri-zuria da Esteban azalez eta argala ere bai. Eta otsailetik hona zuriago dago eta argalago. Udaberriarekin gertatzen zaio beti. Txarrera egiten du Estebanek udaberriarekin. Gure etxean eroso egoten da pertsianak altxatu barik egoten direlako. Olibak erosiko ditut hurrena datorrenerako.

Estebani teilatu berdeak gustatzen zaizkio asko.

DON SILVESTRE

Don Silvestre da parrokiako abadea. Gure familiaren lagun handia da don Silvestre, amak mezatarako arropak plantxatu zizkiolako behin.

Askotan ikusten dut nik don Silvestre paseatzen; gure kaletik paseatzen du asko don Silvestrek. Besoa sorbalda gainetik pasatzen dit niri eta esaten dit: "Gauza naturala da euria, Ezequiel. Ez arduratu horrekin. Zenbat minutu ematen dituzu otoitzean, Ezequiel?"

Amak esaten du hiru erloju ibiltzen dituela don Silvestrek beti. Eta esaten du amak olibak baino gehiago gustatzen zaizkiola magurioak.

Otsailetik hona ia egunero ikusten dut don Silvestre.

INES

Ines da nire loba. Anso eta Marinaren alaba da Ines. Euritarako botak gustatzen zaizkio Inesi eta pernilaren kolorea. Esaten du ez dagoela kamisetarik edo prakarik edo jertserik pernilaren kolorekoak.

Nire etxera etortzen denean izututa egoten da Ines, pertsianak itxita daudelako eta ez delako euria ikusten edo eguzkia edo autoak. Esaten dit: Zabaldu apur bat, osaba. Batzuetan Ezequiel esaten dit Inesek, baina asko kostatzen zaio, hiru silabakoa delako nire izena eta berea bikoa.

Oliba bat jaten ikusi nuen Ines behin, eta miseria aurpegia jarri zuen.

Ines da nire usainarekin konforme dagoen bakarra. Amari esaten dio nire moduko usain bat nahi duela berak, perfume batean. Amak urdinez janzten du Ines ia beti, ez bada amamak edo izekok edo lagunen batek beste koloreren bateko arropak oparitzen dizkionean; demagun berdeak edo demagun krema kolorekoak.

Inesek esan dit euria bota duela asko goizean eta karramarro bat ikusi duela etxeko patioan. Ni konturatu naiz otsailetik hona besterik ez duela egin: euria.

RUTON

Ruton da pertsona bat. Pertsona bat kaletik asko ibiltzen dena eta jendearekin asko hitz egiten duena. Nirekin asko; orduak egin ditu nirekin Rutonek. Kalean beti, hori bai. Sekula ez dut Ruton etxe baten barruan ikusi. Kalean beti Ruton.

Rutonek bizarra dauka eta sandalia pareak hiru-lau. Horregatik ez zaio euria gustatzen. Horretaz hitz egiten dugu askotan. Globo aerostatikoen saio batean ikusi nuen behin.

Rutonek galdera bat egiten dit beti: Konbentzitu dituzu funerariakoak, ala? Nik ezetz erantzun behar diot, baina gutxi falta zaidala. Esaten diot aspertuko direla azkenean eta arrazoia emango didatela, ni gehiago ez entzuteatzearren baino ez bada ere.

Rutonek eskelak zenbatzen ditu niri laguntzeko. Lehengo egunean esan zidan hemeretzigarrena ikusi zuela, lurrean, modu txarrean botata, bustita. Hori da euriarekin gertatzen dena: eskelak hormatik jausi eta lurretik barreiatzen dira. Kontuak atera, hiru astetan hemeretzi eskela ikusi ditu Rutonek lurretik, bustita.

Urtu egiten da eskelen tinta batzuetan. Eta jartzen du eskelan: "Zure ahiz##k eta zur# sem#-##abak...". Eta jartzen du gero: "Hilet# el#zkizu#a #etan izan#o da, S## Nico#as elizan." Eta euriak egiten du hori guztia. Eta funerariako langileak ez dira konturatzen, edo ez dute konturatu nahi. Euriak hormatik botatzen ditu eskelak eta lurretik barreiatu. Eta zer da seme batentzat aitaren eskela lurretik ikustea, bustita, aitaren argazkiarekin igual. Baina funerariako langileei berdin die horrek.

Rutonek ez du ezer esaten nire usainari buruz, baina nabaritzen da ez zaiola gehiegi gustatzen. Jubenilen futbol partiduetara joaten da Ruton asko, lehengusu baten semeak jokatzen duelako.

ANGUSTIAS

Angustias da izeko Angustias. Gure izeko-izekoa ere ez da; amaren lehengusina da izeko Angustias. Baina izeko Angustias esaten diogu guk. Inesek amama Angus esaten dio eta amak Angusti. Eta ohitura bat dauka izeko Angustiasek: urtero-urtero egun oso bat pasatzen du gure etxean. Ama etxean bizi zenean egiten zuen eta orain ere bai. Baina ez da beti egun berean etortzen. Ez da etortzen Gabon zahar egunean edo San Inazio egunean. Okurritzen zaionean etortzen da izeko Angustias etxera eta zoratu egiten nau apur bat. Pertsiana guztiak altxatzen dizkit egun horretan.

Izeko Angustiasek tonaka erosten ditu olibak. Uste dut hortik hartu dugula guk afizioa.

Bastoia ibiltzen du izeko Angustiasek eta uste du funerariakoek jartzen dituzten eskelak besteenak direla beti.

ERRAMUN

Erramun da nire beste lagun bat, handia. Birritan baino ez da etorri nirekin globo aerostatikoak ikustera. Esaten du: Behin ikusita, guztiak ikusita. Hori esaten du. Baina badaki ez dela egia. Gertatzen dena da asko kostatzen zaiola Erramuni ohetik altxatzea eta siestatik altxatzea eta edozer egitea. Olibak ez ditu jaten hezurra daukatelako.

Arduratuta dago Erramun funerarian ez didatelako kasurik egiten. Asko arduratzen da nirekin Erramun. Esaten du hiru-lau txalorekin konpontzen dela hori. Funerariako langileren bat paparretik hartu eta gauzak garbi esatea dela kontua. Esaten dit bera joango dela funerariara nire partez eta berak hartuko duela funerariakoa paparretik eta berak esango dizkiola gauzak garbi. Nik hala nahi badut, hala egingo duela berak. Asko arduratzen da Erramun nirekin. Batez ere otsailetik hona.

Alkandora gehienak dauzka Erramunek tomatez zikin eta ingeniaria da eta askotan esaten dit "Ai, Ezequiel, Ezequiel". Eta "Ezequiel" esaten duenean kantatu egiten du, eta doinu atsegina da Erramunek egiten duena.

GASPAR

Gaspar da funerariako langilea. Langile gehiago dago, baina Gaspar egoten da batez ere. Tanatorioetara sartu eta beti egoten da Gaspar. Loreekin askotan. Loreak eramaten ditu Gasparrek batetik bestera. Batzuetan piruleta usaina izaten du Gasparrek, baina hori ez da loreena izaten.

Beste askotan funerariako bulegoan egoten da Gaspar. Eta bulegora sartzen naiz ni zuzen Gasparrekin hitz egin nahi dudanean. Eta ia egunero izaten da hori. Ia egunero hitz egiten dut nik Gasparrekin eta euriarena esaten diot. Esaten diot euria egiten duenean eskelak apurtu egiten direla eta lurrera jausi eta zikindu eta gauza tristea dela hori, hildakoarentzat eta familiarentzat. Eta esaten diot euria ari duenean ez dutela eskelarik ipini behar eta hildakoa tanatorioan gorde behar dutela, egun pare batez edo hiru egunez edo bederatzi egunez, behar dena, harik eta euria atertu arte. Eta atertzen duenean atera behar direla funerariako langileak eskelak ipintzera eta orduan egin behar dela elizkizuna.

Gasparrek esaten dit ezinezkoa dela hori, ezin dela hainbeste hildako gorde. Esaten dit hildako pilaketak egongo zirela horrela, herri handia dela hau, jende asko hiltzen dela astean. Beti esaten dit gauza bera. Eta arrazoia dauka; hildako guztiekin ezin da hori egin. Baina batekin bai. Horregatik joaten naiz ia egunero funerariara: nirekin egiteko. Esaten diot Gasparri salbuespen bat egin dezaketela nirekin hiltzen naizenean eta tanatorioan gorde atertu arte. Gasparrek ez dit erantzuten. Esaten dit ni baino askozaz lehenago hilko dela bera eta gazteago bati eskatzeko halako gauzak.

Egia esan, ni baino askozaz zaharragoa da Gaspar. Eta Amerikako indiarren gezi moduko bat ibiltzen du beti ahoan, zigarroa balitz bezala.

FERMIN

Lehengusua da Fermin. Ferminek zera esan zidan behin: "Urteko egunen %27 baino gehiago euritsuak dira hemen."

TOMAS MERRIL

Tomas Merril da funerariako langile berri bat, gaztea. Izena eta abizena ikasi dizkiot paparrean eramaten dituelako beti, plastiko beltz batean, letra zuriz. Gasparrek sekula ez du halako plastikorik erabili paparrean eta ez dakit zein den Gasparren abizena.

Lehengo egunean ezagutu nuen Tomas Merril, otsailean, funerariako bulegoan. Gasparrekin hitz egitera sartu nintzen ni bulegora, baina jakin nuen bajan zegoela, min handiak zituela sudurrean eta haginetan. Pentsatu nuen aukera ona zela hura Tomas Merrilekin hitz egiteko eta euriarena kontatzeko. Pentsatu nuen egunen batean Tomas Merril izango zela funerariako arduraduna eta modu desberdinean antolatuko zituela gauzak. Eta kasu egingo zidala beharbada.

Neure burua aurkeztu nion Tomas Merrili. Esan nion "Ezequiel Oras" eta bostekoa eskaini nion. Baina Tomas Merrilek ez zuen burua paperetatik altxatu eta esan zuen: "Laugarren gelan." Eta ni harritu egin nintzen eta esan nion: "Laugarren gelan, zer?" Orduan bai, orduan altxatu egin zuen burua, eta begiak zituen gauza gorriz beteta, eta urdinak ziren, eta esan zidan: "Ezequiel Oras: laugarren gelan dago Ezequiel Oras."

Eta laugarren gelara joan nintzen eta egia zen: hantxe nengoen ni, armairu laukizuzen batean etzanda, familiakoak inguruan. Eta lagun batzuk ere bai: Erramun eta Esteban. Eta otsailetik nago hemen etzanda, familiakoak inguruan. Esaten du osaba Martinek euria goian-behean dela, bota ahalean. Eta otsailetik dagoela horrela.

Umeak ere ekartzen dituzte batzuetan hona; Ines batez ere, Anso eta Marinaren alaba.

AMA

Hor ezkerrean jesartzen dena da ama. Asiloan dago, baina egunero etortzen da.

NEGARREZ ARI DENA

Negarrez ari dena ez dakit ondo nor den. Uste dut amaren lagun bat dela. Ez dakit zelan deitzen den.

DON SILVESTRE

Parrokiako abadea da don Silvestre. Uste dut lehen ere esan dudala. Asko estimatzen du gure familia don Silvestrek, amak mezatarako arropak plantxatu zizkiolako behin. Uste dut hori ere lehenago esan dudala.

PAULO

Gure beste lehengusu bat da Paulo. Tanatoriora etorri eta esan du irratian entzun duela atertu egingo duela bihar eta hiru egunez egongo dela ateri eta arin ipini behar direla eskelak eta arin egin behar dela elizkizuna. Oso pertsona nerbiosoa da Paulo eta horregatik dago hain argal.

Paulok dauka errekorra familian: osaba Martinek esaten du minutu batean 27 oliba jateko kapaz dela Paulo.

Unai Elorriaga

2001ean 'SPrako tranbia' lehenbiziko eleberria argitaratu zuen. Baina irakurle gehienek ez zuten 2002. urtea arte ezagutu, orduan irabazi baitzuen Unai Elorriagak (Bilbao, 1973) Espainiako Narratiba Sari Nazionala. Hainbat hizkuntzatara itzuli ondoren, nobelaren bertsio zinematografikoa prestatzen ari dira.

Himalayako gailurretarantz abiatu nahi zuen agurearen istorioan erakutsi zituen idazle gisa bereizten duten dohainak, bereziki errealitatea eta fantasiaren arteko zubiak eraikitzeko berezkotasuna. Ezaugarri horiek nabarbenak dira baita ere 2003an argia ikusi zuen 'Van't Hoffen ilea' nobelan. Ziur aski, XX. mende hasierako idazleei zor die, hein batean, literatura ulertzeko modua, haien iturrietatik edan baitzuen idazle profesionala bilakatu aurretik.

Algortarra bihotzez eta "kasualitatez" Bizkaiko hiriburuan jaioa, itzultzailea izan da eta hainbat komunikabidetan kolaboratzen du.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_