Poesian sinesten dut
Denbora asko, bosturteko gehiegi pasatu ditut iluntasunik beltzenean, baina argia heldu da, azkenik, nire bihotzera. Oker nengoen, eta haiek zuzen: poetak alegia. Asko izan dira nire hutsez kontziente egin nadin saiatu direnak, eta lortu dute azkenean. Bai, damu naiz poeten eta poesiaren aurka (barkatu, Poesiaren aurka) inoiz bota izan ditudanez: dohakabea ni. Baina, esan ohi denez, jakintsuen ondarea da errektifikatzea, eta heldu da nire zor guztiak kitatzeko ordua. Horregatik, eta Nerudaren milurteurrenaren ospakizunen inguruko sukar poetikoa aprobetxatuz, aldarrikatzen dut hemendik aurrera kredo bakarrari eutsiko diodala, umilki: Poesiaren Kredoari hain zuzen ere. Hona hemen:
1.-Sinesten dut poeta dela Traszendentziaren eta gizaki xumeon arteko zubia; ez agian zubi bakarra, baina bai zabalena, zorrotzena eta zuzenena. Egia da, poeta gehienek apaltasunez onartzen duten bezala, guztiok daramagula poesia gure baitan, baina egia da, halaber, soilik gutxiengo pribilegiatu batek lortzen duela barneko hazi hori garatzea (eskerrak). Iritsiko da egun zoriontsua zeinetan denok izango baikara poetak, baina bitarte luze horretan...
(Sinesten dut, sinesten dut).
2.-Sinesten dut, aurrekoagatik hain zuzen ere, poetak izaki bereziak direla: sensibleagoak, argiagoak, hobeak; arbuiatuko ditut, hemendik aurrera, dibisa bihurtu nituen Nicanor Parraren hitz haiek: "Gure arbasoek ez bezala / -eta errespetu osoarekin diot hauxe- / guk diogu / poeta ez dela alkimista / guztiok bezalako izakia dela poeta". Poeta batekin ez dago haserretzerik lan-hitzarmen batean huts egiten badizu. Izan ere, zuk zeuk eskatu beharko zenioke barkamena: eta zure eskaera lurtarrekin destorbatu baldin baduzu, Egiarekin lotzen duen hari hauskorra eteteraino, une batez sikiera? Hori bai litzatekeela larria.
(Sinesten dut, sinesten dut).
3.-Sinesten dut Poesia dela literaturaren genero guztien artean nagusiena, eta hala izan dela Atapuerkako gure arbaso hark lehenengo bertso-lerroa ondu zuenetik, zortziko handian ala txikian izan ote zen ez dakigun arren (oraingoz behintzat). Are gehiago: literatur generorik gorena ez ezik, Artearen espresio nagusia da Poesia, zeren eta, zer gara gizakiok, Hitza ez bada? Eta zein da Hitzaren espresiorik behinena? Poesia, noski.
(Sinesten dut, sinesten dut).
4.-Sinesten dut, are gehiago, poesia ez dela literatura ere, zerbait handiagoa baizik: bizitzaren kontzientzia da poesia; bizitza bera, azken batean. Poesiak ez du zer ikusirik nobelagileek edo ipuinlariek eraikitzen dituzten artifizioekin. Jorge Riechmannek dioen bezala: "Poesia idazteak ez du zer ikusirik literaturarekin. Badu zer ikusia elikadurarekin eta badu zer ikusia askatasunarekin". Alajaina!
(Sinesten dut, sinesten dut).
5.-Sinesten dut, poeten antzera, bereziak izan behar dutela baita poema liburuek ere: Poesia ez bada literatura, nola konformatuko da literatura-lan gehienen hil-oihala den liburu normalen forma xumearekin? Poesia liburuek, derrigor, zainduagoak izan behar dute, paper berezian inprimatuak, letra-tipo eta azal dotoredunak, meheagoak; meheagoak, batik bat.
(Sinesten dut, sinesten dut).
6.- Sinesten dut Poesia ez dela buruarekin idazten, idatzi ohi diren gauza gehienak bezala, bihotzarekin, giltzurrunekin edo are biszera ezkutuago eta ilunagoren batekin baizik. Buruarekin idazten den poesia ez da Poesia, Poesiaren itxura baizik; onenean, prosa poetiko hotz eta nanoa lortzen da bide horretatik. Existituko bada, erraietatik sortuko da Poesia.
(Sinesten dut, sinesten dut).
7.-Sinesten dut poetak eta Poesia bidegabeki baztertuak izan direla azkeneko urte hauetan zehar. Eta poetek ez dutela horretan inolako ardurarik: merkatuaren indarrak eta materialismo zikina izan dira Poesia urrundu dutenak kulturaren liburuaren lehenengo orrialdeetatik, nobelaren, zinemaren eta telebistaren mesedetan. Eta badela ordua bere lekua berreskura dezan.
(Sinesten dut, sinesten dut).
8.-Sinesten dut ez dagoela poema txarrik: Poesia bada, ezin da txarra izan. Horren gainetik dago: Poesian, Olinpiadetan bezala, garrantzitsuena parte hartzea baita. Izan ere, berdin dio olerki bat ulergaitza iruditzen bazaizu (berriro irakurri), ulertezina (ez dakizu nahikoa), pinpirina (ez duzu sentikortasunik), astuna (zu bai astuna!): Poesia da, eta kitto. (Sinesten dut, sinesteeen duuuut).
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.