Sinesmenaren azken txingarra
San Joan suek antzinako tradizioaren oroimena dakarkigute, baina "jatorrizko jaiaren aztarna" baino ez omen dira
San Joan heldu da, eta ohiturari jarraituz, asteazken arratsaldean, sua urtaro-aldaketaren protagonista bihurtuko da. "Gaur egun, sua da jatorrizko ospakizunetik iritsi zaigun osagai bakarra, baina suaz gain, urak eta basoko landareek ere garrantzi handia izan zuten udako solstizioko jai honetan", azaldu du Juan Garmendia Larrañaga antropologoak.
Sanjoanetako suak eta honen errautsek urte osoko asmo gaiztoak uxatzen laguntzen zuten, baina goiztiriko ihintzaz edo erreka batean bainatzea sendabide ezinhobea izaten omen zen larruko gaixotasun batzuei erremedioa emateko.
"Arantzako San Juan Xar baselizan eta Nafarroako mendialdean, eutsi egin zaie orain arte iturri dontsuen eta uraren inguruko errituei, eta etxeko hildakoen gorpuak garbitzeko Donibane gauean bildutako belar onak erabiltzen zuenik ere ezagutu dut", esan du Garmendiak.
Euskal Herriko zenbait lekutan, bestalde, eten edo herniaren bat zuten umeak sendatzeko, Joan izeneko hiru gizon haritz baten inguruan bildu eta "har ezak, Joan" eta "ekar ezak, Joan" esanez eta umea zuhaitzeko adar nagusien artean pasaraziz, etenak behin betiko desagertuko zirela uste zuten. "Ohitura horiek guztiak betiko galdu dira, eta gaurdaino ez zaigu iritsi jaiaren eskeletoa baizik", adierazi du ikerlari tolosarrak.
Inork ez daki zehazki nondik datorren jai hau, baina kristauen santu bataiatzaileari atxiki aurretik, badirudi antzinako euskaldunek ere erritu bereziak antolatzen zituztela udaburua -udako solstizioa- ospatzeko. "Euskal Herrian oraintsu arte mantendu diren erritu gehienak bat datoz zeltek udako solstizioari begira antolatzen zituztenekin; alde horretatik, kristautasunaren aurreko ospakizuna dela esan genezake", ziurtatu du wicca tradizioko sorgin Helena Ortiz bilbotarrak.
Naturaz gaindikoak
Euskal Herrira etorritako lehen misiolari kristaua, San Amando izenekoa, miretsita geratu omen zen VII. mendean ikusi zituen aztien naturaz gaindiko ahalmenez. Erroma zaharreraino iritsi omen zen azti haien oihartzuna, Elio Lanpridioren IV. mendeko izkribuek diotenez.
Erdi Aroan ere, antzinateko sinesmen haren aztarnarik aurki dezakegu. Alfontso I.ak, Borrokalaria goitizenaz ezagutzen zen Iruñea eta Aragoiko erregeak, bele eta miken hegaldiei so egiten omen zien XII. mendean guduari ekin baino lehen. Eta Cid Campeador-en biloba eta Rikardo Lehoibihotza-ren koinatua izan zen Nafarroako Antso VII.a erregeak ere, herri sinesmen horien eraginez aukeratu ei zuen arrano beltza errege-ikurtzat ehun urte geroago.
Garai hartakoxeak dira Gilermo Tuterakoa apaizak gaskoierazko Cansó de la Crozada poeman Erdi Aroko sineskeria giroa deskribatzeko idatzi zituen hitz hauek: "Antzina ikasitako geomantziaz jakin zuen herria suntsitu eta erraustu egingo zutela, hain izan zen handia sustatu zuten sineste zoroa".
Fedearen ikuspegitik, Erdi Aroa heterodoxia handiko sasoia izan zen. Antso III.aren garaian, esate baterako, Iruñeko Erresumaren mugen barruan kokatuta zegoen Jacako San Juan de la Peña monastegi beneditarra kristandade osoko erromesen helmuga bihurtu zen, Jesukristoren azken afariko kaliza hantxe gordeta zegoela zabaldu baitzen.
Kristautasunaren aldeko sineskeria hauen aldean, Erdi Aroko europar gizarteko estamentu guztiek antzinako usarioei eutsi zieten luzaro. Nafarroako Joan printzearen bat-bateko heriotzaren ondoren, Iruñean egundo ez bezalako epaiketa antolatu zen 1308. urtean; eta auziperatuen eserlekuan, nor eta Iruñeko apezpikua eserarazi zuten, sorginkeriaren arte gaiztoak erabili izanaz akusaturik.
Orduko arkitekturak ere testigantza paregabea eskaintzen digu Erdi Aroko pentsamoldeaz, hala nola, Trebiñoko San Pedro eliza erromanikoko atariaren arkibolta batean ageri den zodiakoak. Antza denez, garrantzi handiko erabakiren bat hartu aurretik, oso gauza normala zen orduan erregeek astrologoengana jotzea kontseilu eske.
Alabaina, astrologo eta aztien ahaleginek ez zuten lortu historia geldiaraztea, ezta Michel Nostradamusek ere, zeinek, Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege bihurtuko zela iragarri baitzuen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.