Ir al contenido
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Mugaz gaindiko heziketa

Iparraldeko 32 ikaslek selektibitate azterketa egin dute, datorren ikasturtean EHUn ikasteko asmoaz

JOSE LUIS ARGIÑANO

Azterketa garratza da, berez, selektibitatea, barrenak nahasten dituenetakoa, urduritasunak eta egonezak direla. Are gehiago kilometro mordoxka bete eta etxetik kanpo lo egin ondoren. Halaxe agertu da aste honetan proba honetara Iparraldeko neska-mutil tropela. Frantziako eskola-sarean bete dute batxilergoa, hori bai, euskaraz, eta datorren ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) espero dute egotea. Euskara dute ama-hizkuntza, frantsesez ere bizi dira eta gaztelaniaz nola edo hala moldatzen dira gehienak, bakar batzuk larri badabiltza oraindik.

Jaurlaritzak eta UNEDek (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala) sinaturiko akordioari esker, Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako gazteek aukera izan dute selektibitatea Euskal Autonomia Erkidegoan eta euskaraz egiteko, EHUn matrikulatzeko asmoz. Iaz arte, espainiar unibertsitateetan ikasteko atzerritar guztiek erdaraz gainditu behar zuten azterketa UNEDen. Iparraldekoak Pariserainoko bide luzea egitera behartuak ziren, Espainiako enbaxadara, zehazki, eta azterketa gaztelaniaz egin behar zuten, gainera, nahiz eta ikasketak euskaraz eta frantsesez egin dituzten.

EHU eta UNEDen ekimen honek bigarren urtea bete du. Iazkoan hamaika gazte aurkeztu ziren selektibitatea euskaraz egitera. Aurten, 32 ikaslek eman dute izena, horien artean Baionako Etxepare lizeoko 12 neska-mutilek.

Asteazken eta ostegun goizean egin dira azterketak. Amaitu ostean, zapore gazi-gozoa zuten ikasleek. Galdera zail samarrak topatu omen zituzten, nahiz eta gehienak itxaropentsu ziren, batez ere gelatik irten, minutu batzuk igaro eta arnasa lasaitu ondoren iribarrea ageri zitzaienean. Nerbioak alde batera utziz, iazko esperientzia zuten gogoan. Izan ere, Iparraldetik Hegoaldera selektibitatea egitera etorri ziren guztiek gainditu zuten azterketa. "Lagun guztiek gainditu zuten, eta gustura dira orain EHUn ikasten". Halaxe dio Intza Aldana ikasle lapurtarrak. Gizarte-zientziak ikasi nahi ditu Gasteizen eta pisu bila dabil dagoeneko. Ez du dudarik egiten muga gainetik jauzi egin eta Hegoaldean izango dela datozen urteetan.

"Guk, ikasleok apurtuko ditugu mugak, guretzat ez dago alderik, Hegoaldean zein Iparraldean, berdin zaigu". Hauxe Patxi Bidarten gogoeta da. Baigorrikoa sortzez, Patxik uste du estatuen mugak ezarritako distantziak indarra galdu duela. Sinetsita dago enbarazorik gabe biziko dela Arrasaten, ingeniaritza teknikoa ikasteko asmoa baitauka Mondragon Unibertsitatean. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea liburua dauka gau-mahaian eta trinketea baino nahiago du eskuzko pelota jokoa.

Maitena Salaberrik ere harridura aurpegia ipintzen du lapurtarren eta gipuzkoarren arteko diferentziaz galdetzen bazaio. "Nahiko berdinak garela iruditzen zait", dio. Aipatu behar da Portugaleten selektibitatea egin duten ikasleen erdiek sendia dutela mugaz bestaldean eta hortik datorkie lotura sendoa lurralde horrekin; gaztelania ere ikasi dute gehienek. Batxilergoan zehar, espainiera ikasgaitzat eman dute eta hizkuntzaz gain Espainiako historia ere landu dute; gainera, Euskal Herriko historiaz jakitun direla diote. Ikasle honek gaurko igandea Donostian pasatuko du, arratsaldean telebistari begira, Xala pelotaria buruz buruko txapelketa irabazten ikusteko irrikaz.

Beraien unibertsitatea

EHUko ate joka diren gazte hauek ez diete beldurrik mugei, berea sentitzen baitute unibertsitate hau, eskubide osoz, horregatik ez dute kexatzeko beldurrik edo lotsarik: selektibitatearen matrikula 112 euro ordaindu dute eta gehiegi irizten diote, kontuan hartuz bezperan etorri behar izan zutela goizeko bederatzietan puntu- puntuan Portugaleten izateko. Batzuek sendikoen etxeetan egin zuten lo; beste askok, inguruko gazte-ostatuetan. "Ez dugu inongo laguntzarik; hala ere egia da Parisera joatea garestiago zela", aitortzen du ikasleetako batek

Denboraz ere ez dira soberan ibili. Datorren astean bertan baxua azterketa dute, Iparraldeko selektibitatea, eta ezinbestekoa dute hau ere gainditzea EHUn ikasteko ametsa bete nahi badute. Honela, pentsakor alde egin zuten Portugaletetik, proba bukatu ondoren, azterketaren nondik norakoak mintzagai, euskaraz batzuk, frantsesez beste batzuk.

Archivado En

_
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_