Nick Drake Playa Negran
Duela urte gutxi batzuk jabetu nintzen Nick Drake kantariaren existentziaz, literaturtasun asko ez daukan bide batetik: Volkswagen etxeko auto baten iragarki baten soinu-bandaren bitartez. Doinua, folk-pop nahikoa estrainiokoa, erraietaraino sartu zitzaidan, eta ez nuen atsedenik hartu kanta hura norena zen jakin arte.
Britainiarraren karrera laburra izan zen: 1948an jaioa, 1974an hil zen, bere buruaz beste eginez, antza. Hiru disko besterik ez zituen argitaratu: Five leaves left, Bryter layter eta Pink moon. Bere garaian ez zuten arrakastarik izan: Drakeren musikak, delikatua eta iluna aldi berean, ez zirudien garai haietarako egina. 90eko hamarkadan, ordea, "modan" jartzen hasi zen, eta bere eragina nabarmena da egungo musikari dezenteeengan. Hori gutxi balitz, Elvis bezala, bizirik ikusi izan duela dio batek baino gehiagok: mito kategoriara heltzen ari denaren frogarik argiena. Egun pop-rock-eko diskorik onenen zerrenda ia guztietan aurki dezakegu Drakeren bat. Justizia poetikoa krudela da, askotan: arrakasta falta izan omen zen, besteak beste, suizidiora eraman zuen arazoetako bat.
Jed Stauffer telebistako iragarkien jenioak How to Become a Publicity Star bere oroitzapen-liburuan azaltzen duenez, depresio eta kreatibitate ezako garai batetik pasatzen ari zela, New Yorketik ihes egitea erabaki zuen. Kadizeko kostaldera joan zen, eta hango leku apartatu batean hartu zuen ostatu, Playa Negran. Ez zen toki turistikoa: hondartza harritsua, hippien garaian iritsitako artista-komunitate txiki baten azken mohikanoak, eta hurbilegi itsasoratzen zen kolektore kiratsu bat. Bebarru bat merke alokatu eta han pasatu zituen hilabeteak Staufferrek, ezer egin gabe.
El Pescador delako tabernan xahutzen zituen gauero pare bat ordu, zerbezak edaten. Asterik behin-edo gizon bat agertzen zen hara, ile luze urdineko gitarra-jole aguretu bat, eta hamar bat kanta jotzen zituen bezeria ez-axolatiaren aurrean. Stauffer liluraturik zegoen, ordea, ezeren antzik ez zuen musika hauskor harekin. Tabernariak ez zekien kantariari buruzko gauza handirik, eta kantaria, bestalde, ez zen oso hiztuna, ezta bereziki atsegina ere: edateko gonbitak onartu zizkion Staufferri, baina ez zien sekula erantzun zuzenik eman; garbi atera zuen gauza bakarra izan zen azentu ingelesa zuela.
Kanta haietako batek habia egin zuen Staufferren gogoan: "I saw it written and I saw it say / pink moon is on its way / and none of you stand so tall...". Eta kanta horren bitartez inspirazioa itzultzen hasi zitzaion, eta laster ikusi zuen iragarki berri bat, auto batena, berdin zion zeinena, eta are kanpainia oso bat ere. Kantaria El Pescador-era agertu zen hurrengoan, han zen Stauffer bere walkmanarekin, emanaldia grabatzeko prest.
Biharamunean bere erretiroa amaitu, eta NYrako bidea hartu zuen. Besoak zabalik hartu zuten publizitate agentzian: Volkswagenen kanpaina baten enkargua zuten esku artean eta ez zekiten nola bideratu. Bere ideia azaldu zien Staufferrek, eta lanari ekin zioten.
Jingle-ak egiteaz arduratu ohi zen musikariak ohartarazi zuen zintako kanta hura ez zen originala, Nick Drakek aspaldi grabatutakoa baizik. Biharamunean ekarri zion diskoa, eta binilo zaharrak ateratzen zituen kraskak gora-behera, Staufferrek ez zuen dudarik izan: ahots hura Playa Negrako kantariarena zen. Edonola ere, eskubideak ordaindu, eta iragarkian erabili zuten. Iragarkiak arrakasta izan zuen AEBn, eta Drakeren zenbait CD gehiago saltzeko balio izan zuen; besteak beste, neuk erosi nituenak.
Liburuko atalaren amaieran, Staufferrek aitortzen du norbait bidali zuela Kadizera kantariaren bila baina, jakina, ez zuela haren arrastorik topatu.
Ezta nik ere, Aste Santu honetan hara egin dudan bidaian. Izan ere, kolektorea pare bat milia urrunago itsasoratzen da egun, hippien etxolak omen zeuden lekuan apartotel txiki bat dago, eta El Pescador tabernak ez du jadanik izen hori, The Loft baizik.
Ez nintzen ordu laurdenez luzatu han. Nire Volskwagen Golf-aren motorra piztu, eta ziztu bizian egin nuen alde handik.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.