Erdipurdikeria
Ez da gaurkoa. Betikoa bizik. Batak daukana, besteak falta; batak sobera daukana, besteak sobera eskas. Mundua mundu denez geroztik. Aspaldiko Xenofanes, poeta bera, alegia erresumindua, grekoz kexatzen baitzen, jokoetan irabazten zutenei ohore gehiago eta ederragoak eskaintzen zitzaizkiela, berari baino.
Gaur egun ere indarra duenak ez du, gehienetan, jakinduria handirik, baina, jakinduriak indarra mendean hartu ezin duenez, indarrak hartu du jakinduria bere altzoan: indarraren jakinduria, beraz, eta ez, ederragoa litzatekeena, jakinduriaren indarra. Gogoratzen naiz euskal alderdi baten leloaz: "arrazoiaren indarra". Indarra arrazoiaren eskutik nahi zuten, horixe bailitzateke onena; baina berehala konturatu ziren, edo konturatzera bultzatu zituzten, arrazoiak ez duela ahalik indarra makurrarazteko, eta indarrak bai, ordea, arrazoia bereganatzeko. Antzeko ustea zuen Pascalek XVII mendean: "Zuzentasuna indartu beharrean, indarra bihurtu dute zuzentasun, zuzentasuna eta indarra elkarrekin joan zitezen eta bakea nagusi dadin, on nagusia baita." Bakea, on nagusia, ados, baina benetako bakea ote zuzentasuna indarrari makurtzea?
Autoritateaz eta botereaz antzeko gogoetak egin daitezke, autoritatea bat baita, eta boterea bestea. Autoritatea duenak ez du beti botererik, eta boterearen jabeak gutxitan du autoritaterik. Honakoan ere, autoritatea eta boterea biak eskutik joatea litzaiguke ederrena, baina oso gutxitan gertatzen da. Autoritatea botereari makurtzen zaio eta boterea autoritatez janzten da, eta botereari bere autoritatea ematen dionak arropa ederrak eta ikusgarriak janzten ditu, egunkarietan eta telebistako programetan azaltzen hasten da, ospetsu bihurtzen da, eta haren bizitza soziala bizia da, eta aberasgarria oso, dirutan noski, eta horregatik zuritzaile eta balakatzaile ugari hurbiltzen zaizkio. Botereak erabiltzen dituen itxurak eta moduak hartzen ditu kanpotik, eta boterea dela ere iristen da sinestera, izan gabe; baina botereak autoritatez aldatzea erabakitzen duenean, botererik gabe, lehen autoritatea zuenak bere burua aurkitzen du ezerezean amildurik, eta ez da gehiago azaltzen egunkarietan ez telebistako programetan, ez da ikusten dotore jantzita gizartean antolatzen diren hainbat ekintzatan, eta lehen harentzat hitz goxo eta leun besterik ez zutenek bazterrean uzten dute eta atzea ematen, eta horregatik, lehen errespetua bainoago, izua ziotenek, boterearekin bat eginik ikusiagatik, orain, autoritaterik gabe, ez diete erakusten ez izu eta ez errespetu, bekaitz beltza baizik. Ez baitago ezer okerragorik gaizki erabilitako autoritatea baino, eta autoritate diodanean adimena, jakinduria, zintzotasuna esan nahi dut, saldu behar ez liratekeen dohainak beraz.
Hala ere, bada beste ikuskizunik hori baino etsipengarriagorik. Eskastasunak gaina hartu du gure gizartean, erdipurdikeria nagusi da, boterearekin bat eginda baitago. Horren ondorio da gizartearen beraren konformismoa, bere burua erdipurdikotzat, mediokretzat, eskastzat duenak ez baitio tokirik egingo bera baino gehiago dela dakienari. Toki gutxi daude munduan, azaleko ustekeria eta ideologia, faltsukeria alegia, gora behera, Euskal Herria baino itxiago eta konformaerrazagorik. Goian dagoenak, dakienez, jakitez eta merituz ez dela berari dagokiona duen postu edo tokia, baizik eta badirela bera baino prestuagoak eta meritu handiagokoak, horregatik, egin beharrean bidea gizarteak behar duen erara mugi dadin eta gizarteko elementurik azkarrenak behetik gora ibil daitezen, oztopo eta traba besterik ez du jarriko, bere burua dagoenean goxo egon dadin betiko, betiko, betiko... Ez dago arlo bat bakarrik halakorik gertatzen ez denik. Gaitz horretatik ez da libratzen ez unibertsitatea ez literatura, ez arte ederrak ez musika. Aipa nitzakeen adibide garbi eta mingarriak, izen eta guzti, baina badakit era berean erresumindutzat joko ninduketela: poetatzat beraz.
Baina, nahi gabe ere, ohitzen gara egoerara, zuzena ez bada ere, erdipurdikeria maiteagoa dute benetako jakinduria baino; batez ere erdipurdiko eta badaezpadako direla dakitenek.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.