_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

"Trumoi" baten haurtzaroa

Gabriel Arestiren lagun eta senideek poetaren izaera egonezinaz mintzo dira haren jaiotzaren 70. urteurrenean

Gabriel Arestik 70 urte beteko zituzkeen datorren asteartean, 1975ean betiko abandonatu izan ez bagintu. Poetaren ingurukoek gerra osteko euskal kultura astindu zuen "trumoi" bat izan zela diote, polemikazale sutsua, Bilbo industrial hartako epelkeriak nekez jasaten zituena. Patuak ez zion aukerarik eskaini Gabriel Arestiri, Guggenheim efektua nagusi den garai honetan bere proposamen estetiko eta ideologikoak garatu ahal izateko, baina kontadore-poeta paregabe haren itzalak geure artean dirau, zutik.

Gabriel Aresti gertutik ezagutu zutenek grina eta bizizaletasuna bezalako hitzak erabiltzen dituzte poetaren izaeraz mintzatzerakoan. Urte askotan Arestiren adiskide izan zen Anjel Zelaieta idazle eta ikertzailearen esanetan, "Gabriel gizon dionisiakoa izan zen; deskubrimendu linguistikoren bat egin edo berak bezala pentsatzen zuen norbait ezagutzen zuenean, sekulako poza agertzen zuen, ez baitzekien disimulatzen".

"Bizirik balego, betiko izaera probokatzaileari eutsiko lioke", Anjel Zelaietaren ustez

Gaur egun bizirik balego, Arestik "betiko izaera egonezin eta probokatzaileari eutsiko liokeela" uste du Zelaietak.

Natxo de Felipe, Oskorri taldeko kidea eta idazlearen lagun mina, ez da ausartzen tankera horretako hipotesiak egitera. "Ziur nago, orduan bezain gizabera eta bihotz handikoa izango zatekeela", esan du.

Antzeko zerbait uste du Meli Estebanek, Arestiren alargunak. "Gabrielek polemikazale itxura ematen zuen kanpora begira, baina guztiz atsegin eta ulermen handikoa zen bere ingurukoekin", azaldu du.

Maldan behera, Harri eta herri eta Euskal harria poema-liburuen egilea jaio zen egunean, sirimiria zen nagusi Bilboko kaleetan. Tranbiak joan-etorrian zebiltzan etengabe Arriaga Antzokiaren inguruan, eta aterkiek asfaltoaren gainazala estaltzen zuten.

Larunbat arrunta izan zen hiriaren historian, baina oso egun gogoangarria Asunción Segurolarentzat: hirugarren semea ekarri berria zuen mundura. Aste batzuk geroago, Gabriel Maria izenaz bataiatu zuten Abandoko San Bizente elizan.

Aresti Segurola familiaren etxeko leihoetatik -Barroeta Aldamar kaleko 2an-, Bilboko

Udaletxea, itsasadarra eta Artxanda mendia ikusten ziren. Horiexek izan ziren, egunak joan eta egunak etorri, haur jaioberriaren begietan islatu zen lehen paisaiaren osagaiak.

Artxanda mendi hartan galdu zuten gerra gudariek, Gabriel lau urte bete hurran zelarik. Faxisten balek etxeko egongelaraino hedatu zuten suzko sirimiria.

Amak negar egin zuen egun hartan, eta negarrak urte asko iraun zuen, gerra osteko miseria larriek betiko ohostu baitzizkioten bi alaba txikien barre-algarak. Bitartean, Gabrielek igeri egiten ikasi zuen Uribitarteko kaietan, gibelekoa sendatu ondorengo ahulezia gainditzeko.

"Nahiko lotsatia zen, eta oso txarto pasatzen zuen jolasten galtzen zuenean edo errea esaten ez zekielako Pirri esaten zioten bakoitzean", gogoratu du bere anaia Juan Marik.

Aitari ile urdinak agertu zitzaizkion berogailuetarako hodien artean, eta ama gaztaroko arintasuna galduz joan zen, semearekin batera irakurtzen zituen liburuetan.

Konturatu gabe, gaztetxoa gizon bihurtu zen. "Ezagutu nuenean, oso planta oneko mutila zen, metro bat eta laurogei zentimetro luzea", azaldu du Meli Estebanek, senarra Bilboko Deportiboan ezagutu zuen maiatzeko egun hura gogora ekarriz.

"Gabrielen penarik handiena, alabak euskaldunak ez izatea izan zen", aitortu du. "San Jose plazan zegoen ikastolako arduradunei, testuliburuak euskaratzea eskaini zien alaben matrikula ordaindu ahal izateko, baina ezetz esan zioten", gaineratu du saminez.

Meli Esteban Arestiren inspirazio guztien lekuko izan zen. "Nire aitaren etxea larunbat arratsalde batean idatzi zuen, eta normalean, ordu biak arte egoten zen afalostean, idazmakinari eraginez".

Aresti hiltzean, Melik senarra galdu zuen, eta euskal kulturak, "orduko erreferentziarik handiena", Natxo de Feliperen aburuz. Anjel Zelaietak harantzago jo du: "Trumoi bat galdu genuen, Arestik euskal kulturaren zeru epel, ordenatu eta tradizionala astindu baitzuen bere begirada laikoarekin".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_