_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Udaberriko letren loratzea

Urtarrileko lehortearen ondoren, apirilean liburudendetako apalategiak nobedadez betetzen dira

Udaberria sorrera eta jaiotze garaia izanik, lore eta bizi gogoaren berpizteaz gain, liburudendak ere berritzen dira. Aurtengo udaberria ere letrez josia dator. Elkarlanean, Alberdania, Erein eta Susa argitaletxeek, besteak beste, makinetan dute jada uzta berria. Eleberrien artean Unai Elorriagaren Van´t Hoffen ilea, Ramon Saizarbitoriaren Kandinskyren tradizioa, Hasier Etxeberriaren Eulien Bazka eta Karlos Linazasororen Itoko dira berriak, ditugu aipagarri beste hainbaten artean. Poesian, berriz, Peio Otxortekoren Arnasa galduaren ondarea kaleratu behar dute, itzulpenak ahaztu gabe.

Badirudi, ordea, udaberrian eguraldi aldaketa datorrela eta, honekin batera, irakurtzeko gogoa lokartu egiten dela. Baina hainbeste lan berri argitaratzeko arrazoia oso sinplea da: merkatuaren legea. Jorge Jimenez Alberdania argitaletxeko arduradun eta Euskal Editoreen Elkarteko buruaren iritziz, "udaberrian jendea dirua errazago mugitzen hasten da, behin neguko aldapa gaindituta". Europako merkatuetan nahiz Estatu Batuetan bi sasoi oparo izaten ditu liburugintzak; batetik, abendua, Gabonetako kanpainarengatik eta bestetik, udaberria, kontsumo gaitasuna suspertzen hasten baita. Hauxe da udaberrian argitaratzearen arrazoia, literaturaren merkatuak ere beste merkatu guztiak bezala, diruaren araberako joerak baititu. Haur eta gazte literaturaren sektoreak, berriz, lege propioak ditu, ikasturte hasieran saltzen baitu gehien.

Horrez gain, euskal literaturak badu beste loraldi bat: Durangoko Azoka. Xabier Mendiguren eta Iñaki Aldekoa, Elkarlanean eta Ereineko editoreak, hurrenez hurren, ados daude Durangoko Azokaren eragina azpimarratzean. Xabier Mendigurenek dioenez, "urtarrila pobre samarra gertatzen da, ez baitago erdi eginik den libururik, denak Durangorako amaitzen baititugu. Hala ere, Elkarlaneanen urte osoan zehar liburuak argitaratzen saiatzen gara".

Udako lehortea

Garairik antzuena, zalantzarik gabe, uda da, kultura bigarren mailara pasatzen baita eta iraila arte ez baita ia ezer plazaratzen. Durangoko zurrunbilotik ihes egitearren ere, Erein Sariak izaten dira apirilean eta aurten ere irabazlearen lana, apirilean argitaratuko da.

Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak ere argi du Azokaren ostean, "Gabonak pasa eta martxoaren 15a arte", ez dela "ezer" izaten. "Udaberri tartean, maiatzaren amaiera arte ateratzen dira argitalpen gehienak eta hortik aurrera, udara iritsi eta ez da fruiturik izaten". Letren loratzeak, beraz, bi epe ditu nahiz eta Durangoko Azoka den oparoena. Udaberrian literaturazaleek badute non gastatu, nahiz eta sasoi honek Gabonetako uholdeak baino indar gutxiago izaten duen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Baina editorearen ikuspuntuaz gain, sortzaileena ere aintzat hartu behar da, haiek amaitu behar baitituzte lanak. Hasier Etxeberriak Eulien Bazka izenburuko eleberri beltza prestatu du udaberri honetarako. Idazleak argi du bi data esanguratsu hauek duten indarra, baina ez du uste idazleari gehiegi eragiten dionik. "Izatekotan agian Durangoko Azokak eragin handiagoa du. Nik liburua bere garaian bukatu izan dut eta gero bere bidetxoa egiten du: zuzendu, berriz zuzendu... Literaturak bere martxa eta bere erritmoa ditu eta idazle bakoitza horren harian ibiliko da". Unai Elorriagak, berriz, udaberrian argitaratu zuen bere lehen eleberria, SPrako tranbia, eta bigarrena ere, Van´t Hoffen ilea orain dela egun gutxi jarri dute salgai. Elorriagak ez zuen lehen lana Durangoko Azokan argitaratu, izan ere, garai hartan idazle ezezaguna izanik, hainbat egile handiren artean, estalita gelditzeko arriskua baitzuen. Horregatik, editoreen gomendioz, SPrako tranbia irakurleek Durangoko nobedadeak irakurtzeko denbora izan zutenean, orduan argitaratu zuen.Idazlearen hitzetan, "nire kasua horrelakoa izan zen eta ezeztaezina da Durangok asko baldintzatzen duela". Bigarren eleberria ere, Van´t Hoffen ilea, plazaratu berri da eta Elorriagak badaki nekez errepikatuko dela lehenengo lanarekin gertatu zena "Liburuak ere ezberdinak dira eta kezka apur bat ere badaukat. SPrako tranbia fenomeno bitxi bat izan da, ia 20.000 ale saldu baitira eta hau astakeria bat da euskal literaturan. Hori errepikaezina da eta Van´t Hoff ilea beste gauza bat izango da, ziur naiz". Orain Durangorako argitaratzen ausartuko litzatekeen ala ez? "Hori ez dago nire esku, editoreen esku baizik".

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_