_
_
_
_
Entrevista:XABIER AZANZA | Nafarroako Ikastolen Federazioko Lehendakaria | GAIAK

'Gizarte nafarrak euskara bere ondare kontsideratzen du'

Xabier Azanza Nafarroako Ikastolen Federazioko Lehendakari izendatu berri dute. 38 urte ditu eta hiru seme alaben aita da. Nafarroako Zirauki herrian bizi den arren, Arrasateko Auzolagun Kooperatiban lan egiten du. Egoera nahasi baten aurrean, dituen erronkak ez dira gutxi ez eta errazak, baina lehendakari berria ez da gogo faltan.

Galdera. Aingeru Epaltzak bost urtetako lehendakaritzaren ostean zein erronka utzi dizkio lehendakari berriari?

Erantzuna. Ikuspuntu pedagogikotik, hezkuntzaren kalitatea hobetu nahian gabiltza, batez ere irakasleen prestakuntzaren alorrean. Ikuspuntu administratibotik, eskualde ez euskaldunen ikastolen legalizazioa lortzea da bigarren erronka garrantzitsua. Azkenik, etorkizunari begira, ikastolen finantziazioa ziurtatu behar dugu. Orain Nafarroan 15 ikastola daude, horietatik 11 legalak dira eta haien egoera kontzertatua dago. Beste lau ikastola kontzertatu gabeak dira eta finantziazio arazo larriak dituzte. Zentro hauek eskualde ez euskaldunetan daude, hau da, Lizarratik Iruñarainoko mugatik beherako lurraldeetan.

'Haur nafarren erdiak baino gehiagok euskararekin harreman bat dute'

G. Zein egoeratan daude?

E. Eskualde ez euskaldunetan lau ikastola daude egoera alegalean, Viana, Lodosa, Tutera eta Irunberriko ikastolak. Hurrengo urteetan haien etorkizuna ziurtatzeko legalizatzea espero dugu. Horrez gain, eskualde hauetan, badira legalak eta kontzertatuak dauden beste bi ikastola, Tafallakoa eta Zangotzakoa, hain zuzen. Nafar Gobernuko ordezkariek diotenez Ley del Vascuenceren arabera, eskualde ez euskaldunetan ezin dira ikastolak ez legeztatu, ez kontzertatu. Hau ez da horrela, ordea, eskualde hauetan legalak eta kontzertatuak dauden bi ikastola baitaude, Tafallakoa eta Zangotzakoa. Beraz, egoera nahiko kafkianoa da. Nafarroako Gobernuak ikastola hauei dirua ematen dien arren, ezin gara urtero Legebiltzarraren erabakiaren zai egon. Ikastolak legeztatzea oso garrantzitsua da baina kontzertatzea ere ezinbestekoa da. Guk zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu 400 bat haurrentzat eta gobernuaren diru laguntza ziurtatu beharra dugu.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

G. Zein baldintza bete behar ditu ikastola batek eremu ez euskaldunean legeztatua izateko?

E. Printzipioz 1004 Dekretua betetzea soilik behar du edozein zentro pedagogikok. Gero beste gauza bat da kontzertatzea, horretarako beste baldintza batzuk behar dira. Vascuenceren legeak eremu ez euskaldunean D eredua jasotzen duten eskola publikoak irekitzea debekatzen duela dio behin eta berriz Nafar Gobernuak. Pedro Pegenaute Hizkuntza eta Unibertsitate Politikaren Zuzendari Orokorrarekin askotan hitz egin dut honi buruz eta berak ikuspuntu hau defendatzen duen arren, nik Tafallakoa eta Zangotzakoa badirela esaten diot, eta kontzertatuak daudela.

G. Azken denboraldian Nafarroako ikastolek ez dute egoera onena bizi. San Ferminetan ere arazoren bat izan duzue.

E. San Fermin Jaietan urtero denda bat eta txosna bat izaten dugu. Aurten ordea, galarazi egin digute ez baikenuen horretarako baimenik. Azkenean, Euskadiko Kutxak bi lokal utzi dizkigu eta jende ugariren laguntzaz denda eta txosna jartzea lortu dugu. Egoera honen aurrean, Iruñeko Udalarekin harremana berreskuratzen saiatuko gara Ikastolen Federaziotik akordio bat lortu behar baitugu lehen bait lehen.

G. Zer egin dezake Nafarroako Ikastolen Federazioak?

E. Egoera ez da erraza. Nahitaezkoa da hitz egitera esertzea. Ikastolen Federazioak lehendakari berria du, ni neu, eta gure borondatea handia eta oso ona da. Orain ikusi beharko.

G. Aldi berean, ordea, Dereduko matrikulazioak hazten ari dira etengabe.

E. Arazo eta traba legal nahiz politikoak ugariak izan arren, gizartea aurretik doa. Duela zortzi urte, Nafarroan D ereduan matrikulatuak ziren hiru urteko haurrak % 20a ziren. Aurten ordea %30a dira. Gereduan, hau da, guztia gazteleraz, 1996. urtean %60 izanik, aurten %40 dira eta A ereduan berriz, euskara irakasgai bat bezala duena, %30ekoa da matrikulazioa. Beraz, haur nafarren erdiak baino gehiagok euskararekin harreman bat dute.

G. Nafar gizarteak zein sentimendu du euskararekiko?

E. Gizarte nafarrak plurilinguismoa oso ongi onartzen du. Nafar asko euskaldunak izan ez arren, ez dute euskara hizkuntza arrotza kontsideratzen. Euskara nafarren ondarea da eta gizarte nafarrak hala kontsideratzen du.

G. Urriak 20an ospatuko da Nafarroa Oinez. Aurtengoa ikastola handitzeko izango da.

E. Aurten Tuteran ospatzen da festa hau. Duela zortzi urte toki berean antolatu zen; garai hartan ikastola bat irekitzeko egin zen eta egun ikastola handitzeko egingo da festa. Urte hauetan jende ugari matrikulatu da eta gero eta haur gehiago doaz ikastolara. Iaz 125.000 pertsona bildu ginen eta aurten beste horrenbeste izatea espero dugu.

G. Zein da euskarak hurrengo urtetarako duen desafio nagusia?

E. Hezkuntzaren mundutik atera behar du, enpresa eta beste alorretara hedatu. Bestalde, eguneroko bizitzan eskualde batzuetan lehen hizkuntza bada ere, beste batzuetan ez da tutik ere entzuten. Kalera atera behar du.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_