_
_
_
_
Reportaje:

Sormenaren bideak landuz

Mikelazulo Elkarteak bizitzaren lau alderdietan oinarritutako ikuskizun bitxia atondu du

Datorren ekainean zazpi urte beteko dira Errenteriako Mikelazulo elkartea jaio zela. Urteurrena iritsi bitarte bertako kideek gogor jarraitzen dute sormenaren bideak jorratzen, kaleko jende ezezagunaren lana ezagutarazi eta beraien artean harremanak sendotzeko xedez. Inguruko gazteen artean artearen espresiobideak lantzeko dagoen berezko gaitasunari leiho bat ireki nahi izan dio elkarteak sorreratik. Hala, mota askotako 'esperimentuak' egiten dituzte, musika, antzerkia, olerkia, irudiak eta dantza uztartuz.

'Mikelazulok zubi-lana egiten du kaleko jendearen artean, kultur proiektuak sortzeko topagune bilakatuz. Gure asmoa olerkia kalera ateratzea da eta, horrexegatik hilabetero olerkiari loturiko ekitaldiak antolatzen ditugu. Olerki emanaldi irekiak dira, bakoitzak duen sormenari kabida eman nahi diogulako', Oier Guillan elkarteko kideak azaldu duenez.

Bigarren Olerki Asteak musika izango du ardatz nagusi hilaren 15etik 18ra

Hala, hilabete bakoitzeko azken ostegunean poesiari txokoa ireki eta bat-bateko emanaldiak antolatzen dituzte. Berriki, esaterako, buzoien irakurketa egin zuten. Izan ere, bada jendea olerkiak idazteko zaletasuna duena baina jendaurrean errezitatzera ausartzen ez dena. Horregatik eskoletan buzoi bat jartzen dute olerki anonimoak biltzeko. 'Hilabeteko azken ostegunetan irakurtzen ditugu. Bat-batekotasunak egundoko garrantzia dauka. Batzurentzat poesia meditatua da. Guk beste modu bat proposatzen dugu, unean-uneko sentimenduak adieraziz' azaldu du Guillanek. Musika, antzerkia, GKE-en astea eta eskuz eginiko jantzien desfilea egin izan dute. Artearen espresiobide guztiek daukate kabida Mikelazulo gunean.

Duela gutxi Getarian eskainitako Letren kilimak izeneko ikuskizun arrakastatsua ere hala sortu zen. 'Esperimentu bat izan zen. Mahaiak, argia eta ingurua arreta handiz prestatzen da poetentzat. Bakoitza txoko batean jesartzen da, eta emanaldia diapositiba proiekzio abstraktu batekin hasten da. Poetak idazten hasten dira, une horretan sentitzen dutenari buruz. Bibolinjole batek pieza bat jotzen du, eta bukatzerakoan gitarra elektrikoa, saxoa eta kontrabaxuaren monologoak sortzen dira. Ondoren, poetak horrek sortutako gogoetak errezitatzen ditu'.

Iazko harrera onaren ondoren, aurtengoan ere Bigarren Olerki astea antolatzea erabaki dute Mikelazulokoek, Bigarren Olerki astea. Letren Kilimak izenburupean. Edizio honek berezitasun bat izango du; musika. Berau oinarri hartuta hainbat ikuskizun izango dira. Maiatzaren 15ean abiatuko da Igor Estankona idazleak saxojole batekin eskainiko duen emanaldiarekin. Oraindik zehaztu gabeko herriko txoko batean izango da, 20.00etan. Ostegunean, Miren Agur Meaberen errezitaldia entzuteko aukera izango dute Mikelazulora gerturatzen direnek. Kirmen Uribek osatuko du ostiraleko egitaraua,Bitartean heldu eskutik poema liburua ardatz duen ikuskizunarekin, 22.00ak aldera.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Larunbatean izango da asteko ekitaldirik handiena. Musika, dantza, diapositibak eta olerkia uztartuko ditu maitasuna, adiskidetasuna, bakardadea eta arbasoetan oinarrituta. 'Ikuskizuna Gu lau deitu dugu. Jende ezezaguna izango da oholtza gainean. Ekitaldirik garrantzitsuena jende ezezagunari eskaini nahi genion, Mikelazuloren filosofiari jarraituz'. Hiru bloketan banatu dute. Lehenengoan lau olerkari arituko dira. Gaia lau elementuak izango dira eta euskal dantza eta musiketan oinarrituko da. Ereintza dantza taldea arduratuko da Zurartean txalapartarien musikari itxura ematen. Bigarren blokean bizitzaren lau estazioak interpretatuko dira, diapositiba, kontserbatorioko harizko laukote eta gorputz espresioa landuko duen dantza talde baten laguntzaz. Azken blokean dantza garaikidea, jazz-blues doinuak eta irudien bitartez bizitza zer den landuko dute.

Itxiera ekitaldia kalean izango da. Jadanik laurehun lagunentzako aulkiak jarri dituzte. Eguraldia lagun, edonor gertura daiteke sormen lan bitxi honetaz gozatzera. Asteak Eresbil eta Errenteriako Euskara zerbitzuaren laguntza izango du.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_