Porrotaren liluraren aurka lanean
Euskal Herriko kulturak duela 25 urte bizitako bultzadak gaur egungo panorama sendoa marrazten du
Ingurura begiratzen badugu laster konturatuko gara hainbat erakundek -argitaletxeek, batez ere- 25 urte betetzen dituztela aitzaki gisa erabiliz, ospakizun ugari egin dituztela.
Iazko azaroan Erein argitaletxeak eman zion hasiera jaion ospakizunari. Kursaal handia gonbidatuz bete, eta koktelaren mama gozoaren inguruan euskal kultura alorreko, unibertso deitzen duten mundu horretako, hainbat pertsona bildu ziren han. Virgilioren edizio baten txatala oparituz gain, argitaletxeak nobela sari berria eratuko zuela eman zuen jakitera. Horrelako sarien falta nabaritu izan dut gure artean, argitaletxeek bultzatutakoak, alegia. Susmoa dut sariketa asko eta asko argitaletxerik ez zegoen garaitean sortuak izan direla, hain zuzen ere haien lana ordezkatzeko. Argitaletxeak direnean, ongi da argitaletxeek ere bere gain hartzea sarien kontu hori, ene iritziz, noski.
Hausnarketarako une egokia da, batez ere bizirik dauden erakundeak direlako
Gauza asko aldatu dira bidean informatikaren iraultzaz asmatzen eta amesten hasi ginenetik
Aurton horrelako beste ospakizun bi izan dira. Bata entzutetsua, apalagoa bestea, biak gogoan hartzekoak. Elkarlanean Fundazioak -lehenago Elkar zenak- bere 25 urteko historia bete du, eta jaietatik aparte, liburu berezia eman du argitara: 25 urte Euskal Kulturgintzan, bere buruari egindako omenaldi egokia.
Isiltasun apalean joan dena Ustela sailaren urtemuga izan da. Literatur ekimen hau martxan jarri zela, edo Koldo Izagirrek eta Joxemari Olaizolak martxan jarri zutela 25 urte pasatu dira. 19 liburu argitara eman zuen sailak, eta, agian, literaturan belaunaldi baten errelebo mugarria izan da. Pello Lizarraldek gogoratu du: 'errelebo garaia izan zen, trantsizio garaia, literaturan ez ezik, kazetaritzan ere bai'. Ustela desagertu bazen ere, Susaren eskutik haren asmoak bizirik direla esan dezakegu.
Datorren urtekoa omen da, baina Bizkaian Labayru Ikastegiak ere 25 urte betetzen dituela eta bere buruari omenalditxoa eskaintzea pentsatu omen du.
25 urte bete dira. Eta hausnarketarako une egokia dela uste dut, batez ere bizirik diren erakundeez hitz egiten ari garelako, pixkanaka-pixkanaka hazten joan diren instituzio eta enpresez. Traiektoria luzeaz azken batean. Eta traiektoriak beti dakar pisu handia, jarraipena, gauerdiko eztula ez izatea, gure kulturari bisaia garrantzitsua ematea, porrotari buruz baino gehiago lortutakoari buruz hitz egiten hasteko zoria.
Gorago aipaturiko liburuan Xabier Mendigurenek adierazten duenez, pozgarria da asmoa ez zapuztea eta aurrera jarraitzea. Hona hemen bere hitzak: 'Fama txar horren atzean herri honen konplexu zikin bat dago: porrotaren lilura; zuk egundoko proiektu polita duzu, pott egiten duzu, eta beti esango dute: 'hura bai ederra, atera balitz'. Asmatzen baduzu, berriz, berehala hasiko dira kritikak'.
Begirada 25 urte atzerago botatzen badugu, zenbait ekintza politiko gogoratuko ditugu.
Bai, trantsizio garaia zen, baina ez bakarrik literaturan eta kazetaritzan... Politikan eta gizartean gauza asko gertatu ziren: amnistia legea 1976. urtean; eta Atochako triskantza, PCE legeztapena, eta Tarradellasen itzulera, eta lehendabiziko hauteskundeak. Aro berri bat ari zen jaiotzen, eta inork ez zekien zeintzuk izango ziren historiaren bideak... urduritasuna zegoen, eta gauzak egiteko gogo bizia. Orain 25 urte desagertu ziren Groucho Marx, eta Charles Chaplin; Maria Callas eta Elvis Presley, eta Nabokov handia ere urte horretan zendu zen. Mundua aldatzera zetorren.
Gauza asko aldatu dira bidean, gauza asko gure bizitza arruntean, informatikak ekarri duen iraultzaz asmatzen eta amesten hasi ginenetik hona. Kultura munduan ere aldatu izan dira gauzak. Elkarlanean-ek egin duen autopromozio liburuan badira aldaketa horien zantzuak. Kronologian, adibidez, hitz garrantzitsuak agertzen dira, hamarkada bakoitzaren zentzua adierazteko asmoz: 70eko hamarkadan hastapenak gertatzen dira, 80koan hazkunde aldia da, eta 90koan jauzi kualitatiboa ezagutu da. Erabiltzen den hizkuntzak ere gure historian berri eman dezake. Eta zantzuetan gure historia agertzen da, gure bizitzaren islak, batzuk ilunak, beste batzuk alaiak. Hona hemen garbi adierazita zantzu batzuk: kultura eta merkatua lehen baino hurbilago daude, elkartzen joan dira; militantzia eta profesionaltasuna ezkondu egin zaizkigu. Literatura ez da bakarrik bizi, diskoetxeekin batera eta, batez ere, testugintzarekin batera bizitzen jakin behar izan du, eta metaforekin jarraituz gero, euskal literatura ez dago liburu-dendetan sarrera atearen ondoan, baizik eta lehen sotoan...
Literatura hitzaren hizki nagusiaren handitasunean sinesmena galtzen ere ikasi dugu, eta literatura txiki desberdinekin bizitzen ikasi behar izan dugu.
Ez dut Elkarlanean etxe hau gure gizartearen ispilurik eta metaforarik egokiena bihurtu nahi, baina aipaturiko hiru erakundeen soslaiak bilduz gero, agian orduantxe bai izango genukeela metafora bizi hori, gure aurpegiaren marrak marrazten dituen historiaren berri. Hiru erakundek, behintzat, 25 urte: Erein. Elkarlanean, Labayru. Hiru soslai desberdin, hiru helburu desberdin. Baina hirurak traiektoria luzearekin.
25 urte igaro dira gure bizitza kulturalean eta ospakizunen inguruan bada garaia eseri eta pentsatzen hasteko. Eta pentsatzen hasiz gero, kontuan hartzen dut nik ere aurton betetzen ditudala 25 urte eskolak ematen hasi nintzenetik.
Nire buruari ere omenalditxo bat eratu beharko diot, beraz...
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.