Zuzenketa publikoa
Agur t'erdi:
Amaieran, beti bezala, testua duzue, attachatua, baina irakurri aurretik azalpen bat eskaini behar dizuedalakoan nago.
Denoi egiten digu ilusioa posta hartzeak; baita elektronikoa ere, noski. Horregatik, lehengo egunean, izugarri poztu nintzen bederatzi mezu nituela ikusi nuenean (Recibiendo 1 de 9). Luzeak ziren, gainera; minutu dezente igaro ziren nire posta-kutxan kargatu bitartean. Poza, ordea, dezepzio-puntu bihurtu zen berehala (ez nuen igorlea ezagutzen), eta dezepzioa atsekabe lehenengo mezua zabaldu bezain laster: birus erantsi bat eraman ohi duten mezu horietako bat zen, Tell me what you think about this motakoa. Ez nuen ireki, jakina.
Beste mezuak berdinak ziren. Ezabatu egin nituen, baina alferrik izan zen: mezurik ba ote nuen begiratu nuen hurrengoan gauza bera gertatu zitzaidan, baina, bederatzi jaso beharrean, hogeita hamar hasi zitzaizkidan ailegatzen, mantso baino mantsoago, nire ordenagailura. Berehala ohartu nintzen: mezuak lauzpabost minutuko kadentziarekin iristen ziren, eta nire posta elektronikoa erabat kolapsatzen zuten. Noizean behin, mezu birusatuen artean, benetako mezu aleturen bat heltzen zitzaidan, baina, ulertuko duzuenez, baldintza horietan ezinezkoa egiten zitzaidan e-posta erabiltzea. Hurrengo egunetan gauza bera gertatu zitzaidan. Ordenagailua kutsatuta zeukan norbaitek, eta nirera eta auskalo zenbat helbideetara bidaltzen zituen, ustekabean, mezu malapartatu horiek guztiak.
Problemak berez konpontzeko itxurarik ez zuenez, igorleari idaztea erabaki nuen; aipatuko ez dudan torloju lantegi bati zegokion, eta, egia esan, ez nekien zer demontre egiten zuen nireak hango helbide-liburuan. Adeitsu, gertatutakoa azaldu, eta, mesedez, arazoa konpontzeko erregutu nien. Berehala bidali zidaten erantzuna: ez zutela ezer arrarorik topatzen baina, badaezpada, beren posta elektronikoa egun oso batez deskonektatu eta guztiz berkonfiguratuko zutela agindu zidaten.
Hala egin zuten, dirudienez, baina mezuek heltzen jarraitu zuten hurrengo egunetan. Kokoteraino nengoen, eta zerbitzarira jo nuen zuzenean: arazoa azaldu nien, eta aztertuko zutela esan zidaten. Handik ordu gutxitara izan nuen erantzuna: nire ordenagailua nahita bonbardatzen ari ziren! Erasotzaileak ez zuen, ordea, bere benetako helbide elektronikoa erabiltzen, alias bat baizik: torloju fabrikarena hain zuzen ere. Eta zerbitzari horren bezeroa ez zenez, ez zekiten zein izan zitekeen terrorista elektronikoa, eta ezin izan zidaten, beraz, laguntzarik eskaini.
Orduan jabetu nintzen. Aste batzuk lehenago liburu baten kritika zorrotza argitaratu nuen egunkari batean. Nik banekien -Euskal Herria txikia da, zer egingo diogu- idazle horren bikotea informatikaria zela, eta, telefono dei batzuk egin ondoren, susmatzen nuena konfirmatu zidaten: torloju fabrikaren industria-talde bereko beste enpresa batean egiten zuela lan. Ez nuen ezer egiteko astirik izan, ordea: nire deiek jakinaren gainean jarri zuten, antza. Mezu andanaren izenburuak aldatzen hasi ziren, eta, halako batean, haietako bat zabaldu nuen, badaezpada. Testua laburra zen, baina ezin argiagoa: 'Zuzenketa publiko bat nahi dugu. Bestela halakoak bidaltzen segituko dugu, eta badakizu ezingo zenukeela ezer frogatu. Eta ez egin ilusiorik: helbide elektronikoa aldatu arren, jo eta ke jarraituko dugu'.
Pentsatzen egon naiz, eta, tamalez, arrazoia duela uste dut: izugarria da posta elektronikoak sortu dizkigun morroitza berriak. Nire harrokeria guztia irenstea erabaki dut, beraz, eskatzen didaten zuzenketa plazaratuz. Hona hemen:
Oharra: tamalez, ezin dizuegu Iban Zalduaren artikulua eskaini. Edizioa ixtear geundela, e-postaz bidali zigun, beti bezala, baina dokumentu erantsiak birus bat bide zekarren berarekin batera, eta, ondorioz, ezin izan dugu zabaldu. Telefonoz hots egin diogun arren, ez dugu etxean topatu eta, ondorioz, zutabearen ordez, berarekin batera zetorren mezua argitaratzea erabaki dugu. Barka eragozpenak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.