Oraina eta geroaz gogoeta
XXI mendean euskarak dituen erronkak aztertuko dituzte Euskaltzaindiaren XV Biltzarrean
Euskalgintza XXI Mendeari buruz izenburupean, euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz gogoeta bideratu nahi du Euskaltzaindiak, gaurtik hilaren 22ra Bilbon egingo duen XV Nazioarteko Biltzarrean. Mende aldaketaren aitzakiaz, hiru euskalari handiren oroitzapenak ere eraman du biltzar hau deitzera; Resurrección Mª de Azkue (1864-1951) eta Julio Urkixo (1871-1950) euskalari handiei gorazarre egingo zaie egun hauetan. Hauekin batera, Pierre Lafitte Ithurralde (1901-1985) ere omenduko du Akademiak, haren gramatika eta filologia lanak gogora ekarriz. Irailaren 22an Uztaritzen euskalari lapurtarraren omenez hainbat ekitaldi izango dira Biltzarraren amaiera gisa.
Aditu ugarik hartuko dute parte biltzarrean, euskaldunek ez ezik hizkuntzalari finlandiarrek, katalanek, frantsesek eta galestarrek elkartrukatuko baitituzte jakituria eta lanak. Besteak beste, Institut d´Estudis Catalans erakundeko kide den Vicent Pitarch edo Galeseko Unibertsitateko irakasle Geraint Jones eta Delyth Prys arituko dira. El caso catalán: diques político-administrativos contra el estándar hitzaldia eskainiko duPitarchek.
Biltzarreko idazkari lanetan dabilen Patxi Goenaga euskaltzainaren aburuz, horrelako batzar baten aberastasuna atzerriko ekarpenez ere hornitzen da. 'Euskaltzaindiaz gain, zer esana duten beste hainbat pertsonak hartuko dute parte', azaldu du Goenagak, 'Akademiak kanpora begira egin nahi du barne gogoeta eta horretarako premiazkoak dira kanpoko ikuspegi eta azalpenak'.
Ildo horretan, Euskal Herrian Euskaltzaindiatik at dauden profesionalen parte hartzeak ezinbestekotzat hartzen ditu Goenagak. Horien artean kazetari, itzultzaile, irakasle eta ikasleak daude, 'euskararen normalizazioaren gorabeherak euren haragian pairatzen baitute'. Kolektibo horiei ateak ireki nahi dizkie Akademiak eta biltzarra 'ikaragarri baliagarria' izan daiteke haien iradokizunak, zalantzak eta ikerlanak elkartrukatzeko.
Iraupenaren erronka
Jardunaldietan hizkuntza ereduak, hiztegigintza eta hizkuntzaren historia izango dira mintzagai. Goizez hitzaldiak emango dituzte gonbidatuek eta arratsaldeko saioak, berriz, txostenak aurkezteko erabiliko dira.
Baionan, Cabarrus kaleko Letretako Fakultatean izango du jarraipena Biltzarrak eta bertan Euskal Gramatika eta Literatura izango dira hizpide.
Euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz gogoeta egiterakoan ezinezkoa da hizkuntzaren normalizazioa alde batera uztea. Koldo Zuazok Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Euskararen normalkuntzarako bideak izenburupeko hitzaldia emango du. Antolatzaileen esanetan, Zuazok inork baino hobeto menperatzen du euskara batua eta euskalkien arteko harremana eta bere hitzaldia izugarri 'aberasgarria' izango da. Ildo horretan, asteazken arratsaldean Lekuko euskarak eta euskara batua: elkarren osagarri ala arerio?izeneko mahai ingurua egingo da, Xabier Kintana Juan Luis Goikoetxea, Juan Martin Elexpuru eta Txomin Pelleinen parte hartzearekin.
Hiztegigintzaren arloari dagokionez, Finlandiako M.A. Sari Maamis adituaren hitzaldia azpimarratu behar. 'Finlandiako kasuak ez dauka gurearekin zerikusirik baina egoera ezberdinak ezagutzea aberasgarri gerta daiteke', antolatzaileek diotenez.
Asteazkenean, Euskararen historia izango da protagonista. Joakin Gorrotxategik antzinako euskararen nondik norakoak aztertuko ditu, Joseba Lakarra hizkuntzaren barne historiaz mintzatuko da, Erdi Aroa nabarmenduz, eta Valentziako Unibertsitatetik etorri berri den Maite Etxenikek euskara eta erromantzeen artean izan diren harreman historikoak aztertuko ditu.
Goenagak hitzaldi hauen kalitatea bereziki nabarmendu nahi izan du. 'Hizkuntzaren historiaren arloa aski hornitua dagoela uste dut', dio euskaltzainak, 'ezin ziren hizlari hobeagoak ekarri gai hauek jorratzeko. Ezin ditugu ahaztu txosten asko aurkeztuko direla, jendea gogoz eta gogor lan egiten ari denaren seinale'.
Aurrera begira, Euskaltzaindiak aparteko garrantzia ematen dio euskarak teknologia berrietan duen presentzia gehitzeari. Kezka horren adierazgarria da atal horri eskainitako erakusketa monografikoa. Biltzarrak irauten duen egunetan internet eta telekomunikazioen alorrarekin lotuta euskaraz ekoiztutako produktu berrien berri emango dute bertan hainbat enpresa eta elkartek..
Bestalde, Euskaltzaindiak argi du euskararen erronka nagusia iraupena dela 'Iraupena eta presentzia, biak premiazkoak dira. Eta euskarak bere presentzia ziurtatuko badu, nik uste dut bere estatusa zaindu behar duela, horrek esan nahi du hiztunen eskubideak, lege kontuak etabar kontutan hartu behar direla, egoera guztietan eta baldintza ezberdinetan', argudiatu du Patxi Goenagak.
Euskaltzainak hizkuntzaren gorputzaren zainketa gehitzen dio iraupenari eta biak Akademiari dagozkiola aitortzen du. 'Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia maila altua lortu dugulakoan nago, corpus-a da orain osatu beharrekoa, hizkuntza normalizatu eta esparru ezberdinetara egokitu beharko litzateke. Nafarroan eta Iparraldean zeregin handiagoa dagoela uste dut, hizkuntza atzeraka doalako'.
Internet eta teknologia berriak
Euskararen historia eta gaur egungo egoerari buruz gogoeta egiteaz gain, aurrera begira hizkuntzak dituen erronkei ere heldu nahi die Euskaltzaindiak, XXI mendeak dakartzan berrikuntzei aurre egiteko. Hala, internet eta teknologia berriek aparteko lekua izango dute XV Nazioarteko Biltzarrean. Lehenengo aldiz arlo horri eskainitako atal berezia antolatu du Euskaltzaindiak. Euskara eta Teknologia Berriak izenburupean, euskaraz ekoiztutako produktuak erakutsiko dituzte Euskalduna Jauregian. Puntako enpresa eta erakundeek parte hartuko dute goiz eta arratsaldez zabalik egongo den erakusketan, Eusko Ikaskuntza, UZEI, Elhuyar; Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta hainbat argitaletxek, besteak beste. Pantaila erraldoi baten laguntzaz teknologia berrien inguruan emandako azken aurrerapausoen berri emango dute. Bisitari eta parte hartzaileek berrikuntza horien berri zuzen zuzenean jasotzeko aukera izango dute, antolatzaileek ordenagailuak jarri baitituzte, hala nahi dutenek interneten dagoen eskaintzaren berri izan dezaten. Horrekin batera, biltzarkideei hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete antolatzaileek, dokumentuak inprimatu eta mezu elektronikoak bidaltzeko, beste batzuen artean. Berrikuntza hauek bisitari ugari erakarriko dutelakoan daude antolatzaileak, matrikulazio kopuruak erakusten duenez. Jon Artza erakusketaren antolatzailearen esanetan, ekimen hau 'berrikuntza itzela' da honelako biltzar batean. 'Kulturaren inguruko elkarte eta enpresek Interneten duten eskaintzaren berri emango dugu', azpimarratu du.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.