Saltzailearena
Juan biajantea da. Kuleroak eta bularretakoak saltzen ditu herriz herri Térrassako enpresa batentzat. Katalogoa ez da apenas aldatzen, eta aditua da kinkila dendariekiko tratuan: urteetan zehar ibilbide bera egin du, eta berarekin batera zahartzen joan diren dendariak ondo ezagutzera iritsi da.
Gidatzeari betidanik zioen maitasunak eraman zuen saltzaile ofiziora. Isabel hil eta bakarrik geratu zenean, erabat jasanezina egin zitzaion bulegoko giro itogarria: betiko lanpostua utzi eta egunkariko iragarkietan topatu zuen eskaintza baten bitartez lortu zuen azken hogeita lau urteetan egiten duen beharra; hasieran dezente gutxiago kobratzen zuen, eta lan hura ez hartzeko aholkatu zioten lagunek, baina Juanek ez zien kasurik egin. Orduz gero, bere bizitzaren etapak gidatu dituen autoen arabera neurtzen ditu Juanek: lehenengo, Isabelekin batera erosi zuen Seat 1450 granate hura; Supermirafiori zuria, gero; urtebete eskas iraun zion Citroën CX-a (erabateko hondamena eman zioten aseguru-etxean); Volvo gris metalizatua, azkenik. Zortzi urte gehiago, eta jubilatuko da.
Gaur, atzo bezala, bere ohiko ibilbidetik atera da Juan: salmentak jaisten ari omen dira, eta biajanteei eremua zabaltzeko eskatu die enpresak. Egun argia egiten du, beste garai batekoa dirudien horietakoa. Ondo gogoan du Juanek zergatik ez duen aspalditik bisitatu zona hori; zergatik baztertu zuen, hasieratik, bere ibilbideetatik: herri horretan etxe bat zuen Isabelen familiak. Harrizko etxe txikia zen, armarriduna, lorategi batez inguratua. Hainbat asteburu pasa zuen bertan Isabelekin, eta burura etortzen zaio berriro, uholde baten antzera, garai horien amaierako mina: tontakeria omen zen apendize-ebaketa, gonbitoak eta alde egiten ez zuen sukar altua, azalpenak ematera etorri zitzaizkion medikuen aurpegiak. Hogeita lau urte igaro diren arren, begiak itxita gogoratzen du etxe horretarainoko bidea.
Herriko mertzeriarekikoak amaituta, ezin tentaldiari eutsi, eta, azkenean, etxeari begiratu bat emango diola erabaki du Juanek -giro eguzkitsuak lagunduta, ezbairik gabe-. Berdin dago dena. Autoa aparkatu eta atarirantz abiatu da. Leihoak itxita daude, baina horrek ez du esan nahi inor ez dagoenik: lorategia ondo zainduta dago. Zer esango lioke Isabelen amari, edo haren ahizparen bati, han topatuz gero? Urte asko dira inolako traturik izan gabe: Juanek erabat hautsi nahi izan zuen bere aurreko bizitzarekin, eta baita lortu ere.
Txirrina jo du, badaezpada: oihartzun leun bat heldu zaio etxe barrutik, eta, ondoren, ahots ezagun bat 'Banoa!' oihukatuz. Dudarik ez: Martarena da, Isabelen ahizparena. Atea ireki dio, irribarretsu, urteak pasatu izan ez balira bezala. 'Hara nor etorri zaigun! -eta muxu bizkor bat eman dio masailean-. Isabel, zatoz! Juan da!'. Eskailera-hots bat entzun da orduan.
Ezer esan gabe, buelta eman eta ihes egin du Juanek: ez da gelditu autora iritsi arte, eta berehala abiatu da. Ez du denborarik izan jazo zaionaz pentsatzeko; izan ere, ez du jazo zaionaz pentsatu nahi.
Kilometro batzuk egin ondoren, gasolindegi batean geratu eta ondoko erretegian sartu da. Taberna hutsik dago. Goizegi iruditu zaio alkohola edateko, eta laranjazko kas bat eskatu dio ostalariari. Basoa ezpainetaratu bezain laster konturatu da: aztoraturik, botila erdi-betea hartu, eta Mirinda-rena dela konfirmatu du. Barraren izkina batean begiztatu ditu egunkariak. Dagoen lekutik ondo baino hobeto ikusten du Marca-ren portadan Johann Cruyff-i buruzko titulua dela nagusi, eta baita orrialde horien azpian ageri den La Voz de España-ren goi-burua ere. Zinten erakustokiak eskaintzen duen lanik berriena Oskorri eta Gabriel Arestirena da. Juanek badaki tabernako zokoren batean egutegi bat egon behar dela, baina ez du bilatzeko ahaleginik egin.
Orain bai: orain pentsatzeari ekin dio Juanek. Noizean behin begirada zuzentzen dio, tabernako leihotik, bere auto granateari. Trago luze batez amaitu du Mirinda. Hartu du erabakia.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.