Paseoa
Juan paseatzera irten da. Azken aldi honetan, pilula-dosia jaitsi diotenetik, maiz uzten diote kalera ateratzen, batzuetan egun osorako. Sakelako diru pixka bat ematen diote, menuren bat bazkaltzeko haina, eta afalordua arteko askatasuna eskaintzen diote.
Hiri-erdigunea saihesten saiatzen da beti: ez du aspaldiko adiskide eta ezagunekin topo egin nahi. Eta orain arte ez du inor ikusi, edo inork ez du bera ikusi. Izan ere, lehen baino lodiago dago, puztuago. Lagunek ez dute jadanik ezagutzen, apika.
Gaur bere auzo zaharrera joatea erabaki du. Urte eta erdi egin zuen han, Marirekin batera alokatu zuen aurreneko pisuan; ondoren alde zaharrera aldatu ziren. Auzo proletario bat zen, eta hala da oraindik: etxe merke eta zapalak, Mesetako ibaien izenak dituzten tabernak, lantegietako hesi luzeak, belarrik gabeko parkeak.
Halere, asko aldatu da auzoa. Hamahiru urte igaro dira. Asfalto soilez zolatutako espaloiak, baldosaturik ageri dira egun. Langileentzako pentsio merkea zegoen lekuan Consum bat ipini dute. Goizeko zortzietarako bideo pornoak eskaintzen zituen Eresma taberna, izokin-kolorez margotu, eta dastaleku bihurtu dute.
Bere antzinako etxera hurbildu da. Berdin-berdina dago. Bere pisu ohiko leihoak zabalik daude, norbait bizi denaren seinale. Kaleko atea irekita aurkitu du, eta ataria garbitzen ari direla konturatu da. Eta Juanek gogoratu du nola egiten zioten barre garai haietan, eskailera garbitzen zuen etxeko gizonezko bakarra zela eta. Tira, ez zioten barre egiten, ez aurpegira behintzat, baina hori sentitzen zuen bizilagunen batek topatzen zuenean lan horretan ari zela.
Atarira sartu da, eta Domingo ikusi du zoruko terrazoa lanbasaz garbitzen. Domingo laugarren solairuan bizi zen, eta ondoko ile-apaindegian egiten zuen lan; oso hiztuna zen. Erosoa egiten zitzaion Juani hara joatea, ez baitzuen ia ezer esateko ahaleginik egin behar: Domingok motzaldi guztian zehar hitz egingo zuen, etengabe, futbolaz zein Tourraz, politikaz zein telezaborraz. Zer esanik ez, trufati begiratzen zioten gizon haietako bat zen Domingo.
Une batez gelditu da Juan, atari garbitu berriaren barruan oin bat duela; hobeto pentsatu, eta atzera egitera doa: tupustean ihes egin dio bere antzinako pisua zertan den begiztatzeko irrikak. Baina ezagutu du Domingok: 'Hara, Anabitarte jauna da eta! (aspaldi da Juanek ez duela bere abizena inoren ahotan entzuten). Urte mordo bat da, ezta?'. Juanek ez du txintik ere esan behar, Domingok jarraitu baitu. 'Ikusten duzu, ba! Jubilatua, eta eskailera garbitzen. Bai, motel, ile-apaindegia itxi behar izan nuen, nigatik hantxe izango nintzatekeen oraindik, baina gero eta jende gutxiago etortzen zen, eta andreak ixteko esan zidan, ez zuela merezi... Eta orain bera erdigune aldera joaten da goizero, erakusketa bat dela, hirugarren adinekoen ikastaro bat dela, eta ni hemen, harrikoa egiten edo, gaur bezala, ataria garbitzen... Hori bai, primeran geratu zait, ez duzu uste?'. Eta hamar minutuz edo ordu laurden batez hitz egiten jarraitu du, ezkondu diren seme-alabez, etxebizitzaren prezioaz, Alavesaz, alkateaz.
Juanek agur esan dio haien antzinako pisua erosi zuen bikoteaz zer edo zer esaten hasi zaionean, edo Mariz galdetu dionean 'zurekin bizi zen neska txiki hura, nola demontre zuen izena', auskalo. Birritan esan dio badoala, eta ezetz, estimatuta dagoela baina ez duela astirik harekin trago bat hartzeko, edo pisu ohia ikusteko, presaz dabilela, eta pozik dagoela Domingo osasuntsu ikusteaz, eta badoala, emateko emazteari goraintziak.
Ia ia ihes egin du Domingorengandik, baina mantso abiatu da auzoko kaleetan barna, patxada estrainio batek harrapatuta. Denbora luzea du itzulera-ordua iritsi arte. Aldizkari-saltoki bat dago lehen arrandegia zegoen izkinean, eta zenbait banketxe-sukurtsal berri. Kendu dute kale erdiko gasolindegi hura. Eta baita 'Independentzia eta Sozialismoa' aldarrikatzen zuen pintada erraldoia ere. Lehen aparkatzeko leku gehiago zegoela esango luke Juanek.
Bai, zalantzarik gabe, asko aldatu da auzoa. Izugarri.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.