'Atzerrira noala esaten dudanean azal lodia dudala diote eskolako lagunek'
Musikaria eta musikagilea den familian sortua da Maria Eugenia. Baina berak musikarako zaletasun ikaragarria, aparta, duela aitortzen du aitak, arro. Maria Eugeniaren lau senideak, hiru nebak eta ahizpa, musikariak dira, aita musikaria den bezalaxe. Ama zenak pianoa jotzen zuen baita ere. Horregatik ez da harritzekoa Maria Eugeniak gainontzeko Silguerotarren bide bera segi izana. Hala eta guztiz ere, orain hamahiru urte dituen Maria Eugeniak, bi urte t'erdi besterik ez zituenean, etxekoak erabat harrituta utzi zituen. Uztailaren bata zen, aitak ondo du gogoan, 'San Martzial biharamuna zen, ni goiko pisuan nengoen San Martzialgo doinuak entzun nituenean, baina egia esan, ez nion batere kasurik egin emaztea zela pentsatu nuelako. Gero emazteak galdetu zidan ea entzun nuen.Baietz esan nion, baina batere garrantzirik eman gabe. Eta emazteak berriro, baina ez al duzu ezer esatekorik? Pianoa jotzen aritu zena Maria Eugenia zela esan zidan emazteak eta haurrari berriro piano aurrean esertzeko eskatu. Orduan ohartu nintzen neskak zerbait berezia zekarrela barruan'.
'Rostropovich edota Aldulescu handiek horrelako beste kasurik ez dutela ezagutu esan didate'
Josetxo Silguero musikagilea da eta baita musika irakaslea ere, eta orain artean behintzat, berak hartu ditu Maria Eugeniaren ikasketarekin zerikusia duten erabaki guztiak. Arro azaltzen du aitak, gaur egungo biolontzelo jole handienek diotena, 'Rostropovich edota Aldulescu handiek, horrelako beste kasurik ez dutela ezagutu esan didate'.
Galdera. Maria Eugenia, lehenik eta behin zorionak, laugarren urtez segidan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Musikagile Gazteentzako Saria zuk eskuratu bai duzu. Espero al zenuen saria?
Erantzuna. Beno, ez dakit espero nuen hala ez, baina oso pozik hartu nuen saria.
G. Zenbat sari jaso duzu orain arte? (Apal, oso apal)
E. Ba egia esanda, ez dakit, baina asko.
G. Noiz eta nola hasi zinen musika jotzen?
E. Hiru urte nituela hasi nintzen Solfeoa ikasten, eta ondoren, lau urte bete nituenean biolontzeloa jotzeari ekin nion.
G. Zuk erabaki al zenuen biolontzeloa gustukoa zenuela hala aitak aukeratu zuen? (Erantzun aurretik aitari begirada).
E. Ez, ez nuen nik aukeratu. Aitak esan zidan biolina hala biolontzeloa, bi horien artean hautatu behar nuela. Eta erabakitzeko orduan kontutan hartu genuen gure etxetik gertu irakasle on bat izatea. Biolontzelo irakaslea gertu zegoenez, Baionan, ba horixe hautatu nuen, biolontzeloa. Baina orain, benetan gustukoa dut.
G. Pentsatu al duzu noizbait handituko zarenean zer egin nahi duzun, zein ogibide hautatuko duzun?
E. Bai noski, biolontzelojolea, hori da gaur egun gustukoena dudana.
G. Orain arte zenbat biolontzelo izan dituzu, Maria Eugenia?
E. Orain dudan hau bosgarrena da. Handitzen naizen heinean biolontzeloak aldatu egin behar ditut, txikiak gelditzen baitzaizkit, horregatik, maiz aldatu beharrean izaten naiz txikiak gelditzen zaizkidalako.
(Oraingo hau benetan biolontzelo aparta da. Ia 350 urte dituena da Maria Eugeniak jotzen duena. 1658. urtean egina da eta Babieran topatu zutena. Benetan zaintzen ahalegintzen da, hara eta hona mimo handiz eramaten du eta horregatik beti hegazkinetan bere aldameneko aulkian bidaiatzen du, beste edozein bidaiari bezalaxe).
G. Biolontzeloa nahiko handia da, nola moldatu izan zara beti batetik bestera eramateko?
E. Aita dut beti aldamenean, eta berak eraman izan du beti, eta orain, nahiz handitu naizen, ba aitak eramaten du.
G. Egunean zenbat ordu egiten dituzu biolontzeloa joaz?
E. Hiru ordu, hiru ordu t'erdi egiten ditut egunero astean zehar. Baina asteburutan edota oporretan nagoenean askozaz ere gehiago.
G. Noiz hartzen duzu astia jolasteko?
E. Egia esan, jolasteko oso denbora gutxi dut. Eskolan, errekreo garaian eta bazkaltzeko orduan, baina bestela ez dut denborarik horretarako.
G. Zer diote zure lagunek, El Pilar ikastetxeko zure lagunek, Parisera edota Londresa, edota ez dakit zein hiritara kontzerturen bat jotzera joan behar duzula esaten diezunean?
E. Ba, azal lodia dudala!
G. Donostia eta Baionako kontserbatorioetan ikasteaz gain Parisen ere ikasten ari zara, nolatan hasi zinen hain gaztea izaki eta Parisen ikasten?
E. Ba, Baionan dudan irakasleak Parisko Kontserbatorio Goreneko biolontzelo irakaslea den Philippe Müller ezagutzen zuen eta berak proposatu zidan hara joatea.
G. Nola moldatzen zara eskolako ikasketak, DBHko lehenengoa egiten ari zara, eta musika ikasketak bateragarriak egiteko?
E. Eskolan hainbat klasetara ez dut joan behar. Ikastetxean ez dut musika klaserik hartzen, eta eskulan edota hautazko ikasgaiak diren horietara ez dut joan behar. ('Ordu asko eserita egiten duenez, eskolan klaserik ez duenean, astearte goizetan adibidez, polikiroldegira joaten da igerian egitera', dio Maria Eugeniarekin batera batetik bestera dabilen aitak).
G. Orain Donostiako kontserbatorioan, Baionan eta baita Parisen ere egiten dituzu ikasketak, pentsatu al duzu, aurten Donostian egiten ari zaren ikasketak amaituko dituzunean nora joango zaren?
E. Ez oraindik ez dakit nora joango naizen. (Oraingoan aitak erantzuten du: 'Ekainean hemen egin daitezken ikasketa goren guztiak amaituko ditu, hemen ezin du gehiago ikasi.Hamabi urte zituela irakasle titulua lortu zuen, eta ekainean Goi mailako irakasle titulua jasoko du. Espainian, ez da horrelako beste kasurik ezagutu. Goi mailako musika ikasketak egiten hasteko gutxienez hamasei urte beteak behar direlako. Berak hamahiru urte izango dituenean amaituko ditu ikasketa guztiak. Hemen ikasketak bukatuta Parisko kontserbatorioko ateak erabat zabalik ditu. Hori da aukeretako bat, baina ez bakarra. Aztergai ditugun aukeren artean Madrilgo Reina Sofia zentroa, hala ere hara ez garela joango uste dut, Londres, Suitza edo Estatu Batuetako beste eskola batzuk ere aztertzen ari gara. Eta eskola batzutan bertan ikasteko bekak ere eskaini digute. Bekak eskaini digute Parisen, Londresen eta Suitzan, baina erabakia, esan bezala, oraindik hartu gabe dugu').
G. Orduan, garbi duzue hau utzi eta kanpoan jarriko zaretela bizitzen?
E. Bai, bai, noski. Ez dut oso garbi noiz, baina behar bada bi urte barru edo, atzerrira joan beharko dugu eta bertan bizitzen jarri.Horregatik saiatu naiz joan behar hori ahalik eta gehien atzeratzen. Familian, lagunekin eta herrian hartu emanak sendotu ditzan nahi dut, bere burua hemen sustraitu dezan atzerrira atera aurretik.
G. Noiz hasiko da Maria Eugenia erabat profesional moduan kontzertuak eskaintzen?
E. Erabakia nik hartu behar dut, eta hori ez da oraindik gertatuko nire asmoa zera bai da, Maria Eugeniak ahalik eta trebeziarik handiena lortu dezan, ahalik eta mailarik altuena. Ondoren izango du bai, era profesionalean aritzeko nahiko denbora.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.