Uharteak
Asko idatzi izan da uharteei buruz. 'Izango dira uharteak, gure maitaleku diren bitartean', Derek Walcott poetak idatzia da, ingelesez noski. Ez gara, beraz, jaio garenekoak, ezta bizi garenekoak ere, maite eta sofritzen dugunekoak baizik. Maitatzea sofritzea bezain gogor balitz, eta sofritzea maitatzea bezain arin, ez genituzke maitasuna eta sufrimendua bereiztuko. Ez genituzke bizitza eta heriotza bereiztuko; lotuko gintzaizkioke bizitzari inolako atxikimendurik gabe, gauza azaleko, indargeei, urak ez ezik haizeak berak ere errukirik gabe daramatzan horiei lotzen gatzaizkion bezala, esperantzarik gabe, grinarik gabe; lotuko gintzaizkioke heriotzari inolako kezkarik gabe, hiltzea jaiaren hurrengoa balitz bezala: odol festa, hezur dantza, Herioren jauregia arrats apalean, orkestra batek jo eta jo pieza bat dantzarako, beste pieza bat oroimenaren galerako, beste pieza bat gorputz hustuketarako, beste pieza bat ezerezerako.
Uhartea ezer izatekotan paisajea da, kanpokoa batez ere. Itsasoaren ikusmira, itsasoaren indarra, itsasoaren eragina. Itsasoa alde guztietatik. Eta uhartean bizi direnek, maitasunaren eta gorrotoaren arteko lehia ankerrean uhartearen mugak jasaten dituztenek, egunero begiratzen diote itsasoari, edozein aldaketa, txikiena badarik ere, sumatu nahian. Itsasoa ez baita beti bat. Uhartea ere ez. Uhartean bizi diren pintatzaileek ondotxo dakite hori, itsasoak inguratzen duena ere aldatu egiten da egunetik egunera, edo haien begiek, hartaraxe jarrita egonik, hala ikusten dute: edozein harri, edozein errekasto, edozein muino, edozein zuhaitz. Dena da aldatzen, arrotzei bestelakorik iruditzen bazaigu ere. Zehatza da paisajea, eta xehea oso, pintatzailearen esku trebeak bere egin ondoren. Kanpo eta barne, biak bat egiten dira. Izugarri miresten ditut uhartean bizi diren artistak: ikusezina den oro agerira ekartzen dute. Uhartean barne egoera ere, kanpokoaren astinduz, paisaje bihurtzen da, paisaje iheskor, paisaje iheslari. Nola eguzki-erlojuak, orduak marraztu edo adierazi beharrean, orduak libre uzten dituen, halaxe uharteak bere paisajeak; bat baino gehiago baitira, kanpo eta barne.
Berdin gertatzen zaie loreei: goizetik dira distiratsuak, goizetik kolorez jantziak, goizetik usainen tenplu bitxiak, eta gaua iristen denean, uhartean supituki gertatzen dena bestalde, eguzkiak, itsasoaz kanpo, non pausatu ez balu bezala, hilagoak dira distirak, gauarekin lehian baleude bezala, ilunagoak koloreak, baina usainak are sakonagoak, are sarkorragoak.
Dena da txikia uhartean. Eta uhartean bizi direnek, uharteko neurriak, batzuetan etsipenez, bestetan egonarriz, jasaten dituztenek, ondo neurtu behar dituzte beren pausoak, konturatu gabe jo baitezakete kanpoko espazioa, uhartearen jomuga: itsasoa alegia. Bide guztiek, esperantza guztiek eta, are irrits guztiek, zintzo zein gaiztoek ere, itsasoan dute amaiera. Horregatik dira uhartiarren pausoak lasaiak eta geldoak. Ibiltzen dira ibiltzeke ia. Ez da harritzekoa, uharteak urtetan, eta mendetan ere bai esango nuke, kartzela gisa erabiliak izana. Asko idatzi da horretaz ere: Cabrera da eredu. Edo erbeste gisa erabiliak. Asko idatzi da horretaz ere: Elba, Santa Elena, Formentera, Fuerteventura... Uhartean bizi denak badu erbesteko kontzientzia. Zeru-ertzean jartzen ditu begiak, bere buruari galdetuz itsasoak urrutiko lurrak ekarriko ote dizkion eskura. Baina horren ordez itsasoak, ekaitz-giro denean, ontzi puskak hurreratzen dizkio; gose-giro denean, beren sorterria hobe nahian utzita, ezerria aurkitu duten gizon-emakumeak; edo itsasontziak. Beti daude itsasontziak uhartearen jiran, uhartearen gerria bueltaka hartu nahian edo.
Dena da neurtzen zaila. Amodioak eta gorrotoak neurriz kanpokoak dira, uhartiarrek muturrera jotzeko joera baitute, maitatzen dute tai gabe eta aldi berean gorrotatu ere bai, bere uhartetasuna bermatzeko modua baita hori. Izan ere lehorraren eta uraren artean toki gutxi da. Infinituari begi txikiz egiten diote so, eta, saiatu arren, ez dira gauza itsasoaz jabetzeko. Handiegi zaie. Eta gertuegi dute.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.