_
_
_
_
GAIAK
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Esnearena

Ia seiehun kilometro egin behar izan nituen, autoz, preso hura bisitatzeko. ETAkoen dispertsioari buruz protesta egiten dutenek arrazoia izango dute, apika, baina preso sozialez inor gutxi gogoratzen da. Eta haietako asko urrun daude etxetik, oso urrun. Gure erakundeak laguntza eskaintzen die egoera horretan dauden presoen familiei, eta, batzuetan, bisitak egitera bidaltzen gaituzte. Bisitatu behar nuen presoak urrutiko unibertsitatean matrikulatzeko asmoa zuen, eta nik informazioa eramango nion. Erakundeko beste kide bat arduratu behar zen, hasieran, baina azkeneko momentuan gaixo jarri zen, eta ordezkatu behar izan nuen. Ez nindoan, ez, oso gogo onez.

Kartzela berria zen, aseptikoa, dena ertz eta angelu zuzenak. Lokutorioetara eraman ninduten, presoarengana. Lokutorioak ez ziren hain aseptikoak.

Argal zegoen, baina itxura osasuntsua zuen, sendoa. Ikasturte horretan hartu nahi zituen irakasgaiez hitz egiten hasi ginen, zikloez eta kredituez, eta matrikula baldintzez. Niri, zinez saiatzen nintzen arren, zaila egiten zitzaidan arreta mantentzea: nekatuta nengoen oraindik, eta burua beste nonbaiten galduta.

Une batez, bere hizketaldiari ez niola men egiten konturatu zen edo; irribarre egin zuen. Gaiaz aldatu zuen bat-batean. 'Kartzelan daramatzadan urteetan triparik ez ateratzeko hutsezinezko sistema aurkitu dut', pixka bat altxatu, eta sabelaldea erakutsi zidan: lau-laua zeukan. 'Jakin nahi al duzu zein den?'. Behera begiratu nuen, eta gerrikoaren gainetik hazten hasia zitzaidan konkortxo desatsegina ikusi nuen. Presoaren irribarrea gero eta zabalagoa zen. Guztiz esnatu nintzen; baietz esan nion buruarekin. 'Bat ere esnerik ez edatea. Horixe da bidea. Ez esnerik, ez inolako esnekirik. Ezta gazta edo yogurra ere: ezer ez, zero! Egidazu kasu'. Komentzimendu osoz esaten zuen, eta sinestea beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Nik eskerrak eman nizkion, eta saialdi bat egingo nuela agindu nion. Gero hitz egiten jarraitu genuen: enkarguez, huskeriez, funtzionarioen arbitrariotasunaz. Agurra laburra izan zen, gehienetan bezala.

Etxera itzuli nintzen egun beretik heldu nion. Hasieran gogorra egin zitzaidan: sinestezina da esnekiren bat duten jakien kopurua. Gogorrena bexamelari uko egitea izan zen, amak prestatzen zizkidan kroketei batik bat. Baina, ohitu nintzela esan daiteke. Auskalo nola lortu nuen, baina ordutik ez zen nire gorputzean esne tantarik sartu. Eta, kilo gehiegirik galdu ez banuen ere, egunez egun tripa desagertzen hasia zitzaidala ikus nezakeen. Presoak arrazoia zuen. Arrazoi osoa. Eskutitz bat bidali nion, eskerrak emateko; ez nuen erantzunik jaso.

Baina kontuarekin aste batzuk neramatzala amesgaiztoena hasi zen. Izugarriak ziren, eta batzuetan gauaren erdian esnatzen ninduten, izerditan blai. Eskuekin egiten nuen amets, alde guztietatik heltzen ninduten eskuekin, eta putzu ilunekin, eta jainko odoltzaleekin. Izarrik gabeko zeruekin.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Goiz batean nirea ez zen ohe batean esnatu nintzen: ahots irmo batek bizkor janzteko eta lokutorioetara joateko agindu zidan. Bisita nuela. Logale oraindik, baina izututa, txandalak inposatzen zidan piurari jaramonik egin gabe, ondotxo gogoratzen nuen gela baterantz abiarazi ninduten. Han, kristal zikinaz beste aldean, gure erakundeko kide bat ikusi nuen. Ahoa irekitzen hasterako jabetu nintzen: edozer esanda ere, ez ninduen ezagutuko; ez nengoen jadanik nire gorputzean. Nire lankideak, irribarre zabal batez, agurtu ninduen; ea zer moduz nengoen galdetu zidan, adeitsu. Paper batzuk atera zituen maletatik. UNED-eko matrikulazio epeaz hitz egiten hasi zitzaidan.

Nik arnasa hartu nuen, eta jarraitzen utzi nion pixkatxo batean. Apenas entzuten nuen zer esaten zuen. Isilaldi labur batez profitatuz, eskua sabel gainean jarri, eta hitz egiten hasi nintzaion: 'Ba al dakizu? Urteotan triparik ez ateratzeko hutsezinezko sistema aurkitu dut', burua altxatu nuen. 'Azalduko dizut'.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_