Milurtekoa kantuz agurtu
Noiz amaituko da milurtekoa? Zientzia-gizon-andereak eta telebistako sasijakintsuak etengabe ari dira egunotan ahoz-aho dabilen galderari erantzun koherentea eman nahirik. Edonola ere, beste batzuek eztabaida filosofikoari muzin egin diote eta, badaezpada ere, ospatzen hasiak dira jada, 2000. urtean berriz bukatuko ote den jakin nahi ez dutela. Milurtekoari agur esateko hainbat jai eta ekitaldi antolatu dute munduko bazterretan. Katalunian doinuz, kantuz eta dantzaz jantzitako jaialdi erraldoia prestatu dute. Josep Carreras tenorea buru duen Concert Studio promotorearen zuzendaritzapean estilo eta genero desberdinak uztartuko dituzte Milurteko Jaialdia izenpean abenduaren 27tik urtarrilaren 9ra egingo diren 14 emanaldietan, tartean bi euskal kantari izango direla: Ainhoa Arteta eta Mikel Laboa. Antolatzaileen asmoa egitarau "zabala" osatzea eta emanaldi arruntetara hurbiltzen ez diren entzuleak erakartzea izan da, horretarako esparru desberdinak jorratzen dituzten artistak bilduz. Soprano tolosarra, adibidez, bere estiloarekin zerikusirik ez duen artista izango du lagun: Ángel Corella dantzaria. Abenduaren 27an izango da Bartzelonako Palau de la Músican.
Raimonekin batera
Mikel Laboa, berriz, aspaldiko adiskide batekin batera ariko da agertoki berean: Raimon abeslari katalanarekin. Palau de la Músican bertan ezagutu zuten elkar duela 35 urte inguru, 60ko hamarkadan hain zuzen. Donostian jaiotako gazte luze hura aipatu lekura joan zen Raimon izeneko kantari baten emanaldia entzuteko asmoz. Aldaketa garaia zen Katalunian. Zenbait kantari eta kulturgintzako kidek sortu berria zuten Setze Judges izeneko mugimendua, katalanez ez zekitenentzat ahoskaezina zen aho-korapilo baten izenarekin hitz-jokoa eginez. Al vent entzun zuen orduan Laboak eta kantaldia amaitu ondoren Raimonengana hurbildu zen.
Urte haietan sortu zuen gazte luzeak Ez dok hamairu mugimendua, Katalunian ikusitakoa eredu hartuta, eta han hasi zen oraindik eten ez den urtetako harremana. "Raimonek berak deitu zidan Milurteko Jaialdian kantatzeko", dio, "mestizaien ideia azaldu zidan eta ondo iruditu zitzaidan". Geroago itzuliko zen berriz ere Palaura Ez dok hamairu-ko beste bi kiderekin, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin, baina kantaldia eskaintzera orduan. Beraz ezaguna du "joan den mende bukaera eta mende honen hasierarako antzoki ederra", berak esaten duenez.
Hala, aspaldiko lagunekin egoteko aitzakia ezinhobea izango du Milurteko Jaialdian, berak ez baitio "garrantzia gehiegirik" ematen egutegiaren digito aldaketa dela eta sortu den zalapartari. "Esaten dute informatika eta horrelako kontuetan izango direla arazoak", dio apal-apal, "baina guretzat ez da ezer aldatuko. Bizitza aurrera eramatea eta denon artean hobeto konpontzea da kontua. Baina ez dut uste hori urtebetean edo bi urtetan konponduko denik".
Hala ere, agertokira irtetean "pixka bat urduri" jarriko da, beti bezala, batetik "garrantzitsua" delako "urduri jartzea", baina baita Kataluniako entzuleei errespetu handia dielako. "Jende kultua da. Musika entzutera ohituta daude eta kritikoak ere badira. Euskaldunak baino formalistagoak dira, baina oso interesgarriak", azaldu du.
Jaialdiko kontzertu guztiak lau agertokitan egingo dituzte: Liceu, Kataluniako Arte Museo Nazionala, L"Auditori eta aipatu Palau de la Músican. Binaka eta hirunaka ariko dira ia artista guztiak, antolatzaileak haien arteko nahasketarik interesgarriena lortzen saiatu direlarik. Horren erakusle da emanaldiei amaiera emango dien kontzertua, bertan Josep Carreras eta Madredeus taldeko Teresa Salgueiro abeslari portugaldarrak abestuko baitute, Ariel Ramirezekin batera.
Aurretik beste konbinazio interesgarri batzuk izango dira. Vicente Amigo gitarra jole eta konpositorea izango du lagun Sant Cugateko Orkestra Sinfonikoak; Carlos Nuñez gaita jolea eta Elftheria Arvanitaki kantari greziarra ere batera ariko dira; eta beste horrenbeste egingo dute María Dolores Pradera eta Rosanak. Guztira, 20tik gora artistak esango diote agur milurteko zaharrari.
Disko berria datorren hilean
Urtarrilean disko berria aurkeztuko du Mikel Laboak. Bartzelonan abesteko entseguak grabaketa lanekin nahastu dira, eta leku guztietara ezin helduta dabil egunotan. Abuztuan Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskaini zuen emanaldia izango da lan berriaren oinarria. Donostiako Orfeoia eta Euskadiko Orkestra Gaztearekin batera aritu zen kontzertu hartan.Aurkezpen ekitaldi eta promozio lanaren zurrunbiloan murgildu aurretik, arnasa hartuko du Katalunian aspaldiko lagunekin. Oraindik ez daki Gabonzaharra non emango duen. "Raimonekin egongo gara. Ez dakit han gelditu edo etxera etorriko naizen. Bertan ikusiko dugu", dio.
Ainhoa Artetak, bere aldetik, beste bi kontzertu eskainiko ditu urtea agurtu aurretik. Datorren asteazkenean, Vienan, Mario del Monaco-ren omenaldiko jaialdian abestuko du beste hainbat artistekin batera. 31ean, azkenik, New Yorkeko Metropolitanen ariko da, Gabonzaharreko galan hain zuzen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.