_
_
_
_
Reportaje:

Literatur itzulpenak amaraunean

Armiarma sareko guneak 'Euskarari ekarriak' ataria zabaldu du - Euskarara itzulitako literatur testuak autoreka katalogatuta eskaintzen ditu atariak

Armiarmak euliak harrapatzen dituen bezala, pixkanaka baina temati, horrela harrapatzen ditu euskarazko itzulpenak Euskarari Ekarriak sareko atariak. Susa argitaletxeak kudeatzen duen Armiarma web guneak sortutako atari berria da, eta euskarara itzulitako testu literarioak jasotzen ditu. Bederatziehun idazle baino gehiago daude katalogatuta, aurreikusitakoak baino gehiago, eta hainbat autoreen testuak sarean irakurtzeko aukera eskaintzen du. Horregatik, euskal itzulpengintzaren ondare garrantzitsua azalera ekartzen lagundu du Euskarari Ekarriak atariak.

"Euskarara itzuli diren testu literario guztiekin inbentarioa egin nahi dugu, eta Interneten eskuragarri jarri", dio Gorka Arresek, atariko partaideak eta Susa argitaletxeko editoreak. "Liburutegi birtual publiko bat eraikiko dugu horrela. Testuak eskuragarri jarriko ditugu, eta doanik izango dira". Xede horrekin ari dira Euskarari Ekarriak liburutegi birtuala osatzen. Bi mila izenburutik gora zerrendatu dituzte oraingoz, eta ugaritzen joatea da atariaren asmoa. Honekin batera, autoreen biografiak kontsultatu daitezke, zuzenean edota esteka bidez, eta itzulpenen gaineko kritikak ere jasotzen dira. Informazio honekin guztiarekin euskal itzulpenen ondarea zenbaterainokoa den agerian utzi nahi da, era erraz eta eroso batean.

Euskara ekarritako itzulpenen ondarea uste baino emankorragoa da

Genero ezberdinetako testuak aurkitu daitezke atarian, eta liburuen erreferentziez gain, bestelako argitalpenen erreferentziak ere eskaintzen dira. Aldizkarietan itzulpen asko plazaratu dira, esaterako, eta bertako testuak ere berreskuratzen ari dira. XX. mendeko aldizkariak arakatzea da atariaren erronka nagusienetako bat, hain zuzen ere. "Frankismo garaian debekatuta zegoen euskarazko liburuak argitaratzea. Garai horretan Euzko Gogoa izeneko aldizkaria zegoen erbestean, eta bertan Shakespeare idazlearen obra osoak euskaraz argitaratu ziren, adibidez. Bestelako testuak ere argitaratu zituzten, latinoak, grekoak, edo idazle garaikideagokoenak. Bere biziko garrantzia dute itzulpen hauek euskal literaturaren historia ulertzeko".

Testu hauetako asko sarean bertan kontsultatu daitezke. "Armiarma gunearen barruan Literatur Emailuak izeneko ataria dago. Astero liburu bat osorik argitaratzen dugu bertan, eta azken aldian itzulpenekin lan asko egiten ari gara. Horregatik, ekarpen horiek Euskarari ekarriak atarian ere islatzen ditugu. Gure asmoa astero itzulpen bat online jartzea da". Virginia Woolf idazlearen urtemuga izango da gaur zortzi. Data aitzaki hartuta, Farorantz liburuaren itzulpen osoa zintzilikatuko dute, esaterako. Gainera, testuak deskargatzeko aukera ere aurten martxan jartzeko asmoa daukate.

Emaitza uste baino oparoagoa izan dela dio Arresek, aurreikusitakoa baino autore gehiagoren itzulpenak elkartu baitituzte. "Gu geu harrituta geratu gara bederatziehun autore baino gehiagotara iritsi garelako, ez baikenuen uste hainbeste idazle euskarara itzuliak zeudenik. Asko egon zitezkeela susmatzen genuen, horregatik hasi ginen lanean, baina aurreikusitakoak baino gehiago aurkitu ditugu". Idazleak eta itzultzaileak ere harrituta geratu dira, Arreseren hitzetan. "Itzultzaile eta idazle askok ez dakite itzulpenen benetako dimentsioa zenbaterainokoa den. Gure lana eskertzeko deitzen dutenean, ze ezjakintasuna dagoen aipatzen digute. Horregatik, atariak ondare honen kontzientzia hartzeko balio izan duela uste dut. Urteetan jende askok lan asko egin duela agerian geratu da, eta munduko literaturako obra dezente itzulita daudela konturatu gara".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Astero-astero berritzen joango da ataria. Efemerideak aitzaki hartuta autore berrien erreferentziak eta testuak zintzilikatuko dituzte, eta beste autoreen inguruko informazioa ere osatzen joango dira. "Euskal literaturako itzulpengintzaren puzzle bat egitea bezalakoa da, piezaka ahokatzen goaz".

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_