_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Berunezko garaiak

Gerra zibila literatur gaitzat hartzeko arrazoiez mintzatu dira Atxaga, Izagirre, Iturralde, Mujika Iraola eta Jimenez

1951 eta 1953 artean jaio ziren, gerra zibila galdu zutenen idatzizko aipamenik nekez aurki zitekeen hamarkada beltzean. Ziur aski horregatik, Edorta Jimenez, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre eta Joxemari Iturraldek garai horren itzala jaso dute beren literaturan. "Ez zen izan bonbak jausi zitzaizkidala", dio Atxagak, "baina bonba horiek utzitako egoerak aztarna sakona utzi du nire bizitzan". Gatazka haren zaurien arrastoan ibili da azken hilabeteetan idazlea Markak bere lan berria osatzen duten poesiekin "erakusketa idatzia" sortzeko, berarentzat balio katarsikoa izan duen ahaleginean. "Ez nuen hori idazteko asmorik. Egia esan, erresistentzia handia aurkitu dut nigan hori idazteko, baina kemena aurkitu dut erresistentzia hori hautsi eta idazteko. Eta benetan liberazioa izan da", aitortu du.

"Gerrak badauka bere plastika ere; egoera berezi horretan pasio guztiak maila gorenean daude"

"Familia guztietan izan dira istorio ugari gerra zibilarekin lotuta", gogoratu du Atxagarekin batera Pott Banda sortu zuen Joxemari Iturraldek. Istorio horien oroimenak eraginda edo, bi liburutan hartu du gatazka hura idazteko gaitzat, Izua hemen eta Hyde Park-eko hizlaria eleberrietan zehazki. "Oso hurbilekoa zait", azaldu du, berriz, Izagirrek, "gurasoek transmititu didate beraiek bizi izan zutena. Bestalde, gerra, berez, muturreko egoera da, heroikotasuna saldukeriarekin nahasten da, ikara ausardiarekin..." Gerratik ihesi zihoazen pertsonaia xumeekin osatu zuen Sua nahi, Mr. Churchill? ipuin-bilduma bikaina, "gerra hartako protagonista apal mordoa ezagutu dudalako".

Hurbiltasun horretatik haratago, edozein gerra eszenatoki egokia da literatura-sorkuntzarako, egileek beraiek aitortzen dutenez. "Gerra muturreko egoera da eta onenaren eta txarrenaren gertalekua", azaldu du Izagirrek, "gerrak badauka bere plastika ere, suntsimenduarena, zikinkeriarena, ohikoa ez dena". Horrek guztiak "ezin egokiagoa" egiten du idazlearen ikuspegitik, Iturralderen arabera. "Hortxe, egoera ezin bereziago horretan, baitaude bizitzan eman ohi diren pasio guztiak beren maila gorenean. Gerra zibileko giro batean dena dago areagotuta, gizakiak dena eramaten baitu gehiegikeriaraino; horrek egiten ditu liburu horiek hain erakargarriak".

Pixka bat gazteagoa izan arren (1963an jaio zen), Inazio Mujika Iraola hainbat aldiz hurbildu da gerra zibilera bere literatura-ibilbidean zehar. "Beti egon da presente nire lanetan", azaldu du berriki Sagarrak Euzkadin (Kurieka izeneko gudariaren ibilerak kontatzen dituen narrazioa, egileak jasotako benetako testigantzetan oinarritua) aurkeztu duen idazleak. "Nire lehen liburuan (Azukrea belazeetan, 1983) dagoeneko gerra zibilaren arrastoak bazeuden. Geroztik ia nire liburu guztietan agertu da, nola edo hala".

"Edozein gerra teatro egokia da gizakiaren alderdi onenak eta txarrenak agerian jartzeko, eta literarioki oso interesgarria iruditu zait", aitortu du egileak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Mujika Iraolak gerraren lekukoek utzitako testigantzetan arakatu du gerora liburuetan erabiliko zuen informazio bila. Horrela aurkitu zuen, adibidez, Gerezi denbora narrazioan erabili zuen egiazko pasadizoaren berri: gerraren zurrunbiloan, apaiz batek eta anarkista batek artzapezpiku preso bat askatzeko bat egiten duten saioa. "Hori beharbada izango da nire lanetan alderdi ideologikoa, nolabait esateko gizakia dagoela ideologia horien gainetik".

Jimenezek alderdi horiek islatu zituen Kilkerren hotsak eleberrian. Besteak beste, Alejandro Mallona Mundakako alkatearen fusilamendua kontatzen du liburu honetan. Idazlea Alemanian izan da berriki liburu horren itzulpena aurkezten. "Nik kasu bat aztertu dut, egiazkoa. Fusilamendu hori benetakoa da. Batzuen gustukoa ez da izan, euren aitita-amamak faxistak izan zirelako, oraindik badago fusilamenduetan parte hartu zuen jendea", argudiatu du bere liburuan erabili zuen kasua gogoan. "Nire ustez badago oraindik zer fikzionatu. Hau oraindik faxistez josirik dago; faxistez josirik egon zen atzo eta faxistez josirik egongo da".

"Gerrak zibilak presentzia izugarria du oraindik", aitortu du Atxagak ere. "Batez ere ez delako egon tartean katarsirik. Beharbada horregatik ari gara orain egia atera nahian".

40 urteko isilunea

Gerra zibilak sekulako hutsunea utzi zuen euskal letren munduan. Matxinatuen garaipenarekin batera, erro-errotik ezabatu zen gatazka piztu aurretik euskal kulturaren inguruan hasia zen berpizkunde ahalegina. Ez dago jakiterik noraino iritsiko ote zen, adibidez, Lauaxetaren literatura egilearen bizitza Gerizko hilerriko fusilamendu-horman bukatu izan ez balitz. "Goiz eder onetan erail behar nabe / txindor baten txintak gozotan naukela? / El naiten leyora begiok intz gabe", idatzi zuen hil bezperatan Laukizko idazleak heriotzaren etorrera sumatzen zuela, kazetari bat Gernika bonbardatua bisitatzera zeramala atxilotua izan ondoren. Azken oyua hura izan zen, beraz, gerrari buruzko lehen testigantza literarioa txikizioa hasi zenez geroztik. Eta azkena denbora luzean.

Joxe Eizagirrek Errepublika garaiko EAJko diputatu eta idazleak gerran girotutako Ekaitzpean izenburuko eleberria argitaratu zuen 1948an Buenos Airesen, Ekin argitaletxearen babespean.

Baina diktadurak isilarazi zuen ez soilik euskaraz ari ziren idazleen ahotsa, ildo ofizialarekin bat ez etortzekotan. Atxagak berak Markaken gogoratzen duenez, 1960a Blas de Otero poeta bilbotarra Gernika aipatzera ausartu zen poema batean. CA NI GUER jarri zion izenburu, Picassoren izena gehituz parentesi artean. Zentsoreak ez omen ziren ezkutuko mezuaz ohartu.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_