_
_
_
_
_
Entrevista:LUDGER MESS | EHUko Euskara errektoreordea | Gaiak

"Unibertsitatean itxaropen-haize berria sumatzen hasi da"

Unibertsitatean hizkuntzari dagokionez "beste jauzi bat emateko garaia" iritsi dela deritzo Ludger Mess (Essen, Alemania, 1957) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara errektoreorde eta Historia Garaikideko katedradunak. Hain zuzen ere, filosofia hori izango du ardatz erakundea prestatzen ari den Euskararen Plan Gidariak. ETAren su-etenaren harira campusetan "haize berria" sumatzen dela aitortzen du, eta giro hori finkatzen laguntzeko laster unibertsitateak "eztabaidagune zabala" abian jarriko duela iragarri.

Galdera. Euskarari dagokionez hainbat urtez normalizazio planez aritu ondoren, Euskararen Plan Gidaria prestatzen ari zarete orain. Hizkuntza normalizatuta dagoela esan nahi du horrek deitura aldaketa horrek?

"Normaltzat jo daiteke euskaldunek nolabaiteko konplexuak izatea, baina nire ustez iritsi da garaia hizkuntzari dagokionez ere normaltasunez jokatzen has gaitezen"
"Beharbada gehiago egin beharko genuke bakea, demokrazia, elkarbizitza eta aniztasuna gure ikasgeletan eztabaidagai izan daitezen, hori ere unibertsitatearen zeregina baita"

Erantzuna. Ez dugu uste euskara unibertsitatean guztiz normalizatuta dagoenik, gizartean gertatzen diren arazoak han ere sumatzen direlako. Baina erabat normalizatuta ez dagoen arren, uste dugu Euskal Herriko Unibertsitatean azken urteotan aurrerapauso handiak eman direla eta iritsi dela garaia txipa aldatzeko; hau da, euskara hizkuntza gutxitua bezala tratatu behar dela pentsatu beharrean, iritsi da unea beste jauzi bat emateko. Ghettotik atera gaitezen eta hasi gaitezen modu normal batean tratatzen euskara bera ere.

G. Beraz, mentalitate aldaketa behar da?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Normaltzat jo daiteke euskaldunek nolabaiteko konplexuak izatea, historia luzea dagoelako horren atzean. Baina nire ustez euskaldunok defentsiban egon gara luzaroan, eta garaia iritsi da normaltasunez jokatzeko. Adibidez, EHU unibertsitate publikoa da eta gizartearen eskariei aurre egin behar die. Une honetan geroz eta jende gehiagok ikasi nahi du euskaraz eta eskari hori bete behar dugu. Beraz, kontua ez da euskara normalizatu behar dela, baizik eta gizartearen eskariak betetzea. Perspektiba aldatu egin da.

G. Eta zertan gauzatuko da filosofia hori?

E. Hiruzpalau atal nagusi izango ditu plan gidariak. Batetik, euskarazko ikasketen eskaintza dago. Gure helburu orokorra da oraingo titulazioetan derrigorrezko ikasgaiak euskaraz eskaintzea, oso salbuespen gutxirekin. Irakasleei dagokienez ere ahalegin berezia egin beharko dugu, gaur egun herenak besterik ez baitira euskaldunak. Administrazio eta zerbitzu alorrak ere landu nahi ditugu, euskaraz ze lanpostu eskaini behar diren erabakitzeko. Hirugarren arlo garrantzitsua, agian garai berriarekin lotuta, erabilerarekin lotutako arazoak dira. Irakasleek komunikatzeko gaitasuna landu beharko lukete.

G. Nola txertatzen dira estrategia horretan beste unibertsitate batzuekin, Frankfurtekoa kasu, izenpetu dituzuen hitzarmenak?

E. Oso garrantzitsuak dira aipatu dudan defentsiba horretatik ateratzeko. Gaur egun Euskal Herria bezalako herri txiki batek ez baditu kanpoan ere lagunak, nekez izango luke etorkizunik.

G. Badira 14 bat urte EHUn irakasten hasi zinela. Nolako bilakaera izan du erakundeak aldi honetan?

E. Zaila da hori bi hitzetan esatea. Euskal Herriko Unibertsitatea oso unibertsitate handia da eta horrelako erakundeetan aldaketak egitea oso zaila da, unibertsitateko jendea ere oso kontserbadorea izaten delako askotan. Hori kontuan hartuta, EHUren aldaketa-prozesua oso mantsoa izan da. Hala ere, badauzkagu punta-puntako zenbait arlo ikerkuntzaren alorrean. Nire ustez, oraindik daukagun gabezia da nazioarteko harreman gutxi dauzkagula. Bestalde, arlo politikoa dago. Urte latzak bizi izan ditugu gatazka politikoa, bortxakeria eta terrorismoa direla-eta. Horrek baldintzatu egin du unibertsitatea eta unibertsitateak izan behar duena, hau da, jende desberdinak eztabaidatzeko lekua izatea. Azken bolada honetan, su-etena dela-eta, unibertsitatean itxaropen-haize bat dabilela susmatzen da.

G. Zer egin behar du unibertsitateak giro hori gizartean finkatzeko?

E. Unibertsitatea ez da eragile politikoa. Hala ere, gauza asko egin ditzake, batez ere eztabaidaguneak sortu, iritzi desberdinak dituzten pertsonek parte har dezaten. Lortzen badugu jende desberdinak gai korapilatsuei buruz hitz egitea, asko aurreratuko dugu. Bigarrenik, unibertsitatea hiritar berriak hezten dituen erakundea da, hiritar demokratikoak, bere kabuz pentsatzeko gai direnak eta oinarrizko balore batzuk dituztenak. Unibertsitateak gogoeta egin behar du horren inguruan ere. Beharbada gehiago egin beharko genuke bakea, demokrazia, elkarbizitza eta aniztasuna gure ikasgeletan eztabaidagai izan daitezen.

G. Pauso zehatzik eman behar duzue norabide horretan?

E. Zuzendaritza-taldea eztabaidagune zabal bat lantzen ari da, gizartean garrantzi handia duten gaiak aztertuko dituena, ez soilik politikoak. Horren bidez unibertsitateari dagokion zeregina bultzatu nahi dugu, hau da, gizarte askearen aitzindaria izatea eta gizartean puri-purian dauden gaiez eztabaidatzea. Laster horren berri izango duzue.

G. Errektoreordea zarenetik bazterrean utzi behar izan duzu historiografia-lana?

E. Azken aldi honetan ia ez dut astirik, baina azken bi urteotan egun libreak aprobetxatu ditut Agirre lehendakariaren biografia idazteko. Uda honetan azken ukituak emango dizkiot eta urrirako izango da kalean.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_