_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Txalaparta 'klasikoa'

Tresna honetan oinarrituta, Luis de Pablok 'Zurezko olerkia' estreinatu zuen Bonn-en duela 30 urte, Artze anaien lankidetzaz

Hernaniko Musika Eskola Publikoak Txalaparta Festaren 20. edizioa ospatuko du ostegunetik larunbatera bitartean. Hauxe da musika-tresna bitxi hau oinarritzat hartuta geure artean antolatzen den ospakizunik handiena, eta aurreko urteetan bezalaxe, lehengo eta oraingo txalapartarien lanak entzun ahal izango dira Biteri kultur etxeko emanaldietan eta Ezkiaga pasealekuan, larunbat iluntzean egingo den jaialdi nagusian.

Txalapartak ez du parekorik inguruko herrialde eta kulturetako musika-tresna tradizionaletan. Duela 50 urte, Zuaznabar eta Goikoetxea anaiak ziren, Lasarte eta Donostia aldean, Euskal Herrian zeuden txalapartari bakarrak. Hauek esanda dakigu, aurreko belaunaldietan txalaparta auzolanetarako eta gizarte giroko ekitaldietarako erabiltzen zela nagusiki.

Más información
Hernaniko Festa eta aitzindarien gomuta

Ekitaldi horietako batean ezagutu zuen txalaparta Joxean Artzek, zortzi urteko mutikoa zelarik. "Herriko festak ziren eta bat-batean, bi baserritar ohol batzuk jotzen hasi ziren; oso gutxitan sentitu dut orduan sentitu nuen zirrara", gogoratu du.

Ia 20 urte geroago, Basterretxearen Pelotari filmean entzun zuen berriro tresna zaharraren oihartzuna. "Handik gutxira, Zuaznabartarrak ezagutu eta txalapartan ikasteari ekin genion anaiak eta biok", azaldu du. Hiru hamarkada luze egin zituzten elkarrekin, harik eta, duela lau urte, anaia Jesus hil zen arte.

Ordurako, hasi berria zuten Elkar argitaletxeak enkargatutako txalapartari buruzko disko-liburua, baina zaleek bi urte itxaron beharko dute oraindik esku artean erabili ahal izateko.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Asko da Artzek liburu honetan kontatzeko daukana, baina bitxiena, dudarik gabe, tresnaren jatorriari buruzko tesia da: "Txalaparta, historiaurreko haitzuloetan, irrintzian eta dantza batzuetan irudikatzen den zaldi mitikoaren lauhazka besterik ez da".

Txalaparta zaharra musikaren abangoardian sartu zen duela 30 urte. Bonn-eko (Alemania) Beethovenhalle kontzertu-aretoa izan zen gertakari bitxi haren eszenatokia. Bertara bildutako melomanoek txalapartaren oihartzunetan oinarritutako Zurezko olerkia entzun ahal izan zuten lehendabiziko aldiz, Luis de Pablo konpositorea eta Artze anaia txalapartarien arteko lankidetzari esker.

Zurezko olerkia "ordubeteko gogoeta luzea da", De Pabloren esanetan. "Obra honetan, musikak ez du norabiderik; inguratu egiten gaitu, biderik gabeko baso itxi batek inguratuko gintuzkeen bezalaxe", gaineratu du.

Basoko giro liluragarri hori lortzeko, Bilbon jaiotako musikagileak hiru soprano, bi tenore, bi baxu eta mezzosoprano baten ahotsak uztartu zituen Artze anaien txalapartarekin eta zurezko beste perkusio-instrumentu batzuen barrunbadekin.

Sentsazioa areagotu nahian, pago-enborretan hazten diren onddo parasito batzuk ere eraman omen zituzten Bonn aldera, eszenatoki gainean erre eta basoko usaina iradokitzeko asmoz. "Baina segurtasunagatik, aretoko arduradunek ez ziguten baimenik eman onddoak erretzeko", gogoratu du Joxean Artze olerkari eta txalapartariak.

Zurezko olerkia egiteko ideia hegazkin batean zegoela bururatu omen zitzaion Luis de Pablori, "Kanadako indiarrek egurrez eta hezurrez egiten dituzten musika-tresnei buruzko artikulu bat irakurtzean, alegia", azpimarratu du konpositoreak.

Gertatuak gertatu, Remigio Mendiburu eskultore hondarribiarra izan zen, hein handi batean, txalaparta kontzertu-aretoetara eramatea posible egin zuena. Mendiburu egurrari lotutako artista izan zen, eta 1965ean, txalapartari eskainitako eskultura bat aurkeztu zuen Madrilen antolatutako erakusketa batean.

Mendiburu Luis de Pabloren lagun mina zen orduan, eta inaugurazio egunerako, txalapartari buruzko hitzaldi labur bat presta zezala eskatu zion konpositoreari. Ekitaldia girotzeko, Mendiburuk txalapartari batzuk eramateko eskatu zien Artze anaiei. "Orduantxe ezagutu genuen Luis de Pablo", azaldu du Joxeanek.

Handik gutxira, Mendibururen txalaparta Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren ikur bilakatu zen Artzetarrek proposatuta, eta antzinako musika-tresnaren oihartzunak Euskal Herri osora zabaltzen hasi ziren. 1971n, De Pablok bultzatutako Iruñeko musika-topaketetan, Artze anaiek nazioarteko musikarien aurrean aurkeztu zuten txalaparta zaharra, John Cage, Juan Hidalgo, Walter Marchetti, Steve Reich eta abangoardiako beste artista batzuk lekuko zirela.

Zurezko olerkiari dagokionez, Bonn-eko kontzertuaren ondoren, De Pablok eta Artze anaiek Parisera, Estorilera eta Europako beste zenbait hiritara eraman zituzten txalaparta klasikoaren doinu sarkorrak. Baina ez zuten behin ere aurkeztu Euskal Herriko ezein eszenatokitan.

Kea taldeko Hodei Lizaso eta Sergio Lamuedra txalapartariak izan dira geure artean De Pabloren Zurezko olerkia interpretatu duten bakarrak. Errenteriako Musikaste eta Donostiako Musika Hamabostaldian jo zuten 2000 urtean, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.

Donostiako Kursaalen egin zuten emanaldiaren grabazioa CD formatuan jarri zuten salgai. Badago beste bertsio bat, Joxean eta Jesus Artzek egindakoa. Jose Luis Temes madrildarrak zuzendu eta grabatu zuen 1992an, eta SGAEren Autor disketxeak plazaratu zuen 2003an.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_