_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Erdi Aroaren ispilu

Duela mila urteko bizimodua islatzen duen Interpretazio Zentroa zabaldu dute Seguran

Nolakoa izan zen XI. edo XII. mendeko euskaldunen bizimodua? Egia al da mundutik isolatuta bizi zirela? Nola ikusten zuten mundua eta munduaz gaindikoa? Galdera hauentzako erantzun guztiak Gipuzkoako Segura herrian abiarazi berri duten Erdi Aroko Interpretazio Zentroan daude, Ardixarra izeneko etxetzar dotorean.

"Zentro honek Erdi Aroaz ditugun hainbat mito desegiten lagunduko du", esan du Iosune Arrondok, Segurako Udaleko Turismo eta Kultura teknikariak. Mito horietako nagusia isolamenduarena da, askotxo baitira oraindik Erdi Aroko Euskal Herria mundutik aparte bizi zela uste dutenak. "Segura herria bera Gaztelako erresumak sortutakoa da. Garrantzi estrategiko handiko gune batean sortu zuten, gainera, Europara zihoan bide nagusiaren ondoan, alegia", gaineratu du Arrondok.

Ondorioz, Gipuzkoako Goierri eskualdearen bihotzean kokatuta dagoen herri ikusgarri honen antolaketa urbanistikoa ere orduko ereduei jarraituz egin zen. "Garai hartan, hiru egitura-mota zeuden, nagusiki: Donostian erabili zuten erromatar erakoa, kale perpendikularren bidez osatutakoa; Tolosan abiarazi zuten angelu obalekoa, erdian hiru kale eta kanpon erdialdera jotzen duten beste bi kale dituena, eta hiruangelu itxurakoa, Segura herria antolatzeko baliarazi zutena", argitu du Kultura teknikariak. Europarekiko desberdintasunen bat aipatzekotan, Euskal Herriko hiribilduetan ez zegoen gazteluak eraikitzeko ohiturarik, Frantzia, Ingalaterra edo Alemanian bezalaxe.

Monumentu-multzo izendatuta dagoen Segura hiria sortu zenean, gori-gorian zeuden Gaztela eta Nafarroaren arteko ezinikusiak eta lapurren erasoak etengabeak ziren Euskal Herriko bide nagusietan. Hala eta guztiz ere, Done Jakue Bidea egiten zuten erromesek lasai asko zeharkatzen zuten Segura hiria erret-bideari jarraituz, gaizkileen beldurrik gabe. Galiziaranzko bidean Gipuzkoako Goierritik pasatzen ziren jatorri desberdinetako jende haien joan-etorriek berealdiko eragina izan zuten Segura eta inguruko herrien bizimoduan. Kristautasuna ere inguruko europar herrialdeetan bezala zabaldu zen.

"Gizarte antolakuntzari dagokionez, Euskal Herriko Erdi Aroko herrietan ez zegoen aipatzeko moduko berezitasun handirik; diferentziak aurkitzekotan, garaiko arropetan bilatu behar dira, eta batez ere emakumezkoen janzkera berezietan, kontu honetan alde handiak baitzeuden, esate baterako, Gipuzkoa eta Nafarroako emakumeen artean", zehaztu du Arrondok.

Azalpen hauek guztiak baliabide teknikorik aurreratuenen bitartez jasoko dituzte Segurako Ardixarra etxera inguratzen diren guztiek. Duela hamar bat urte, Udalak etxea erostea erabaki zuen, bere balio historiko-artistikoa kontutan hartuz. Harez geroztik, makina bat asmo erabili dituzte gogoan herriko agintariek XVI. mendeko etxe honi kultur erabilpenen bat egokitu nahian, baina argi zeukaten bertako historiarekin zer ikusia izan zezakeen ekimenen bat bultzatu behar zutela.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Finean, Erdi Aroko Interpretazio Zentroa eratzea erabaki zuten, Euskal Herriko lehena; eta erabakia gauzatu ahal izateko, zazpi milioi euro inguruko inbertsioak bideratu behar izan dituzte Segurako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Etxearen barrualdea birmoldatzeko lanak amaitu eta behar ziren instalazio tekniko guztiak antolatu ondoren, zentroa uztailaren 30ean zabaldu zen estreineko aldiz jendearentzat.

Ardixarra etxearen lehen solairuan, tailerra eta ikuilua egon ziren tokian, Segurako Turismo Bulegoa jarri dute. Bigarren oina hutsik dago, bisitariak etxearen mendeetako giroa garbi eta zuzen soma dezaten. Erdi Aroko Interpretazio Zentroa hirugarren solairuan paratu dute. Bertan, agiriak, lanabesak, denetariko objektuak eta hiru dimentsiotan ekoiztutako bi ikusentzunezko eskaintzen dituzte, Erdi Aroaz bata eta Segurako XIV. mendeko historiaz bestea.

Ardixarra etxeko Interpretazio Zentroa arratsaldez zabaltzen da, eta udan, bisita gidatuak eskaintzen dituzte.

Iraganaren ekarria

Alfontso X.a Gaztelako Erregearen aginduz sortu zen Segura hiria, 1252. urtean. Erret-bidea zeharkatzen zuen artean Goierriko herri ikusgarri hau, eta Gaztela eta Europa arteko komunikazio sarearen leku estrategioa zen. Ordizia eta Tolosa ere urte horretan sortu ziren eta errepide multzo berean zeuden kokaturik.

Honela, 1252.ean, erregearen aginduz, defentsarako plan estrategikoa burutu zen Seguran, harresiak eraikiz. Egun, ia 800 urte geroago, harresi horiek nahiko zutik eta tente diraute. Izan ere, herriaren Erdi Aroko kutsua erraz suma daiteke oraindik bertako kaleetan, eta kutsu horrexeri jarraituz zabaldu du Segurako Udalak Ardixarra etxean Euskadin Erdi Aroaz dagoen lehendabiziko Interpretazio Zentroa.

Eraikuntza bera da museoaren alderik nabarmenena, XVI. mendeko egurrezko egitura duen Euskal Herriko etxerik zaharrenetakoa baita. Bertan bizi izan zen pertsonaiaren goitizena da Ardixarra, etxearen tradiziozko izenak mendeen joan-etorrian galdutako Don Gartzi misteriotsu baten oroimena gorde baitu betiko.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_