_
_
_
_
_
Entrevista:JESÚS ATXA | Ikastolen aitzindaria | Gaiak

"Ikastola publiko eta pribatuen arteko lotura egokitu behar da"

Jesús Atxaren (Aretxabaleta, 1920) bizitzari euskara dario. Errepublika garaian gauzak ez zirela errazak dio, eta diktaduran are eta gehiago okertu zirela. Halere, 60. hamarkadan ikastolen mugimendua pizten saiatu zen, aitzindari dugu horretan. 1970tik 1984era San Fermin ikastolako zuzendari izan zen. Eusko Ikaskuntzak Lekuona Saria eman berri dio eta aurtengo Nafarroa Oinezen euskaltzale ororen omenaldia jasoko du. Kritikoa da euskararen geroaz, nahiz eta itxaropenari eusten dion.

Galdera. Nola piztu zitzaizun euskararen alde jarduteko gogoa?

Erantzuna. Etxean, txikitan, euskaraz mintzatzen ginen, berezko hizkuntza genuen, idealik gabe, ohituraz. Zeruko Argia eta Jakintza bezalako aldizkariak jasotzen genituen etxean. Errepublika garaia zen eta euskal aize freskoa iristen zitzaidan. Halere, eskolan erdara baino ez zen existitzen

"Errepublika garaian, liburuak gordetzeko esan ziguten, polizia etor zitekeelakoan

G. Egungo egoera baino hobea al zen Errepublika garaikoa?

E. Ez, ez. Gaurkoa baino okerragoa zen. 14 urtez, 1934an, Durangora joan nintzen, Jesuitekin. Isilpean, eskolan, euskarazko liburuak igarotzen zizkidaten. Latina ere ikasi nuen eta itzulpenak egiten nituen bi hizkuntza hauen artean. Gogoan dut behin euskarazko liburu guztiak gordetzeko aholkatu zigutela, arratsaldean polizia etortzekoa zelakoan. Etorri ziren eta liburu guztiak eraman zituzten.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

G. 16 urtez, Espainiako gerra piztean, Beljikara joan zinen eta ondoren hego Amerikara. Zer harreman izan zenuen han euskararekin?

E. Caracasen Jon Oñatibia ezagutu nuen eta saiatu ginen elkarrekin ekimen euskaltzaleak antolatzen. Euskaldunak euskaraz aldizkaria argitara eman genuen, euskal idazleak biltzen saiatu ginen. Iñaki Eizmendi Basarri eta Leizaola lehendakari izandakoaren anaia bat izan nituen lagun. Halere, bazen zatiketa euskaldunen artean, Acción Vasca, EAJ, komunistak...

G. Eta 1945ean berriro Euskal Herrira itzuli zinen.

E. Bai, enkarguz beteta itzuli nintzen, baserriz baserri banatzen ibili behar izan nuen, beraz, eta horietako bat ematerakoan Martin Ugalde ezagutu nuen. Uste dut ni izan nintzela Martin idazten ipini zuen lehena.

G. Nola izan zen posible 60ko hamarkadan ikastolen moduko ekimena aurrera ateratzea?

E. Abantaila bat izan genuen, gaur ez dagoena. Artean ez genuen aldeko instituziorik edota Euskaltzaindiarik, ezta alderdi politikorik ere, beraz, biltzen ginenen artean hartu behar genituen hartu beharreko erabaki guztiak. Honela, nahikoak ziren bost-sei lagun ikastola bat martxan ipintzeko.

G. Eta gaur egungo gizartean, ba al du zentzurik ikastola pribatuaren presentziak Nafarroan edota Euskal Erkidegoan?

E. Bai, baina egin behar dena da ikastola publiko eta pribatuaren arteko loturan asmatu, egokitu. Arriskutsua ikusten dut hezkuntza-sistema goitik behera politikoen eskutan uztea. Aldiz, irakaskuntza pribatua egokia gerta daiteke baldin eta gobernuen aldetik dirua jasotzen badu, baina hauek trukean kontrola ezarri gabe. Zaila da, ia pentsaezina, baina formula berriak asmatu behar dira, pentsamolde zaharkituak atzean utziz, eta uste dut baten batzuk horretan ari direla jadanik. Nire ametsa da euskal eskola publikoa ikastolen ereduarekin funtzionatzen ikustea.

G. Sinesten al duzu elebitasunean, hizkuntzen arteko oreka lor litekeela?

E. Begira, biloba ikusten dut ingelesez idazten, arazorik gabe. Denok hiru hizkuntzatan hitzegitea nahi nuke, euskara barne.

G. Nafarroan haurren %30 "D" ereduan matrikulatzen da. Erritmo honetan normalizatu al daiteke gizartea noizbait?

E. Beti egongo da euskara erdararen menpean, hori hala da. Gure hizkuntza motor zaharra daukan kotxearen antzekoa da, 10 kilometro orduko abiaduraz doana eta hala ere eragozpenak ipintzen dizkiotena.

G. Lekuona Saria jasotzean, Miguel Sanz Nafarroako presidentea aurrean zenuela, euskarak autopistak behar dituela bota zenuen.

E. Begira, gogoan dut Ameriketatik bueltan, Elorrion bizi nintzela, apaizari ea mezatan euskara sartzeko ahalegina egiteko prest ote zegoen galdetu niola eta berak baietz, baina pixkanaka izan behar zuela. Eta nik orduan pentsatzen nuen Elorrion gerra aurretik mundu guztiak euskara zuela berea eta bapatean armaz sartu eta egun batetik bestera gaztelera inposatu zigutela. Eta, orduan, zergatik izan behar da piskanaka euskara bultzatzearena? Zeren beldur dago? Ezin dut ulertu.

G. Eta egun, nola ikusten duzu Miguel Sanzen gobernuaren jokabidea?

E. Tristea da jakitea euren hizkuntzen kontra ari diren gobernuak daudela, Nafarroa hizkuntza-eremuetan banatuta izatea.... Esan nion Miguel Sanzi, saria hartu eta gero, berarekin bildu nahi nuela hitzegiteko. Deitu beharko diot.

G. Baikor ala ezkor zara euskararen geroaz?

E. Horretan baikor. Aurrera goaz, piskanaka, nahiz eta izango diren etendurak. Politika aldetik garai hobeak espero ditut.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_