_
_
_
_
Entrevista:GAIAKLOURDES OÑEDERRA IDAZLEA

"Idaztea hizkuntzarekin oso borroka polita izan da"

Euskarazko narratibari dagokion atalean Espainiako Kritikaren 1999ko Saria eman diotenetik bere lana, Eta emakumeari sugeak esan zion -argitaratu duen lehenengo lan literarioa-, beregandik aldentzen ari da pixkanaka-pixkanaka, hainbeste hitz egin du hari buruz. Izan ere, Lourdes Oñederrak 15 urte eman baitzituen testu hau kaleratu zedin argitaletxe batera eraman aurretik, eta ordurako, eleberria bere bizitzaren parte kontsideratzera iritsia zen idazle donostiar hau, bere esanetan "zapata zaharrak bezala".Galdera. Harritu egin al zaitu sariak?

Erantzuna. Hasieran bai, nahiz eta ingurukoek eta Erein argitaletxekoek ere inpaktantea zela esaten zidaten. Gerora, kaleratu orduko kritika asko eta onak baino ez dituela jaso erreparatu eta gero, ez dirudi hain arraroa.

Más información
Kritika Saria: aldaketaren seinale?
Padrón, euskarazko poesian saridun

G. Zein erantzun jaso duzu irakurleengandik?

E. Askok liburu arraroa dela esan didate, askoren lehen erreakzioa hori izan da, oraindik ez dakit zergatik. Baliteke bigarren pertsonan idatzia egoteagatik edo izatea. Zati batzuk nola funtzionatuko zuten zalantza nuen, baina hain zuzen horiexek dira grazia ematen diotenak, dirudienez. Irakurleekin sortzen den harreman hori asko gustatzen zait, oso interesgarria gertatzen da.

G. Zergatik pasa duzu hainbeste denbora bukatutzat emateko?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Argitaletxera eramaterakoan ere ez nuen bukatutzat eman. Liburu honekin hainbeste urte pasatzeak nire bizitzaren parte bihurtzea eragin du, zapata zaharrak bezala asko ibilia da. Pentsa hogeita zenbait urterekin hasi eta berrogeita batekin bukatu dudala. Ni aldatu naiz eta nire bizitzako aldaketa asko liburuan islatuz joan dira.Dena den, ez nintzen behin ere jarri nahita idazten. Txikitatik oso normala izan da niretzako idaztea, eta ez nuen idazten nuenaren kontzientzia, idazle izatearen kontzientzia. Bestelako lanek denbora asko kentzen dute gainera; tartean, unibertsitateko eskolak eta ikerketak daudelarik. Asko gustatzen zait, baina horrek ez du ordutegirik. Idaztea, orduan, kolpeka bezala egiten dut. Gogo handia dudanean jartzen naiz.

G. Zure izaerak edo bizitzako gertakariek erreflexu zuzena dute liburuan?

E. Neurri batean bai. Adibidez, akzioa Italian gertatzetik Wien-en gertatzera pasatzea nik han igarotako bolada batengatik izan zen, eta besterik ere bada. Esaterako, protagonistaren pentsatzeko era, esaldiak bat-batean burura etortzeko modu hori niri gertatzen zaidan gauza da ere bai.

G. Ezinbestekoa da norberaren parte bat agertzea?

E. Hasieran saihestu egiten nuen, lotsa piska bat ematen zidan eta ez nuen nire diario bat idatzi nahi. Baina gero konturatzen zara zuretik zerbait duela gizonetako batek, eta ikusten duzu protagonistarengan bazaudela, baina bere ingurukoengan ere zure gauza asko daudela. Orduan, erlaxatu egiten zara eta pertsonaiak hobeto lantzen dituzu, beldurra galduta.

G. Estilo aldetik, lortutako naturaltasunak oso landua behar du izan.

E. Bai, benetan oso landua dago. Mila aldiz egin eta berregin ditut esaldiak motzak eta zuzenak izateko, pentsatu ahala botata bezalakoak izateko. Kuriosoa da, baina hizkuntzarekin oso borroka gogorra izan dut. Borroka polita, esperientzia benetan oso berezia izan da. Idazten ari zarenean esan nahi duzuna argi duzu askotan, baina hori esateko hamaika modu daude eta batetik bestera aldatu egiten da zerbait. Zehazki nahi duzun hori esateko hitzak aurkitzea pentsa baino gogorragoa izan da. Hizkuntzak bere legeak ditu, eta horiek errespetatu egin behar dira. Esaldi bat modu batean idazteak ondorengoa baldintzatzen dizu. Hizkuntza erabili dezakezu, baina berak ere erabili egiten zaitu.

G. Teresa protagonistari gertatzen zaionari buruzko irakurketa positiboa egiten al duzu zuk?

E. Bai, azken finean bai. Nahiz eta kontatutakoa gogorra izan, emakumea bakardadean geroz eta sakonago murgiltzen delako, amaieraren irakurketa positiboa egiten dut nik, bere bizitzaren jabe egiten delako, bere bidea hartzeko gai delako beste guztia, errazagoa izango litzatekeena, atzean utzita. Ez zaio nahikoa lehenengo bidaia hori, fisikoa, eta beste bati ekiten ausartzen da. Dena den, eta sinplekerian erori nahi izan gabe, gizonezkoei gogorragoa iruditu zaie emakumeei baino.

G. Tituluaren arabera, emakumea nolabaiteko zor bat ordaintzen ari dela dirudi.

E. Bai, akaso bai. Ez dakit ondo zein den zor hori, baina beharbada denok ari gara zor bat ordaintzen. Liburuarentzako hasieran pentsatuta nuen titulua Ez dago paradisurik zen. Paradisua bukatu egiten da, eta hain zuzen zalantza hasten denean bukatzen da, inozentzia galtzen denean. Ordurarte dena onartzen du Evak, gauzak datozen bezala hartzen ditu, baina zalantza hasten denean paradisua eta bakea bukatzen dira. Hori da Teresari gertatzen zaiona.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_