Aihotza (I)
Prokuradore berriak urduritasun nabarmenez jarri zuen eskua zin egiteko aihotzaren gainean eta ingurura begiratu zuen. Eskuinean, alkatea eta Santa Mariako abadea handikien taldearen buru ziren; ezkerrean, errejidorea, merioa eta kontzejuko idazkaria; atzealdean, herritarrek ekitaldia jakinminez ikusten zuten.
-Berdin dio zin egiten badu zein ez -entzun zion esaten jakinminez ikusten ari zirenen arteko lehen ilaran kokatutako merkatari bati-. Azkenean denek bezala egingo du eta poltsa gure diruarekin beteko du.
Izerdi tanta txikiak nagusi ziren Juan Ibañezen bekokian. Oraindik sasoiz zegoen, pentsatu zuen, atzera egiteko, hori guztia ahazteko.
Amets bat balitz bezala, zenbait urte lehenago errejidore hautatu zuten lehen aldia gogoratu zuen. Labanagileen gremioko kideen hitz itxaropentsuek liluratu zuten. Gremioko bat Kontzejuaren mahaian egonda arazo gutxiago izango zituzten, zergak arinduko zizkieten, herritarren ahotsa handikien artera eramango zuten. Izendapena onartu osteko lehen uneko euforiaren ostean zalantza etorri zen, eta ondoren herstura: bera labanagile huts bat zen.
Alkatea ezinegona agertzen hasi zen, gainerako handikiak bezala. Ospakizuna gehiegi irauten ari zen. Prokuradore berriak aihotzari begiratu zion.
-Zin egiten diot Jainkoari, Gure Jaunari, eta Santa Maria bere amari, eta Lau Ebanjelio Santuetako hitzengatik... -hasi zen esaten ahots dardaratsuarekin, Gasteizgo prokuradoreek azken mendeetan esandako zinaren hitzak errepikatuz- eta Alkate Jaunaren aginte-makilaren gurutzearen seinalearengatik eta Gasteizgo aihotzarengatik, nire eskuineko eskua gainean jarrita, hiri honetako eta bere jurisdikzioko prokuradore nagusia naizela hiri honek dituen auzi, pribilegio, salbuespen, exentzio eta askatasun guztiak bete eta defendatuko ditudala, eta hala egingo ez banu eta hala beteko ez banu, Jainkoak auzitara eraman nazala eta burua moztu diezadatela burdina eta altzairuzko alfanje zorrotzarekin, Gasteizko aihotzaren forma duen horrekin. Hala zin egiten dut. Amen.
Ikusleek txalo egin zuten eta handikiak Alavatarren dorrerantz joan ziren, bertan bazkaria baitzuten zain San Migel jaia ospatzeko. Herritarrak plazatxoan geratu ziren. Egun hartan ardoa zerbitzatu zen, opilak eta lukainkak erre ziren eta dozena erdi bat dultzainerok eta danbolindarik dantzaldi publikoa eskaini zuten gaueko ordu txikietara arte.
Juan Ibáñez bazkarira gonbidatuta zegoen, ospakizuneko protagonista nagusia baitzen. Pozarren zegoen eta ogibideko kide ohiei oharkabean begiratu zien segizio ofiziala abian jarri zenean. Tarte labur batez, bere begiradak eta aspaldi bere lagunik onena izandako Martín Miguel makilagilearen begiradak bat egin zuten. Oroitzapenak itzuli zitzaizkion eta alboan zituenen hitzei ia-ia ez zien jaramonik egin.
Lehenengoz errejidore hautatu zutenean, auzokoek mota guztietako zortea opatu zioten, kolpeak eman zizkioten bizkarrean eta bromak egin zituzten, "Juan jauna" esaten zioten, arabarren ohiko murrikaz. Pozik zeuden. Polemika gogor baten ostean, haietako bat herriko elite gobernatzailean sartzeko gai izan ziren, eta hori, berez, garaipen handia zen. Gau hartan lanpostu berrian egin nahi zituen gauza on guztiekin amets egin zuen. Eskubide gehiago eskatuko zituen eskulangileen gremioentzat, ordenantzak idazterakoan gremioen beharrizanak eta eskariak kontuan hartzea eskatuko zuen, erabakiak hartzean herritarrak ordezkatuta egotea eskatuko zuen. Azken finean, haiek, herritarrak, ziren oparotasun ekonomikoaren benetako eragileak, eta oparotasun horrek sorbaldaren gainetik begiratu zioten ondo jantzitako zaldun haiei egin zien mesede bereziki.
Hilabeteek aurrera egin ahala, ez zeukan astirik Cuchillería kaleko negozio txikirako. Hasieran goizetan udal gaiak jorratzen zituen, kofradiakideen kexak entzuten zituen eta prokuradorearengana helarazten zituen, eta arratsaldeetan harriarekin lan egiten zuen. Kontzejuak ostegun eta larunbatetan Plaza Zaharrean egiten zen merkatuaren arduradun ere egin zuen, hau da, lekuak banatu behar zituen eta leku horiek alokatzeari zegokion dirua kobratzen zuen. Apurka-apurka, kargu berriari gustua hartu zion, pertsona garrantzitsua sentitzen zen eta handikiei entzutea gustatzen zitzaion, guztiak uriko eragin handiko familietako kideak baitziren, ondo heziak, jokamolde onekoak. Apurka-apurka haien artean lekutxo bat egiten hasita zegoen eta handikiek erresumako politikari, gorteko gaiei edo Gasteizgo aduanatik igarotzen ziren merkantzien prezioari buruz eztabaidatzeko egiten zituzten bazkari edo bilera batzuetara joaten uzten zioten. Aberatsen usaina ere txiroen usainaz bestelakoa zen. San Migelgo parrokoaren begirada zorrotzaren azpian ordu luzez praktikatu ondoren, izena idazten ikasi zuen, ondo hitz egiten ikasi zuen eta behin eta berriro konpondutako arropa zaharrak bota eta lanpostu berrirako egokiagoak ziren beste batzuk eskuratu zituen.
Tailerrean lan egiteari behin betiko utzi zion, bizitzeko beharrezkoa ez zitzaiola ikusi baitzuen. Merkatariak prest zeuden dirua ordaintzeko merkatuan leku ona emanez gero, eskulangileek gauzaz ordaintzen zioten lizentzia bat lortzeko egindako ahalegina eta uritik kanpoko merkatariak ere oso eskuzabalak izaten ziren generoen zati handi bat merkatu jakin batean ezartzea lortzen zutenean. Tailerraren gainean kokatutako familia-etxea desohorea iruditu zitzaion egoera berrirako eta Correría kalean adreiluzko etxe bat alokatu zuen. Handik gutxira etxea erosi zuen, mesedeen ordez lortutako diruari esker.
Alkatearen eta Santa Mariako abadearen artean eserita, Juan Ibáñez oturuntzako mahaiburua zen.
TOTI MARTÍNEZ DE LEZEA
(Gasteiz, 1949) idazle polifazetikoa da. Bi antzerki talde sortu zituen 1983 eta 1992 bitartean eta ikus-entzunezko produkzioak bultzatu zituen, guidoilari, zuzendari eta errealizadore gisa. ETBn umeentzako eta nerabeentzako 1.000 programa baino gehiago sortu eta zuzendu zituen. Eleberriak ere idatzi ditu, salmenta arrakastatsuak lortuz. Bere jarduera profesionalean zehar hainbat sari jaso ditu
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.