Albiste ez diren albisteak
1. Ez da albiste izango baina, aizu, batzuetan, ohean etzanda logelan ilunantzean gaudela, eguzkiak pentagramak marrazten ditu horma zurian. Pertsianaren zirrikituetatik pasatzen ditu bere hatz margolariak, eta gu, hipnosi-egoera liluratuan, paretari so geratzen gara, goxo-goxo. Edward Hopper-en hitzak nola ez ditugu ulertuko, ba, une horretan: "Hori da nire desioa: margotzea eguzkiaren argia horma batean".
2. Ez da albistea, baina tira, noizean behin, munduaren trumoia jasangaitza egiten zaigunean, itsasertzetik pasatzen edo pasiatzen gara. Zein arrazoia duen Francisco Brines-en bertso batek: "Itsasoa nire begietara heltzen da, haien kontsolagarri". Urdin-berdetasunez betetzen ditugu -ederki bete ere- begiak, eta orduan bai, errealitatearen gordinkeria eta zatarkerietarako prest, geure bideari jarraitzen diogu.
Gizakiok harri karratua eta zementua jartzen ditugun lekuan, naturak amen esaten du
3. Ez da albiste oso ortodoxoa, baina aldian-aldian gertatzen da. Kalean, halako batean, pertsona batek gure samurtasuna pizten du. Erabat okertuta dabilen agureak, gure ama edo amonaren ahuldade edo zahartzaroa gogora ekartzen digun emakumeak, espaloi hotzean eserita dagoen eskale atzerritarrak... Edo tabernan bakar-bakarrik dagoen neska kopetilun horrek, aurpegia goitik behera tristuraren hizkiekin idatzita daukanak, hain sakon, hain ilun, inoiz ikusi dugun tristurarik handiena. Besarkatu nahiko genuke, bera eta gure artean dauden hiru pausuak eman eta besarkatu. Ezin, ordea. Hala ere, saiatzen gara une batez bederen gure begiradak gurutza daitezen. Nola adierazi segundu bakarrean, begiratu xamur eta irribarre txiki batekin: "Animo, eutsi goiari, ez zaude zeharo bakarrik"?
4. Ez da albiste izango, baina zer demontre: gure hirietan, munduko hiri guztietan, borroka isil, dokumentatu gabea, jazotzen da. Natura eta Zibilizazioaren artekoa, alajaina. Gizakiok harri karratua eta zementua jartzen ditugun lekuan, naturak amen esaten du pixka batez, baina poliki-poliki, presarik gabe, han agertzen da berriz ere, bere eskubide historikoak aldarrikatuz. Ederra da noiz behinka horrela paseatzea hiritik: lorategi txiki edo mikro-oasien bila. Espaloiaren edozein bazterretatik ateratzen dira, bat-batean, belar eta loretxoak. Bide edo etxebizitzetako harlauza bertikal edo horizontalek mugak ezartzen dituzte, bai, baina horien inguruan natura berde eta koloretsua ateratzen da beti ere, geldiezin, kantari.
5. Ez da albistea ezta ere, baina hala dira gauzak: musikak botere harrigarria du gugan. Tristetu, alaitu, hunkitu, aztoratu, jaso, hondoratu, gozatu egiten gaitu. Mozkortu, kasik, batzuetan. Miles Davis-en tronpetak, esaterako, artxipielagoak egiten-desegiten-berregiten ditu airean, edo gure gogamenean, ez nago ziur, zeruan hodeiak egiten-desegiten-berregiten diren modu berean, gutxi gorabehera. Lotura horren zergati edo mekanismoaz ez dugu piperrik ere ulertzen, baina hor dago: Misterioaren adibide egunerokoa da.
Eta hala, ez albiste hauek -eta beste asko eta asko- hain dira txikiak eta arruntak bere hutsaltasunean, oharkabean pasatzen zaizkigula. Izan ere, ez dira ezer: ez dira ia ezer. Baina nola atera onik bizitzaren basamortuetatik halako kantinplorarik gabe?
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.