Euskalkien kartografia
'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa' kaleratu du Euskaltzaindiak, paperean eta euskarri digitalean - Hogei urte baino gehiagoko lana jasotzen du
"Nekez egingo da beste hainbesteko ahaleginik Euskal Herrian". Adolfo Arejitaren hitzak dira horiek. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa proiektuaren zuzendaria da, eta atlas horren lehenengo bi liburukiak eskuetan dituela esan ditu. 80ko hamarkadan ekin zion Euskaltzaindiak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzeari, eta geroztik, lan talde handi bat aritu da herriz herri galdeketak egiten, eta informazio guzti hori taxutzen. Hogei urteren buruan, lan eskerga horren lehen bi aleak kaleratu ditu Akademiak, paperean, DVD formatuan, eta sarean. Hortik Arejitaren hitzak.
"Arnas luzeko lan xehe eta zehatza aurkituko du liburuki hauen orrialdetara gerturatzen denak", dio Andres Urrutia Euskaltzain buruak. "Ezin bestelakorik izan, euskararen errealitatea, esamolde, soinu eta doinu askotarikoa baita. Errealitate hori bildu, ikertu, eta paperera ekarri da. Ezingo da aurrerantzean auzitan jarri hau edo hura zer eta non erabiltzen den, Euskal Herri osoa baitago atlasean ordezkaturik". 145 herri hautatu dira horretarako lagin gisa: 36 Bizkaian, beste hainbeste Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan, eta bakarra Araban.
Lau mila ordu baino gehiagoko grabazioak ditu Euskaltzaindiak
Galdeketak 1987 eta 1992 urte bitartean egin ziren, baina prestaketa lan handia egin behar izan zen aurretik. Markina-Xemeinen izandako Dialektologia Barne Jardunaldietan onartu zen egitasmoa, eta urte bete geroago, 1984ean, hasi ziren galdetegiak lantzen. Inkesta bakoitzak ia 3.000 itaun jasotzen zituen, batez ere lexikoari lotutakoak, baina baita morfologiari, sintaxiari eta fonetika sintaktikoari lotutakoak ere. "Lekukoei patxada eskatzen zitzaien galdera sortari erantzuteko", dio Arejitak. "Adineko pertsonak aukeratu ziren, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, eta herritik kanpoan gutxi ibilitakoak".
Unibertsitateko filologia irakasle eta lizentziatuak aritu ziren inkestak egiten, eta erantzunak paperean jasotzeaz gain, grabatu ere egiten zituzten. Horrela, 4.000 ordu baino gehiagoko "altxorra" du Euskaltzaindiak grabaziotan, Arejitak adierazi duenez. "Bakarra eta ordezkaezina da altxor hori. Hilak dira horko lekuko asko, zaharrak baitziren galdetegia egin zitzaienean. Horien hotsak berriz jaso ezinak dira. Horregatik, transkribatzen, informatizatzen, digitalizatzen, edukiak elaboratzen, eta, azkenean, liburuan edo sarean edukiak taxutzen egin den ahaleginak ez du parekorik".
Edonorentzat baliagarria da atlasa, baina, batez ere, ikertzaileentzako tresna oso garrantzitsua izango dela azpimarratu dute bi euskaltzainek. "Ikerkuntza batzuetarako bideak irekitzen ditu", zehaztu du Arejitak. "Herri jakintzaren inguruko material franko gorderik da, eta edukiei tira eginez, ikerketa zehatzagoak edo hedatuagoak egingo dituzte gazteenek". Horregatik, atlasak ahalik eta hedapen handiena izan dezan nahi du Akademiak. Paperean eta euskarri digitalean jarri dute eskura horretarako. "Baliabide hauek erreferentzia baliotsua izatea espero du Euskaltzaindiak", dio Urrutiak. "Hori dela eta, Euskaltzaindiaren historian lehen aldiz hiru euskarrietan plazaratu dugu lana, paperean, DVD formatuan, eta Akademiaren sareko gunean. Modu honetan, ikertzaileek eta gura duen edonork eskura izango du euskararen esparruan dialektologiaren inguruan dagoen lan esanguratsuena".
Lehen bi aleak kaleratuta, hirugarren alea ere bidean da. Urte bukaerarako argitaratuko da, baina beste hainbeste etorriko dira ondoren, hamar ale edukiko baititu guztira atlasak. "Luis Lucien Bonapartek egin zituen aurreneko lanen ondoren, hainbat euskalariren eginahalen eta ametsen emaitza erabakigarria eta eredugarria izan da", dio Urrutiak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.