"Zu ez zara Urbasan egon" (eta II)
3. Zumezko aulkian esertzeko eta guztia prestatu arte apur bat itxaroteko eskatu diote. Berari itxarotea ez zaio ardura. Aulkia erosoa da eta, han, bera jaio zen baserriko ganbaran, gustura sentitzen da. Faltan botatzen duen gauza bakarra purutxua da, baina badaki, piztu arren, ez diotela erretzen utziko. Ez etxean, ez autoan. Horregatik nahi du "argazkiak" albait azkarren amaitzea, kalera joan ahal izateko.
Isilean behatu ditu kable, lanpara, bide eta gainerako aparatuak. Ez daki zertarako balio duten, eta ez zaio ardura. Ez du ulertzen pertsona horiek horrenbeste argazki eta horrenbeste lekutan ateratzeko duten interesa ere. Haiengatik ez balitz, orain Urbasan egongo litzateke, ardiekin. Gorputza apur bat aurrerantz bota du, angelu egokia bilatuz balkoi irekitik mendilerroa ikusi ahal izateko. Eki ilobak ardiak aterata izango ditu. Arratsaldean, Bilbokoak doazenean, mendira igo, jetzi eta gatzatua egingo du. Eta egun batzuetan Kateliturriko etxolan geratuko dira.
Begirada asko jasotzen baditu, ringeko argiak gogoratzen ditu
Ez du ulertzen nola duten nahiago hirira joatea Urbasara baino
Ondo ahoskatzen ez duen mutila aurrean eseri zaio, aulki batean, eta hasi daitezkeela esan dio. Neska gazte batek alkandoran, jakaren azpian, mikrofono txiki bat jarri dio, eta beste batek bekokitik kotoi bat pasatu dio, eta berak, irribarre zintzoarekin, horrek zertarako balio duen galdetu dio.
-Larruazalak distirarik egin ez dezan, Pedro. Aktoreek bezala.
Pedrok barre egin du, irribarre labur, zakarrarekin, bat-bateko eztula balitz bezala.
-Adin honekin aktore hasi behar dut? -esan du txantxetan.
-Inoiz ez da berandu -erantzun du neskak-. Gainera, oso ondo ematen duzu kameraren aurrean.
Pedrok barre egin du berriro, "kameraren aurrean ondo ematen duela" zer den ulertu gabe. Baina ez zaio ardura. Ekirengan pentsatu du. Eta ardiengan. Eta purutxu bat erretzean. Eta Urbasako pagadietan.
Aurrez aurre eserita dagoen mutilak, sentipen onak transmititzen dituenak, Badalonan egindako egunei buruz hitz egiteko eskatu dio, lehenengo entrenamenduei, lehenengo gimnasioari buruz, eta bera poztu egin da, borroka libreari buruz hitz egitea asko gustatzen zaiolako, nahiz eta inork galdetu ezean horri buruz hitz egin ez. Eta erantzun du gimnasioaren jabea Garriga izeneko bat zela, eta gau guztietan joaten zela, izeba-osabentzat ikatz-banatzaile moduan lan egin eta gero. Eta grekoerromatarra ikasi zuela borrokalari profesionala bihurtzeko oinarria zelako. Eta grekoerromatarra urtebetez praktikatu ondoren Kataluniako txapelduna izan zela, hemeretzi urte bete eta gutxira.
Gero, mutilak Bartzelonako egunei buruz hitz egin dio. Eta, orduan, Pedrori begiak piztu zaizkio. Bartzelonako egunek oroitzapenen albumeko orrialde polit asko betetzen dituzte. Hala ere, ezpainak estutu eta begirada desbideratu du mutilak arrakastei buruz hitz egiten dionean. Inoiz ez zaio gustatu horri buruz hitz egitea. Don Pedro bere enpresaburuak askotan errepikatzen zion kazetariei kasu gehiago egin behar ziela, baina berak, nafarra zenez, burua eskuinetik ezkerrera mugitzen zuen eta ezetz esaten zuen egoskor. "Ni borroka egitera nator -errepikatzen zuen-, eta ez argazkiak egitera eta galderei erantzutera. Borrokan egin eta joan egiten naiz". Borroka bakoitzaren ostean, albait azkarren ihes egin nahi izaten zuen. Berarentzat, lana amaitzen zuen epaileak bata edo bestea irabazlea zela esaten zuenean. Orduan berak prentsa saihestu eta berak nahi zuenengana joaten zen korrika, Fermín Gorria labean arkumeak erretzen zituen okinarengana; Agustín Elorza El Chato tabernako jabearengana, taberna horretan jan eta lo egiten baitzuen batzuetan; Josetxo Morante abokatutza ikasi eta Diagonalean bufetea zuen bere herriko gaztearengana, eta beste borrokalari lagun batzuengana, hala nola Pepe Tarrés, Jim Oliver eta Miguel Galarza, alboko herri batekoa zena.
Berarentzat ez da garrantzitsua batzuen ustez Espainiako inoizko borrokalari osoena izatea; ezta Eduardo Mendoza idazleak eleberrietako batean aipatzea; ez garai hartako kirol-aldizkarien azaletan Kubala, Di Stéfano eta Loroñorekin batera agertzea. Eta ez zaio ardura munduko txapeldunaren gerrikoak eta bota ikusgarriak oparitzea ere. Berarentzat, borrokalari-sasoiko garrantzitsuena bere alabei opari on bat erostea zen Londresera, Manchesterrera, Parisera, Sevillara joaten zenean. Garrantzitsuena herrira itzultzea eta betiko lagunek Pedro eta ez txapeldun deitzea zen, bestela laguna miresle bihurtzen baitzen, eta horrek berarentzat balio gutxiago baitzuen. Garrantzitsuena familia ondo egotea eta Urbasara igotzea zen.
Horregatik, Pedrok galdera horiei edukazioz erantzun die, baina elkarrizketa alderdi ez hain pertsonaletara desbideratzen ahalegintzen da. Begirada asko jasotzen badu, fokuetako batek begietan jotzen du eta ringeko argi zenitalak gogora ekartzen dizkio. Gustatzen zaio, harmailetako zalaparta, borrokaren aurreko tentsioa, linimentuen usaina, lehiakidearen azterketa isil eta sakona... gogora etortzen zaizkiolako.
-Normalean, nik txokoan itxaroten nuen epaileak deitu arte -dio apaltasunez-. Ni baino handiagoak ziren lehiakideek irribarrez begiratzen ninduten, hurrengoa pentsatuz: "Honek ez du erasoaldi bat iraungo". Nik -irribarre egin du-, goitik behera begiratzen nien, eta hurrengoa pentsatzen nuen: "Zu ez zara Urbasan egon".
Ahoskatzen duen mutilak, kamera duenak, ile luzedunak eta makillatu duen neskak barre egin dutenez, berak azaldu die txikitatik Urbasan lan egiteak, zaldiak heziz, zuhaitzak moztuz, zakuak eramanez... indar itzela eman diola.
4. Arratsaldean, Bilboko mutilek gauzak jaso eta autoetara eraman dituzte. Pedrok isilik begiratzen die. Pozik dago. Ondo jan du, horrenbeste gustatzen zaion Climker-ean. Babarrun-platera, arkumea eta bi flan. Kafea eta purutxua. Eguneko unerik onena. Orain arteko onena, onena laster iritsiko baita, Urbasara igotzean eta pagoen, belarraren, airearen, isiltasunaren besarkada sentitzen duenean. Ekik ardiak gordeta izango ditu. Gero berak jetzi egingo ditu. Eta bizpairu egun geratuko da. Gaztak eta gatzatua egingo ditu. Gaztetan kilo bateko gazta eserialdi batean jateko gai zen. Gaur ere egingo luke, baina ez diote uzten.
Ahoskatzen ez duen mutilak badoazela esan dio.
-Beste egun batean garaiz deitu eta guztia prestatuko dut Urbasara joateko. Han hiruzpalau egun egingo ditugu.
-Ados. Hitza hartzen dizut.
-Noski. Baina bazkaria guk egingo dugu, arrantxokoa. Txuletak, edo lapikokoa edo patatak, eta gauean arrautza frijituak. Eta gogoa badaukagu, kafea Urbasako kanpinean.
-Eta mus partida bat.
Pedrok barre egin du irribarre labur, zakarrarekin, bat-bateko eztularen antzekoa.
-Horixe -onartu du ilusioz-. Mus partida bat.
-Konforme -dio mutilak.
Hartz-besarkadan nahi gabe Pedrok bere indar handia erakutsi du, eta ondoren, beste guztiei agur esan die. Txapeldun mutilari, ile luzedunari, makillajeko neskari, ahots alaia duenari... Eta emaztea eta alaba zaharra alboan dituela, guztiak ibilgailuetara igotzen eta Gasteizerantz joaten ikusi ditu, arratsaldeak kotoizko hasperen moduan isurtzen duen kolorazio gozoan. Eta ez du ulertzen nola duten nahiago hirira joatea berarekin Urbasara igotzea baino, zuhaitzen ondoan lo egiteko, izarretatik, isiltasunaren urrumatik hurbil, Kateliturriko etxolan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.