Matearekin euskal kultura ikasten
Buenos Aireseko Euskal Etxeak abian jarri du 'Udako Euskal Unibertsitatea' - Hogeita bost ikasle ari dira euskal kulturaren inguruko ikastaroetan
Liburuak talaia gisa hartuta, Euskal Herrira begira daude Argentinako hiriburuan, Udako Euskal Unibertsitatea martxan jarri baitu Buenos Aireseko Euskal Echeak. Otsaila hasieran dituzten oporraldiak aprobetxatu, eta euskal kulturaren inguruko ikastaroak eskaintzen ari dira bigarrenez. Hogeita bost ikasleek erabaki dute aurten liburuen artean oporrak pasatzea, eta egunero goiz eta arratsaldez joaten dira ikastaroetara euskal kulturaren inguruko ezagutzak bereganatzera.
"Euskal Echeko bazkide batzuen ekimena izan da kurtsoa", azaltzen du Maria Belén Girasole ikastaroetako irakasleak. "Oporraldia euskal kultura hedatzeko aprobetxatu nahi zutenez, Udako Euskal Unibertsitatea sortzea erabaki zuten". Sortzaile horietako bat da Enrique Aranburu, ikastaroetako irakaslea ere badena. "Sentimendua iratzarrarazi, eta ezagutza garatu dezaten nahi dugu. Euskal Herriko oinarrizko ezagutzak erakutsi nahi dizkiegu ikasleei, historia, geografia edo antropologia, beraien jatorrizko historia eta kultura bereganatu dezaten".
Arbasoen sorterriaz gehiago jakin ahal izateko ari dira ikasleen gehiengoa
Euskal inmigranteen ondorengoak dira ikasle asko, XX. mendean milaka euskaldunen helmuga izan baitzen Argentina. Baina, bestelako jakinminagatik izena eman duten ikasleak ere badaude ikastaroetan. "Beraien arbasoak euskaldunak direlako apuntatzen dira gehienak", dio Maria Belén Girasole irakasleak, "baina badaude bestelako kasuak ere. Euskaldunei buruz gehiago jakiteko, eta jakintzarekiko maitasunagatik ari dira zenbait ikasle". Hogeita bost ikasle daude guztira, denak argentinarrak baina Euskal Echea elkartetik at daudenak. Horietako hamabost Euskal herritarren kultura eta ibilbidea izeneko ikastaroan daude, eta hamar Etnologia ikastaroan.
Irakaslegoaren artean aniztasun handia dago. Hizkuntzalariak, historialariak, ingeniariak edo arkitektoak, esate baterako. Guztira hemezortzi irakasle ari dira ad honrem klaseak ematen. "Harreman afektiboa daukate gehienek Euskal Herriarekin. Hala ere, sorterriko familiarekin harremana galdu dute askok, eta bihotzezko lotura dute egun, arbasoen jaioterria delako", dio Girasolek. "Baina ez gara guztiok euskaldunen oinordekoak. Nik ez daukat seniderik bertan, adibidez, Siziliatik etorri baitziren nire arbasoak Argentinara". Euskal kulturarekiko interesa piztu zitzaion, ordea, eta Buenos Airesen euskara ikasten aritu zen Girasole. Ondo ikasteko nahikoa ez, eta Gipuzkoara etortzea erabaki zuen. "Sei hilabete eman ditut Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harreman oso polita eraiki nuen hango familia batekin, eta egun harremanetan jarraitzen dut familiarekin".
Ostirala bitarte iraungo du Udako Euskal Unibertsitateak, euskara, historia, ekonomia, instituzioen egiturak, euskal artea eta arkitektura, edo euskal folklorea bezalako ikasgaiak ematen, besteak beste. Hiru konferentzia ere izango dira, Euskal misterioa, Euskaldunak eta hezkuntza, eta Euskal diaspora. Azken egunean, ikasleek gai jakin bati buruzko idazlanaren aurkezpena egin beharko dute ziurtagiria eskuratu ahal izateko. Oso balorazio positiboa egin dute Euskal Etxeko arduradunek. "Jendea oso pozik dago, eta ikasleek oso kurtso interesgarria dela diote. Klase guztietan arreta handia jartzen dute".
Urtean zehar ere euskal kultura hedatzen jarraituko du Buenos Aireseko Euskal Echeak. Horretarako, bi zaharretxe eta bi ikastetxe dituzte, euskal gaiei lotutako ikasgaiak ematen dituztelarik. "Sei eta hamabi urte bitarteko 1.400 ikasle daude gure eskoletan, eta euskara, euskal kultura eta dantza irakasten dizkiegu. Derrigorrezkoak dira hiru ikasgai hauek". Bueno Aireseko Euskal Etxeak ikastaroei eutsiko die euskal kultura hedatzeko, eta aurtengo arrakasta ikusita, bide beretik jarraituko du.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.