_
_
_
_
Gaiak

Axularren 'Guero' hizpide hartu dute Bilbon zenbait idazle eta adituk

XVII. mendea emankorra izan zen euskararentzat. Trentoko Kontzilioaren harira sortutako berrikuntza-haizeek hauspoa eman zioten europar autoreei, tartean euskaldunak zirela. Giro horretan nabarmendu zen Sarako Eskola. Eta bertan, izen nagusi bat, Pedro Axular edo Pedro Agerre Azpilikueta. Urdazubiko Axular baserrian jaioa 1556an eta Saran hila 1644an, gerora euskarazko prosaren aitzindari bihurtuko zen Guero, bi partetan partitua eta berecia liburua idatzi zuen 1643an.

Jainkoarekin bat egiteko gizakiek ongia egin behar dutela, luzamendutan ibili gabe, azaltzen du Axularrek liburuak. Hala adierazi zuen ideia hori izenburua osatzen zuen mezuan, "zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko utzteak".

Ia hiru mende eta erdi joan dira liburuak argia ikusi zuela. Haren ekarpenak, baina, itzal luzea izan du euskal literatura garaikidearen sorreran. Eragin hori izango dute aztergai hilaren 19a bitartean Bilbo Zaharra Forum-ek antolatuta Bizkaiko hiriburuan egiten ari diren jardunaldietan.

Joan Mari Irigoien idazlea da gaur egungo autore askok Sarako maisuari dioten mirespenaren adibide. 70eko hamarkadan, Guero irakurtzea erabaki zuen "euskara ahalik eta hobekien" menderatzeko plan baten baitan. "Irakurri nuenean, sekulako sorpresa izan zen, orri osoa betetzen zuten paragrafoak irakurri nituen", aitortu du mintegiko lehen mintzaldia eman zuen idazleak. Pentsamendu sakona gordetzen zuten "arnas luzeko esaldi horiek", gainera, guztiz ulergarri agertu zitzaizkion. "Horrek liluratu egin ninduen eta ikusi nuen prosa horretan gauza guztiak esan zitezkeela", azaldu du.

Juntagailuak "logika matematikoz" erabiltzen dituen autore batekin egin zuen topo Irigoienenek. "Hori lerroz lerro eta logika guztiarekin eraman behar duzu azkeneraino, bestela sekulako nahaste-borrastea sortzen baita. Axularren prosan, berdin gertatzen da", dio Guero irakurri eta 25 urtera Axular bera protagonista duen Lur bat haratago eleberria idatzi zuen idazleak. Haren ustez, klasikoaren estiloa "eskailera batekin pareka daiteke, irakurle baten ikuspegitik". "Eskailera hori mailaz-mailakoa da", zehaztu du, "baina irakurleari goitik beherako eskailera gertatu behar zaio, esfortzurik gabe jasotzeko modukoa".

Estilo horrek ulergarri egiten du Axularren idazkera (liburuak dituen lokalismoak eta lapurteraren termino berezi batzuk gorabehera). Jardunaldietan parte hartuko duen Aingeru Epaltza idazlearen iritziz, "euskarazko prosa jasoak zerikusi gehiago du Axularrek erabiltzen zuenarekin, gaztelaniazko prosa jasoak Cervantesek erabiltzen zuenarekin baino".

Axular susmagarria izan du hizpide Mailuaren odola eleberri historikoaren egileak. Izan ere, "euskal intelektualitateak" gaur egun miresten duen egileaz gain, beste bat dagoela deritzo, "Axular uger eta iluna, herri-jakintzatik datorkiguna, deabruarekin tratuak ere badituena".

"Niri gehiago interesatzen zait Axular durduzagarri hori", dio Epaltzak: "literarioagoa iruditzen zait eta susmoa dut ez ote den benetakoa"

Hamabi ordu euskal prosaren sortzailearekin

Guero-ren lehen jendaurreko irakurraldi etenik gabeak osatuko du Axularren omenez antolatutako hitzaldi-zikloa. Hamabi orduz, 400 lagunek partehartuko dute Bilboko Arriaga Antzokian (ostegunean, ekainak 19, 08:00etatik 20:00etara bitartean) Aita Villasantek "euskal prosaren benetako sortzailetzat" jo zuen idazlearen omenezko ekitaldi erraldoian.

Bizkaiko hiriburuko Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala euskaltegiak biltzen dituen Elkarlan elkarteak antolatu du ekitaldia, ikasturte amaierarekin bat eginez. Bertako 200en bat ikasle eta irakaslek parte hartuko dute saioan. Haiekin batera, kultura eta politika alorretako hainbat ordezkarik irakurriko dituzte Sarako maisuak sortutako liburuko pasarteak.

Horien artean izango dira Kultura sailburu Miren Azkarate, Euskaltzaindiako lehendakari Andres Urrutia eta EHUko errektore ohi Pello Salaburu, besteak beste. Ekitaldia bukatutakoan, ikasturte bukaerako jaia egingo dute euskaltegi horietako ikasleek.

Joan Mari Irigoienek irakurriko du lehen pasartea 08.00etan. Idazleak harreman estua du Axularrekin, haren biografia erabili baitzuen abiapuntutzat Lur bat haratago eleberria sortzeko, euskaraz idatzi den lan mardulenetarikoa.

Sarako erretorearen estiloak liluratuta, harengana itzuliko zela agindu zion bere buruari Irigoienek. Eta agindutakoa betez, XVII. mendeko Nafarroan girotutako istorio hori osatu zuen, Gaztelaren aurkako gerran galzaile irtendako familia baten gorabeherak kontatzen dituena. Axularren idazkera imitatuz, garai horretako pentsamolde eta bizimodura hurbildu zen idazlea.

Ekitaldiak liburuak "gaur egun duen balioa" agertzeko balio dezan nahi duten antolatzaileek, Elkarlan-eko arduradun Peru Alberdiren hitzetan.

Iaz egindako gogoeta baten harira erabaki zuten irakurraldia antolatzea, Alberdik gogoratu duenez. Haren hitzetan, "pentsatzen hasi ginen gure artean erronka moduan, ia kapaz izango ginen kultur-ekitaldi erraldoi bat antolatzeko".

Axularri merezitako aitortza emango diote ekitaldian. Izan ere, sinesgaitza badirudi ere, euskal letren aitzindariari inoiz eskainitako era honetako lehen omenaldia izango da. Hurbileko adibide bat jartzearren, azken hamarkadetan Miguel de Cervantesen On Kixote erdarazko klasiko handiaren etengabeko irakurraldiak egin ohi dituzte urterik urte.

Axular gogoan

- Hitzaldi-sorta: Ekainak 18, Aurelia Arkotxa eta Beñat Oihartzabal euskaltzainak. (Euskaltzaindiaren egoitza, 19.30).

- "Gero-ren I. Irakurraldi etenik gabea", gizarte, kultura eta politika alorreko 400 ordezkariren parte hartzeaz. Ekainak 19 (Arriaga Antzokia, 08.00etatik 20.00etara)

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_