Idazlea bere ispiluaren aurrean
Itzulpengintza zuzenaz jardun dute Iban Zalduak eta lau itzultzailek EIZIEk gonbidatuta
Zientzialaritik eta artisautik badu zerbait itzultzaileen ogibideak. Agindutako testua arretaz aztertu eta prozesatu behar du, gero analisi horren emaitzei forma emateko beste hizkuntza batean. Bidean okerrik izanez gero, traidore esan diezaioke norbaitek. Lana bikaina bada, berriz, idazlearen izenaren azpian agertuko da berea, tipografia txiki eta bereiztuarekin gainera. Eta nekez jasoko du laudiorik irakurleengandik.
Hori guztia, gainera, erabateko bakardadean egin behar izaten du gehienetan, berea ogibide bakartia baita. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak (EIZIE) idazlearekin elkarlanean aukera eman die lau itzultzaileri, Idazlea itzultzaileen lantegia izeneko jardunaldietan. Lau egunez, Iban Zalduaren testu bat aldi berean moldatu zuten iragan astean Durangoko Ibaizabal Ikastolan, goiz eta arratsaldeko lan-saiotan.
Hala, moldaketa bana egin zuten beste hainbat hizkuntzatara Angel Errok (gaztelania), Fermin Arkotxak (frantsesa), Roberta Gozzik (italiera) eta Christiane Bendelek (alemana), Itzalak narrazio liburuko izen bereko ipuina abiapuntu hartuta.
"Idazlea eta itzultzailea elkarrekin jartzea da helburua", azaldu zuen saioetako baten bukaeran EIZIEko ordezkari Arantzazu Royok. "Itzultzailea normalean bakarrik bere ordenagailuarekin aritzen da lanean; hemen, testuan asko sartzen dira, idazlea alboan dutela", gaineratu zuen.
Oro har, esperientzia aberasgarri gertatu zitzaiela aitortu zuten lau itzultzaileek. Guztiek ezinbestekotzat jotzen dute jatorrizko testuaren "tonua" harrapatzea, hitzek pisu desberdina baitute hizkuntza batean edo bestean, "itzuli beharrekoaren sintonian jartzea", Erroren hitzetan.
"Ez dut esango sentiberatasun berezikoa izan behar duzunik, baina bai belarri berezi bat, ñabadurak harrapatzeko", gehitu zuen Eta harkadian ni eta Gorputzeko humoreak poesia-bildumen egileak, oraingo honetan itzultzaile aritu denak. "Hizkuntza batzuk, adibidez gaztelania, frantsesa eta italiera, zenbait gauzatan hurbilak dira", azaldu zuen Arkotxak, "baita beste batzuetan hitz bera edo bertsua erabiltzen badira ere, urruntzen dira".
Lau eguneko jardunak agerian utzi zituen itzultzaileen lanaren mugak. "Urkatuak sokaren materiala aukeratzeko duen askatasun bera duzu itzultzean", laburbildu zuen Errok. Kontua guztiz bestelakoa da moldaketa idazleak berak egiten duenean, Zalduak nabarmendu zuenez, egileak "askatasun gehiago" sentitzen baitu "testuan sartzeko eta aldaketak egiteko".
"Batzuetan gauza gehiago argitu behar dira idazleekin", bota zuen azkenik Gozzik, "ulermena ez baita bide bakarrekoa".
Elkarrekin emandako lan-orduek lau moldaketak fintzeko balio izan zuten (aurrez behin-behineko bertsioa egina zuten). Etengabeeko komunikazioa, baina, probetxugarri izan zen idazlearentzat ere.
"Hemendik aterako naiz nire ipuinaren bertsio hobetu batekin", aitortu zuen Zalduak. "Euskarazko bertsioa ere hobea izango da lantegi honi esker, ikusi baitut gauza batzuek arazoak sortzen dituztela beste hizkuntza batzuetan, eta horrek bultzatzen nau hausnarketa egitera euskaraz nola zegoen idatzita", argudiatu zuen asteazken arratsaldeko saioa bukatutakoan.
EIZIEk 2004an antolatu zituen lehenbiziko aldiz Idazlea itzultzaileen lantegian lan-saioak. Tarazonan (Zaragoza) elkartu ziren orduan partehartzaileak, Pello Lizarralderen Un ange passe lana suomierara, danierara, errusierara eta frantsesera itzultzeko. Hurrengo urtean, Jokin Muñozen Hausturak liburuko izen bereko narrazioa itzuli zuten italierara, katalanera, polonierara eta alemanera.
Aurreko urteko Euskadi Sariaren irabazlea gonbidatzeko ohiturari eutsiz, Harkaitz Cano izan zen iazko lantegiko protagonista, eta Neguko zirkua liburuko Batere valsik gabe bukatuko da narrazio hau ere ipuinaren moldaketa bana egin zuten ingelesez, frantsesez eta galegoz.
Aurrekoetan bezalaxe, Senez aldizkarian argitaratuko dira lanaren emaitzak edizio honetan ere. Horrela, gero eta hizkuntza gehiagotara zuzenean itzuliko duten profesionalak hezitzeko helburuari eutsi nahi dio EIZIEk, hori baita euskal literatura nazioartean zabaltzeko biderik egokiena.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.