_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Lagunduko al naun?

Lagunduko al naun?", eskatu zidan Mikelek, eta hori izan zen bere aitaren errautsen jaurtiketaz aipatu zidan lehenengo gauza. "Zertan?", galdetu nion nik, ezer jakingo ez banu bezala; aurreko egunean Berriaren edizio elektronikoan irakurri nuen, ordea, noiz eta non izango zen ekitaldia. Disimuluz begiratu nion nire ordulariari: hamar t'erdiak ziren ia eta, ondorioz, M-30ean trafiko asko topatzen ez bagenuen, garaiz iritsi gintezkeen, zeremonia ez baitzen arratsaldeko seiak arte hasiko. "Ondoren Zuberoa jatetxera joan gaitezken afaltzera, nahi badun. Ez zagon handik urrun". "Baina ez da lekurik egongo eta! Larunbat batean...". "Niri egingo zidaten lekua, lasai egon. Oraintxe deituko zienat".

Ondo nekien bere familiari buruzko galderei ihardesteko monosilaboak baizik ez zituela erabiltzen

Gosaria amaitu, geure buruak prestatu -apainduegi ez ote nindoan galdetu nion Mikeli, baina ez zidan erantzun-, eta 4x4a hartu genuen. "Nahiko justu ibiliko gaitun bestela", azaldu zidan, "gainera, ez zaukanat mendixka horren tontorrera oinez igotzeko inolako asmorik. Garai honetan lokatzez beteta egongo dun bidea...". Eta horrela ez duk bat egin beharko hire aita agurtzera oinez doazenekin, pentsatu nuen nik. Baina ez nion ezer esan.

Bidearen lehenengo erdia musika entzuten pasatu genuen, Miles Davis batez ere; apenas trukatu genuen hitzik. Ez nion ezer galdetu: bi urte eta erdi neramatzan Mikelekin bizitzen eta ondo nekien bere familiari buruzko galderei ihardesteko monosilaboak baizik ez zituela erabiltzen, kasurik onenean. Hura zen, bestalde, Euskal Herrira elkarrekin egiten genuen lehenengo bidaia; ni, jakina, itzulia nintzen noizean behin, gabonetan eta udako oporretan, baina sekula ez nuen lortu Mikel Getxora eramatea, nire gurasoenera, ezta, esan gabe doa, Mikel bere jaioterrira laguntzea ere: nik dakidala, itzultzen zen aurreneko aldia zuen, bi urte eta erdi horietan bederen. "Madrilera bizitzera etorri eta euskaldun batekin endredatu behar ere!", kexatzen zitzaidan maiz, erdi brometan, Mikel. Oinarri handirik gabeko deitorea, bestalde, euskalduna zelako ere Paseo de la Habanako apartamentua berarekin konpartitu zuen aurreko neska, zeinari buruz ez baitzidan sekula ezer esan. "Era muy mona. De su tierra, del Norte, como usted", informatu ninduen behin atezainak.

Burgos inguruko errepide-jatetxe batean mokadu bat sabeleratu eta bideari berrekin ondoren hasi zitzaidan bere herriko eta familiako kontu batzuk aletzen, orden jakinik gabe. Lehenengo bere osaba Migeli buruz hitz egin zidan -harengatik jarri bide zioten Mikel izena berari-, eta kontrabandoaren garaiko balentriei buruz kontatzen zizkien pasadizoez -"Erdiak baino gehiago asmatuak, lepoa jokatuko niken", izan zen Mikelen azkeneko komentarioa-. Gero herri inguruko mendiez eta basoez aritu zitzaidan, eskolako lagunekin egiten zituzten apustuez, karlistaden garaiko gotorleku hondatu batean antolatzen zituzten setioez -"Gaur goazen lekutik hurbil zagon", erantsi zuen-, eta aiton-amonen baserriaz. Ondoren, harira etorri gabe, kontatu zidan nola ez zioten utzi katekesia eta lehenengo jaunartzea egiten. "Herriko lehenengoetarikoa izan nindunan, lehenengoa agian. Gero oso ohikoa bihurtu zunan, baina orduan atentzioa ematen zinan".

"Badakin? Uste dinat oso goiz konturatu nintzela ez nuela zer ikusirik bat ere gurasoekin eta anaia-arrebekin. Zazpi urte bete berriekin, pentsa. Bazakinat esango didanala kontzientzia hori beranduago garatuko nuela eta abar, eta agian hala dun, ez dinat ezetz esango, badaezpada. Baina hain gogoratzen dinat ondo unea ezen ezinezkoa baitzait pentsatzea pasarte horrek esanahirik ez duenik; hor hasi zela dena...". Musika-aparatuaren bolumena pixka bat jaitsi zuen; Arabako errepideak ari ginen zeharkatzen jada. "Donostiara joanak gintunan erosketak egitera. Hainbeste umeren artean, badakin, erraza dun norbait galtzea, eta niri egokitu zitzaidanan. Ohartu nintzenerako Buen Pastorreko katedral inguruan nenbilenan harritxo batzuekin jolasean, zeharo despistatuta, eta haiek auskako non ibiliko zitunan, Abenidan edo. Negarrez hasi nindunan, noski, eta handik pasatu zen emakume batek eraman nindinan polizia batzuengana, inguruan zebiltzanak; Zauto bat zunan, eta Aldapetako koartelera eraman ninditenan segituan. Ni oso beldurtuta nengonan hasieran eta apenas esan ninan ezer, baina poliziek oso adeitsu tratatu ninditenan; errotulagailu batzuk eta paper orri batzuk utzi zizkidatenan marrazteko, eta baita gozokiak eman ere. Handik ordu eta erdira azaldu zitunan gurasoak, anaia-arrebekin batera, guztiz lotsatuta, are gehiago polizia nazionalaren koartelera joan behar izan zutelako nire bila. Hala ere, izugarri adeitsu eta lausengari aritu zitunan poliziekin, haien erdararik onena erabiltzen ahaleginduz. Sartu nintzenetik gaztelania besterik ez ninan entzun, eta gurasoak ere barra-barra aritu zitunan: agian horregatik bota nitinan nik hitz horiek gaztelaniaz ere, kuarteletik ateratzen ari ginela, zetmeak bularren gainean gurutzatuta zeramatzaten bi polizia nazionalen aurre-aurrean. 'Pues no sé por qué decís las cosas que decís', aurpegiratu nienan, ozen, gurasoei, 'a mí no me han pegado ni nada ahí dentro. Si hasta me han dado unos sugus...' Oraindik ikusten ditinat gorritzen aitaren eta amaren aurpegiak, eta entzuten polizia biek botatako barre-algara. Zorionez, ez zietenan kargu hartu gurasoei. Haiek bai niri, ordea, etxera itzuli ginenean...". "Tira, seguru ez zela hainbesterako izan. Aitak gogor egingo zian errieta, bale, baina ziur nagok amak defendatu hinduela...". "Amak? Ama dezente gogorragoa izan zunan aita baino".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Ondoren gurasoekin izandako etengabeko desenkontruen historia luzea kontatu zidan Mikelek, enpresa-zuzenbidea estudiatzera joateko asmoa azaldu eta behin betiko urruntzea iritsi zen unera arte.

Ordurako helduak ginen Mikelen herrira; ilunabarra hurbil zegoen. Mikel bi aldiz tronpatu zen mendi-pista hartzean, eta berandu iritsi ginen errautsen haizatzea burutzen ari ziren zelaira. Pinudi baten babesean aparkatu genuen autoa; bildutakoen bizkarrak genekusan, zirkuluerdi bat osatuz, eta haien aurrean beherantz jaisten zen bailara txiki bat, baserri batzuk eta, azkenik, herri industrial zatarraren itzala. Motorra itzali eta leihoak zabaldu zituen Mikelek. Une hartan jendeak ukabilak altxatu zituen eta Eusko Gudariak kantatzen hasi zen. Ile urdineko emakume bat -Mikelen amak behar zuen- aurreratu, belarrean zabaldutako ikurrina gainetik kutxa hartu, eta errautsak zabaldu zituen, kementsu.

"Ez al duk joan behar?", galdetu nion Mikeli, baina isilik geratu zen, zirkinik egin gabe. Ni autotik jaitsi nintzen, eta urrats batzuk eman nituen zelairantz, baina berehala gelditu behar izan nintzen, takoiak tinko itsatsita geratzen ari zitzaizkidalako lokatzean.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_