Hizkuntza mintzo
Euskararen historia bildu du dibulgazio-liburu batean 'Orhipean'en egileak
Nolako harremanak izan ditu euskarak inguruko kultura eta hizkuntzekin? Nola ikusi dituzte historialariek euskal hiztunak? Nolako bilakaera izan du hizkuntzak berak mendeak joan eta mendeak etorri? Galdera horien erantzunek entziklopedia bat betetzeko adina material sor dezakete.
Erantzun horiek era erraz eta irakurgarri batean bildu eta hizkuntzalaritzan edo historian aditu ez direnei erakustea erabaki zuen duela lau bat urte Juan Carlos Etxegoien (Garralda, Nafarroa, 1956) idazle eta irakasleak, Xamar goitizenaz ezagunagoa denak. Lan horren emaitza Euskara Jendea izan da, Pamiela argitaletxeak berriki plazaratu duen dibulgazio-liburua.
"Izugarrizko leizea dago herri honetan egiten den ikerketa eta jendeak ezagutzen duenaren artean", adierazi du egileak lanaren filosofia azaltzeko. Historiaurrean hasi eta gaur egun arte, hizkuntzaren jatorriaren eta bilakaeraren inguruko hainbat teoria eta testigantza bildu ditu, agiri eta irudi ugariz lagunduta.
"Sekulako leizea dago egiten den ikerketa eta jendeak ezagutzen duenaren artean"
Lanaren ardatz nagusietako bat euskararen inguruan historikoki sortu den topiko nagusietako bat haustea izan da, hau da, gainerako kultura eta hizkuntzetatik bereizita egon zelako iraun zuela bizirik. Hortaz, euskarak besteak beste latinetik eta arabieratik maileguan hartutako terminoen errepasoa egiten du egileak, baita truke horiek azaltzen dituzten testigantza eta dokumentuak gogora ekarri ere.
"Topiko bat da euskal komunitateak iraun badu isolaturik bizi izan delako izan dela. Hori anormaltasun historiko bat da", azaldu du Xamarrek, "sasi ergelak zirelako, isolatuta bizi izan zirelako edo beren lurrak ez zutelako interesik. Horiek guztiak osoki faltsuak dira eta hautsi beharra dago".
""Munduko kulturek izan duten garapenari erreparatuz gero, harrigarriena da Ozeano Barearen erdian Hawaiiko uharteetan izan diren jatorrizko kulturak izan dituela eraginak konstatatzea. Hori horrela izan bada, nola liteke Europako autobide historiko honetan eraginik ez izatea?", galdetu dio bere buruari.
Euskararen jatorria azaldu nahian garatu diren teoria nagusiak laburbildu ditu Etxegoienek, horien artean "euskoiberismoa" deritzana, latina Penintsulan hedatu arte bertako biztanleek zuten antzinako mintzairaren azken aztarnatzat jotzen duen korrontea alegia. Horrekin batera, gaur egungo beste zenbait ikertzailek sortutako hipotesiak ere bildu ditu, besteak beste Theo Vennemann hizkuntzalari alemanarena. Horren arabera, azken izotzaldiaren garaian Europako herriek Pirinioetara jo zuten aterpe bila eta bertan sortu omen zen gaur egungo euskararen oinarria.
Euskaraz sortutako idatzizko testigantzarik ezean, era guztietako agiritegietan aztarrika ibili da Xamar. "Ezinezkoa da dagoen guztia aipatzea, irakurlea ito egingo baitzenuke. Orduan, lagin bat erakutsi behar da. Adibidez, XII. mendean ez dugu hizkuntzaren ahozko lekukotasunik, baina horiek dokumentuetan daude, batez ere toponimian", argudiatu du. Euskarazko toponimiaren berri ematen duen 1085eko latinezko idazki hau aipatzen du horren adibidetzat: "... in loco quem bascones vocant Ygurai Mendico" ("... baskoiek Igurai Mendiko deitzen duten tokian"), edo 1167ko beste hau: "... ut lingua nauarrororum dicatur una maizter; Azeari Umea, buruzagi" ("... unai maizter deitzen dena nafar hizkuntzan; Azeari Umea, buruzagi").
"Dokumentu horietako batzuek erakusten dute jendearen gehiengoaren mintzoa euskara zela; aldiz, dokumentuak latinez edo espainieraz daude, baina etengabe agertzen zaizu toponimian, eskrituretan, pertsona izenetan. Bitxikeria horiek ekarri eta erakustea izan da nire helburua", erantsi du.
Liburua osatzeko "hiruzpalau urtetan metatutako irakurketak" erabili dituela dio Xamarrek. Denbora horretan guztian euskararen berri eman duten bisitarien testigantzak ere bildu ditu, tartean Wilhem von Humboldt, Victor Hugo, Lewy D'Abartiague eta Rodney Gallop. Hemen bukatu da lana? Agian ez, bere iritziz "hau guztia dokumental sorta on baten gidoia" bilakatu baitaiteke.
Lekukoen hitzak
Al-Himyari geografo arabiarrak honela deskribatu zuen bere erkideak Bambalunara (Iruñea) iritsi ziren unea, Kitab ar-Rawd al-Mitar liburuan: "Mendi gora eta ibar sakonen artean kokatuta, naturak ez du gehiegi laguntzen. Bere biztanleak pobreak dira, ez dute behar adina jaten eta lapurreta dute ogibide. Gehiengoak euskaraz -al-bashkiya- hitz egiten du". Mota horretako hamaika testigantza bildu ditu Xamarrek, historia idatzirik ez duen hizkuntzaren historia osatzeko.
Egileak bazuen eskarmenturik honelako lanetan, antzeko formatua erabili baitzuen Orhipean euskal kulturari buruzko dibulgazio-lan entzutetsua osatzeko. Lan horren euskarazko bertsioak (merkaturatu zen lehenak) 12.000 ale inguru saldu zituen eta beste hiru hizkuntzara itzuli dute.
"Gustatuko litzaidake liburu honen itzulpenak ere egitea, erdaldun askok ez baitakite beren herriaren historia, hizkuntza-komunitatearen ikuspegitik", esan du. "Hala ere, itxaron beharra dago, euskarazko bertsioak eman dezakeen guztia eman arte", gaineratu du.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.