_
_
_
_
Entrevista:UNAI ELORRIAGA | Idazlea | Gaiak

"Sariak barrutik ezagutu ahala, prekariagoak iruditzen zaizkit"

Bere lehen nobelarekin Espainiako Sari Nazionala eskuratu zuen Unai Elorriagak (Algorta, Getxo, 1973),eta bide batez euskal komunitate literarioari astindu galanta eman zion. Ordutik idaztea du ogibide eta pasio, eta grina horren emaitza berria aurkeztu berri du: idatzi duen hirugarren eleberria,Vredaman izenekoa. Lau istoriok osatutako lan erdi autobiografikoa da, desberdina; ohikoa duen estilo bereziari goitik behera eusten diona.

Galdera. Nobela korala idatzi duzu, hainbat istorio tartekatuz. Inteligentziaren bilaketa abiarazten duen umetxo baten eskutik hasten da dena, ezta?

Erantzuna. Lau istorio ditu nobelak. Istoriorik printzipalena ume batek kontatzen du, Tomasek. Lehengusinak kondaira moduko bat kontatu dio: "Libelula urdina harrapatzen duena munduko pertsonarik inteligenteena bihurtzen da". Zoraturik hasiko da Tomas libelula urdinaren atzetik, inteligentziaren atzetik. Neurri handi batean inteligentziaz hitz egiten duen nobela da. Bigarren istorioan, Tomasen osaba Simon eta lagun bat sartu dira golf-zelai batean, gauerdian, ezkutuan. Baina zertarako? Hirugarren istorioan, munduko arkitektorik famatuenetako baten lagun "estu-estua" izan zen andre bat agertzen da. Azkenean ez ziren ezkondu arkitektoa eta andrea. Zergatik? Laugarren istorioan, Tomasen lehengusu Mateok jakin du aitita Julianek ebanisten Europako finala jokatu zuela, noiz eta 1927an. Lehenago ez du sekula horren gainean ezer entzun. Zer egin zuen aititak konpetizio bitxi horretan?

"Nobela honetan istorio zuzenagoak egiten, irakurlea bide garbi batetik eroaten saiatu naiz, istorioa hasi eta amaitu arte goza dezan"
"Ez dakit poesia zer den. Eta susmo bat daukat: inork ez dakiela. Poesiari korrika egiteko bide bat eman behar zaio, bestela idortu egiten da"

G. Liburu nahiko autobiografikoa omen da.

E. Datu asko autobiografikoak dira, bai. Baina zatirik handiena asmatutakoa da.

G. Estilo aldetik ez duzu askorik aldatu: jokoaren bitartez gai serioak jorratzen dituzu.

E. Bai. Nobela honetan, ostera, hori guztia egon arren (jolasa eta jolasaren bitartez heriotza, gaixotasuna, inteligentzia eta halako gaiak), saiatu naiz istorio zuzenagoak egiten. Saiatu naiz irakurlea estarta garbi batetik eroaten, istorioa hasi eta amaitu arte goza dezan.

G. Eleberri honetako pertsonaiak ere bilatzaileak dira?

E. Beharbada inoiz baino nabarmenago, inteligentzia bilatzaileak. Euren bizitza ulertzeko ahaleginean ari dira.

G. Askatasun osoz idazten jarraitzen duzu?

E. Bai. Ez badut neure burua engainatu nahi, ez daukat beste erremediorik.

G. Orain jendeak SPrako Tranbiar-ekin alderatzen ditu zure lanak. Zama astuna?

E. Ez da zama astuna; ezinbesteko zama da. Idazle batek jakin behar du hori eta aurre egin behar dio.

G. Hiru urte saria jaso zenuenetik. Nola ikusten duzu orain orduko urakan hura?

E. Sariak, gero eta konbentzituago nago, gauza ziztrinak dira. Zenbat eta barrutik gehiago ezagutu, orduan eta prekarioagoak iruditzen zaizkit.

G. Eta orain epaile. Zelan daramazu hori?

E. Bitxia da. Baina batez ere tristea da. Axularrek esango lukeen moduan, likitsa ikusten baituzu zure oin-zoletan itsatsita.

G. Espainierazko literatura euskarazkoa baino hobea da?

E. Gauza batzuk berdin-berdinak dira. Beste batzuk, batez ere kantitateari begira, oso desberdinak. Hala ere, kalitateari begira gainezka egiten ez diguten arte, trankil gu. Eta, ezagutzen dudan apurraren arabera, oraindik ez digute egin eta puska batean ez digute egingo.

G. Asko idazten ari zara aspaldian. Krisialdirik ez dago Elorriagaren sabaian...

E. Hainbeste ere ez nabil idazten. SPrako tranbia 2000. urtean amaitu nuen, Van't Hoffen ilea 2003an eta Vredaman 2005eko amaieran. Kontuan hartzen baduzu SPrako tranbia idazten 1997an hasi nintzela: zortzi edo bederatzi urte hiru liburu txiki samar idazteko. Gogoan eduki, horrezaz gainera, orain literatura besterik ez dudala egiten eta prentsarako artikulu asko idazteari ezetz esaten diodala.Krisirik, beraz, ez. Ia urtebete nabil hurrengo liburuari bueltak ematen, Vredaman amaitu baino askozaz lehenago.

G. Idazle metodikoa zara. Musak beharrean harrapatzen zaitu beti?

E. Kontua da burua beti literaturan izatea. Berdin idazten ari zarenean eta koadrilan zaudenean eta errugbi partidu bat ikustea. Horrela sortzen dira, arte guztietan, gauza berriak.

G. Itzultzailea zara lanbidez, zeure lanak itzultzen ibilitakoa. Zer ikasi duzu?

E. Gogorra da bai. Are gogorragoa norberaren lanak itzultzea (dibertigarriagoa ere bai). Gauza asko ikasten da itzultzen. Gauza orokorrik ez beharbada. Gauza txikiak dira, xehetasunak.

G. Bertsotan aritzeak ere lagunduko zizun, ez?

E. Bai. Azken batean hitzekin jolastea da hura ere. Gainera, euskal literaturan badago gauza bitxi bat: orain idazten ari diren gehienek harreman zuzena daukate bertsolaritzarekin. Esango nuke euskal literaturaren egoera ona horri esker (bertso-eskolei eta bertsoari esker oro har) dela hein handi batean. Neurri hori non jarri behar den ez dakit, baina.

G. Behin gauza bitxio bat esan zenuen, hain zuzen poesiak prosan hartzen duela indarra eta zentzuna zuretzat. Nola da hori?

E. Lehenengo-lehenengo esan behar dut ez dakidala poesia zer den. Eta susmo bat daukat: inork ez dakiela. Poesiak historian zehar izan ditu jendearengana heltzeko bide batzuk: sasoi batean izan zitezkeen itsuen koplak, juglareak, trobadoreak, bertsolariak gero... Kantagintzak ere izan ditu eta baditu adibide ederrak. Esan nahi dudana da poesiari korrika egiteko bide bat eman behar zaiola, bestela idortu egiten dela eta ito. Gaur egun bide horiek kantariak izan daitezke, bertsolariak izan daitezke eta prosa ere izan daiteke.

G. Zure lan batekin pelikula bat egitekotan ziren. Zertan da proiektu hori?

E. Asmoa hor dago. Nik uste dut gaur ez bada, etzi, baina egin egingo dela.

G. Pintatzea ere gustuko duzu. Badago diziplina bien arteko berdintasunik?

E. Egon badago. Azken batean, bietan sortzen duzu eta bietan nahi duzu ikusle-irakurlearen harridura probokatu. Bidea da diferentea.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_