Tartaroen basamortua
Lau lagun ginen, idazle-jendea. Afaltzeko gogoz etorriak, Gipuzkoako paraje eder batera. Gaua zen arren, ilargi beteak bazterrak nabarmentzen zituen. Aurre-aurrean Ernio. Pixka bat beherago Asteasu eta Larraul, argitik ilunera isuriz. Askotan bezala, hizketako gogoak gure artean gai eternala dena ekarri zuen, la cosa nostra, alegia. Eta orduan solaskide batek, ipuin fantastikoak idazten zaildutakoa bera, lasai-lasai galdegin zuen, haragi puska bat ahoratu eta irentsi ondoren.
-Ez balego ezer!
ETAri buruz aritu ginen, beste kontuen artean, ordura arte. Gure esperantza urriak, gure etsipen hauspotuak, gure mesfidantza, gure eszeptizismoa aipatuak genituen. Gure esperantzak sordina zuen, gure etsipenak bezala: Miles Davis tronpeta jotzen. Halaxe geunden, ezbaian batzuetan, ezetzean besteetan. Geroa lauso ageri zitzaigun eta ilun samarra.
-Ezer ez balego ETAren atzean! -esan zuen lagunak, gure harridurarako.
Hobeto azaltzeko eskatu genion, mesedez, ez geniola ongi ulertzen.
-Irakurri al duzue Buzzattiren Tartaroen Basamortua? -galdegin zuen.
Baietz erantzun genion, hiruok batera ia, irakurri genuela nobela eta ikusia genuela pelikula, Vittorio Gassman eta Giuliano Gemma aurrez aurre.
-Gogoratuko zaretenez, nobela sinplea da. Dauden deskribapenak ilun askoak dira, zehatz gabeak. Sakona da, ordea. Bizitzaren metafora.
Horretan arrazoi eman genion lagunari. Biziaren geroaz hitz egiten digu Buzzattik nobela horretan. Geure buruari esaten dizkiogun gezurrez ari da etengabe.
-Drogo tenientea basamortua hasten den tokira eraman dute. Hantxe, mugan, gotorlekua dago, eta bertan soldaduak bizi dira. Tenienteak, haraino joan diren guztiak bezala, heroia izan nahi du. Gerran irabaz dezakeen ospean jarriak ditu esperantza guztiak; baina poliki-poliki, denbora aurrera joan ahala, bere esperantzak urrituko dira, bere asmo eta gogoak bezala. Espero dituzten etsaiak ez dira etorriko, espero diren bitartean; espero ez direnean baizik. Drogo tenientea gotorlekutik kanpo dagoenean.
Tartaroen esperoan bizi garela ere gogoratu ginen. Tartaroekin amaitzea, salbatzaile-izendapena ekar baitezake, eta asko dira, gurean, tartaroekin noiz amaituko daudenak. Horretarako prestatu dira bakezaleak eta gudu-leungarriak, bitartekariak eta irtenbidezaleak, gatazkalogoak eta borroka-zuzentzaileak, apaizak eta gotzainak, sindikalistak eta politikoak, funtzionarioak eta langabeak, langileak eta alferrak, pobreak eta aberatsak, era guztietako aprobetxategiekin batera. Gutxi dira, bakearen alde zer egin behar ez dakitenak, han eta hemen; gutxi dira, oraingoan, bakerako abemaria ez ezik, arrosario osoa errezatzeko prest ez direnak; gutxi dira aholkurik gabe geratu direnak, are gutxiago aholkurik ematen ez dutenak. Gutxi dira, basamortu ondoko gotorlekutik kanpo bizi nahi dutenak. Gutxi dira bakegintzari bultzadarik eman nahi ez diotenak.
-Denborari eta giza irrikei buruz gogoeta egiteko arrazoiak ematen ditu nobelak. Denbora joan ahala irrikak ere joan egiten direla, edo gorbizitu. Azkenean ez dela ezer geratzen, harri bat eztarrian, pinporta begian, hautsa eskuetan.
Nobelak, egia da, geure buruaren aurrean jartzen gaitu, eta gure esperantzak benetakoak ote diren, ala, bestela, horiek ere, ilusioak, haizeak daramatzan belar-hostoak ote, galdetzen digu. Denok, edo ia denok, baikaude ETAk zer egingo esperoan, esperantzaren ilun-argitan bidea egiten. ETA baita gure tartaroa.
-Denok gaude ETAren zain. Baina ETArik ez balego, edo ETA agertuko ez balitz, orduan zer?
Hori ere pentsatua dugu. Ikusi ez baina sentitzen diren tartaroek zentzua eman diete Drogo tenientea bezalako soldadu askoren bizitzei. Haiek badirela sinesten dute, eta uste hori gabe ez lirateke ezer izango, gizon arras arruntak, hezur eta haragi huts, ospearen esperantzarik gabeak. Baina, jakina, esperantza da beira guztietan hauskorrena, eta oihal guztietan urragarriena.
-Asmatuko dute zerbait, hutsune hori betetzeko! -esan zuen lagun batek, poemak idazten galdua bera. Doinua ez zen ez tristea ez alaia, ez argia ez iluna.
Ernio aldera eraman genituen begiak, zuritik beltzera. Ernioren errainuak argi bereziz bustita zeuden. Haren magalean Larraul eta Asteasu, argiz zipriztinduta. Afariaren arrastoak mahaiaren gainean sakabanatuta.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.