_
_
_
_
_
Entrevista:FELIPE JUARISTI | Kritika sariduna poesian | Gaiak

"Idazteak oreka fisiko eta psikikoa ematen du"

Espainiako Kritikaren Sariak sarma berezia duela badaki Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957), dirurik banatzen ez badu ere edo, hain zuzen, horrexegatik. Begi ikarak olerki-liburuaak eman dio saria. Kritikari zorrotza da eta pena du literatura "intrumentu politikoa" delako. Honela, bere errealitatean zein fikzioan tristezia eta mina du gai nagusitzat

Galdera. Saririk gozoena da kritikariena?

Erantzuna. Kritika sariari nahiko garrantzia ematen zaio. Onarpen onekoa da dirurik banatzen ez duelako.

G. Krisi pertsonalak eragindako olerkiak direla esan du epaimahaiak. Ados zaude?

E. Bai, depresioa izan nuen orain bi urte. Urtebete pasa eta hortik ateratzeko poesia idaztea erabaki nuen, nire buruarekin aurkitzeko modua zelako, esplikazioak aurkitzeko eta barruan neukana kanporatzeko. Barrukoa berbalizatu. Bestela ez dut uste egingo nuenik. Idazteko gogo handirik izan gabe eta barne erreflexio puntuan egonik, olerkia idatzi nuen, nobela ezingo nuke egoera horretan.

G. Ondorengo olerkiak ere depresioak jota sortuko zaizkizu?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Ez dut uste. Depresioak bere bidea hartu du eta ni hobeto nago.

G. Poesia idaztea aholkatuko zenioke, beraz, depresiotik ihes egin nahi duenari?

E. Idaztea da komenigarria. Azken batean, osasuna oreka da, fisikoa eta psikikoa, eta idazteak lagundu egiten du oreka hori lortzen.

G. Zure lanean inteligentzia eta sentiberatasunaren arteko oreka aurki daitekeela esan zuen Koldo Izagirrek.

E. Oso eskuzabala izan zen Koldo baina ez dut uste egokiena naizenik nire buru epaitzeko.

G. Tristezia da, batez ere, zure idazkietan nagusi.

E. Hasierako liburuetan bai, tristezia zegoen, oso ilunak ziren, tristuraren erreibindikazioa zegoen. Azken lanean ez dago tristezia, mina baizik, desolazioa. Iluntasuna eta argiaren arteko borroka dago, argi bila joate hori.

G. Begi ikarak lanarekin zure karreran salto egin duzula esan zenuen. Norantz?

E. Hondoa jo duzunean gora joaten hasten zara eta argitan murgiltzen. Uste dut nik hondoa jo dudala.

G. Fikzioa adina errealitatea dago zuren lanetan, Airezko emakumeak nobelan, esaterako.

E. Hori da gustatzen zaidana. Nik nahi nukeen errealitatea islatzen dut. Gainera, errealitaterik ez dago idazten hasten garen unetik, aldatu egiten dugulako errealitatea.

G. Begi ikarak gaztelerara itzultzen zabiltza. Liburu bera izango da?

E. Ez. Poema batzuk ezin izan ditut itzuli, barrokoegiak zirelako eta pentsamendu jokoak zituztelako. Ez zuten indarrik behin itzulita eta beraz beste batzuk sartzea erabaki nuen. Gazteleraz hiru poema aurki daitezke aurretik euskaraz ez daudenak.

G. Gazteleraz idatziko zenuke?

E. Ez daukat gogorik. Oraintxe hasi naiz disfrutatzen euskaraz idazten, 20 urte pasa eta gero, erraztasuna daukadalako. Erdaraz artikuluak eta hitzaldiak egiten ditut baina literaturan hasten naizenean erosoago sentitzen naiz euskaraz.

G. Euskal idazle estimatua zara baina erdaldunen artean ezaguna sentitzen zara?

E. Artikuluak eta poesiengatik, bai. Nobelagatik ez. Hitzaldietan parte hartzen dut sarri eta poesia asko irakurri dut. Poeta moduan katalogatuta naukate eta ez da sailkapen okerra.

G. Literatur gazeta eta Porrot aldizkariak sortu zenituen. Ba da egun benetako literatur kritikarik?

E. Kritika badago, baina oso mediatikoa. Hemen goraipamena egiten da euskara eta literatura euskaldunen izenean, baina egia bakarra da ez dugula irakurle asko irabazi, irakurtzen den gehiena eskoletarako izaten dela eta irakasleek orain dela 20 urteko bizioak dauzkate, orain dela 20 urteko liburuak irakurtzen ari dira eskoletan.

G. Baina idazle asko daude.

E. Berrehun kide baino gehiago daude Euskal Idazleen Elkartean eta hortik %10 balitz benetako idazle, asko izango litzateke. Idazle ona izateko bi baldintza behar dira: askatasuna eta espiritu kritikoa. Ideologiek eragin handia izan dute idazleengan. Kritika asko ideologiengatik egiten dira. Atera dezakezu liburu ona baina ez bada euskal literaturan agintzen duten horien gustokoa, orduan isilarazi egiten da obra. Hori gertatu zaio Atxagari Gizona bere bakardadean lanarekin, Saizarbitoriari Hamaika pauso-rekin, eta Anjel Lertxundiri Zorion perfektua-rekin.

G. Nork agintzen du euskal literaturan?

E. Badakigu euskal irakurleen gehiengoa ezker abertzale horretan koka dezakegula eta horien gustukoa ez bada liburua, desagertu egiten da eta horretarako daude kritikoak. Hori ez da askatasuna. Zuk idazten duzu nahi duzuna eta ez publiko hipotetiko horrek nahi duena, eta halere bada publiko horrek nahi duena idazten duenik. Noski, gero irakurtzen dituzu lanak eta halakoak dira. Hemen badagoela literatura demostratzeko egiten dute, eta beraz badagoela hizkuntza bat, eta kultura bat eta beraz independentzia izateko eskubidea. Azken batean, literatura instrumentu politikoa da.

G. Ona da Atxaga hauteskunde kanpainan agertzea?

E. Uste dut berari, epe luzera, ez zaiola ondo etorriko eta euskal literaturarentzat ez da ona.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_