Batetik bestera
Lotsa gaindituz, kontzientzia azterketa egitera ausartu naiz eta barrua lasaitzea erabaki dut, ezin bainuen horrela gehiago jarraitu.
Bai, onartzen dut nortasun bikoitza dudala, batzuetan Mister Hyde bezain gaiztoa eta perbertsoa agertzeko gai naizen bezala, beste batzuetan Jekyll doktorearen zientzialari amorratuaren eta zintzoaren papera nire gain har dezakedala. Eta handik gutxira beste identitate bat har dezaket, denbora laburrean beste muturrean jartzeko erraztasuna dudan modura. Inoiz ere Ortega idazlea naizelakoan nago, besteetan Gasset modura azaldu naizen arren.
Hasieran joera honi etekinik ateratzen banion ere, gero eta zailago gertatzen zait nortasun bikoitzarekin konpontzea, eta kasik ez dago identitate berarekin goizetik gauera iraun dezakedan egunik.
Horregatik aurkezten naiz zuen aurrera, nortasun bikoitzeko (edo anitzeko) talde anonimo horren aurrean, eta nire arazoa kontatuko dizuet, zuen esperientziaz eta egoera pertsonalez baliatzeko, eta nirea ere inorentzat baliagarria izateko asmoarekin.
Arazoa txikitandik dudalakoan nago, esaterako, indio eta bakerotara jolasten genuenetan, zaila egiten zitzaidalako talde batekin identifikatzea. Hortaz, multzo batetik bestera sarritan aldatzen nintzelako, nire lagunek ez zuten nirekin jolastu nahi izaten, nori eraso inoiz ez nuela argi eta.
Bazterketa honek frustrazio eragiten zidan, eta nagusitzen nintzenean mendekua hartzeko parada izango nuela errepikatzen nion nire buruari. Segidan, beste nortasun bat hartuz, Napoleon nintzela pentsatzen nuen, Europako lurralde gehienak nireganatzen nituela, eta, antolamendu, kultura edo erresuma desberdinen gainetik, nik ordezkatzen nituen ideia berriak indarrez ezartzen nituela. Hala ere, handik gutxira, arestian menderatutako lurralde bateko partaide sentituz, Napoleonen etsairik amorratuena nintzela jabetzen nintzen, haren boterea nire zapalkuntzaren seinale garbiena bilakatuz, eta ez nion bakerik ematen nire buruari halako injustiziak oraindik ere munduan irauten zutelako.
Gerra batetik bestera, izate batetik bestera pasatuz, adoleszentziara iritsi nintzen, eta maitasunaren lehenengo taupadak sentitzen hasi ere. Jakina, nire joerarekin harremanak erabat konplikatzen zitzaizkidan, nire usteak eta nahiak etengabe aldatzen zirelako. Bai, batetik, desengainuei aurre egiteko, baliabide egokia izan daiteke norberaren nortasuna aldatzea, egia esan, gutxiago sufritzen baita. Baina, bestetik, inork arretaz begiratzen badizu, eta urte horietako leialtasunak hain itsuak izanik, portaera bikoitzek besteen aurrean markatuta utzi zaitzakete, ospe ezin okerragoa zureganatuz.
Ikasketak edo lana aukeratzeko orduan ere, gorabehera franko izan nituen, atzo hain gustukoa nuena hurrengoan batere axola ez zitzaidanean, esaterako. Hala ere, zorte handiz, nire izaeraren neurrira nahiko ondo zetorkidan ofizioa hartu nuen, eta automobil-saltzaile egin nintzen. Hortaz, bakoitzari entzun nahi zuena esaten nion, pertsonaia diferenteetara egokitzen nintzen, haien nahiak azpimarratuz, guztia salmentaren onerako.
Kontzesionariokoek ezin gusturago, salmenta-saila nire ardurapean jartzeko proposamena egin zidaten. Baietza eman nien, eta automobilak saltzea obsesioa bihurtu zen niretzat. Ez nuen beste ezertarako denborarik, bezeroek entzun nahi zutena nire ahotan jartzea baitzen nire ahalegin bakarra. Jokabide horrek nire gaitza areagotu baino ez zuen egin, nire burua gero eta identitate gehiago azaltzera behartzen bainuen, kameleoiarena gero eta gehiago eginez, neurririk gabe.
Gauzak horrela, lanean ere arazoak izan nituen: ezin nuen kontrolatu nire gehiegikeria eta erosleak konfiantza galtzen hasiak ziren. Azkenean, lana utzi behar izan nuen arren, ez nintzen batere gaizki gelditu, akordio ekonomiko on batera enpresarekin iritsi ondoren, lortua nuen automobil-salmenta nire berme hoberena baitzen.
Bitartean, beste ogibideren bat bilatzea ere pentsatu dut, eta, agian, politika arloan murgiltzea izan daiteke egokiena, mundu horretan iritziak etengabe aldatzen direla ohartu naizelako. Gainera, hasi naiz lehen harremanak izaten, eta uste dut aholkulari gisa ez zaidala lanik faltako.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.