Hipopotamoa, poesia eta ipuina
Haurrentzako antzerkia eta fantasia nahastuko ditu Asteasun sortu behar duten Ipupomamuak zentroak
Urteetan herriz-herri ipuinak kontatzen ibili ostean, Gorringo Antzerki Taldekoek istorio hauek leku finkoa merezi zutela pentsatu zuten. Tokiak ukitu magikoa behar zuen izan, leku estrategikoan kokaturik, eta bertako udalaren bultzada jaso behar zuen, ahal izanez gero. Asteasuk baldintza guztiak bete ditu eta bertan eraikiko dute Ipupomamuak, Bernardo Atxagak ipuin-etxea izendatzeko asmatutako hitza.
Ipuinak kontatu, asmatu eta antzezteko lekua izango da. Ikastetxeetatik eta liburuetatik istorioak aterarazi eta fabulak modu zuzenagoan jasotzeko bidea eskainiko du. Horrez gain, euskara, literatura eta aisialdia uztartuko dira bertan.
Ekimen berritzailea da, zalantzarik gabe. Atxagak berak aipatu bezala, "oinarrizko neurriak behingoz gainditu eta sofistikazioa premiazkoa da euskararentzat", era berean, ipuina ume eta haur mundutik helduen unibertsora zabalduz. Ipupomamuak izendapenak lau hitzen batuketa librea dauka gordeta: ipuina, poema, marrazkia eta mamua.
Bernardo Atxagak lan eskerga egin du proiektua bultzatu eta haren berri emateko
Ideia duela hiru urte sortu zen. Asteasuko Udalak eskuzabal hartu zituen Gorringo Taldeko kideak, herriko etxe bat osorik eskainiz. Eraikina, baina, txikiegi gelditu zen eta azkenean lur-saila eskaini diete, doan. Gainera, 1,8 milio euroko aurrekontuaren herena ipiniko du herriak. Gainontzekoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beteko dute.
Diru horrekin datorren urtean martxan hasiko dira obrak eta bi urte barru Ipupomamuakek ateak zabalduko ditu. Lur azpiko bunkerren itxura hartuko du eraikinak, belarrezko estalkiaren pean; bi solairutan banatuta, antzezlekua, jolastokia, erakusketa aretoa eta liburutegia izango ditu. "Bidegarritasun azterketa egina dago ekimenak iraun dezan", azaldu du Asteasuko alkate Iñaki Amenabarrek. Ipuin etxeak herria suspertzen lagunduko duelakoan dago udal agintaria, kontuan hartuz gainera Euskal Herriaren erdian dagoela kokaturik, N-1 zein Nafarroako autobia gertu direlarik.
Astean zehar eskoletako haurrak hurbilduko dira eta astebukaeretan familiak. "Umeek tinko lan egingo dute hemen, guri kalitatea exijitu baitigute instituzioek. Aldika pertsonaia ezberdinak aukeratuko ditugu, Pinotxo edo Edurne Zuri, esaterako, gogor sakonduz eta fideltasun osoa mantenduz istorioarekiko", espero du Anjel Alkain Gorringoko antzezleak. Asteburuetako gauetan helduentzako funtzioak ere izango direla iragarri du: "Poesia errezitalak, kontzertuak eta abar landuko ditugu."
Gorringokoek esperientzia luzea dute taula gainean, baina ekimen honetarako propio aisialdi, pedagogo eta beste aktoreen lankidetza bilatu dute. Bernardo Atxagak ere lan eskerga egin du marrazkilari zein idazleekin bat egin eta ideiaren berri emanez. Ondoren, egitasmoa Tipula ekoiztetxeko Joxean Muñoz eta Txabi Basterretxeak garatu dute. Hauen hitzetan, ipuina bera, neurri batean behintzat, "aitzakia da euskara eta jolasa batzeko eta kontsumismo hutsetik sormen-bideetara salto egiteko".
Joxean Muñozek ziurtzat jotzen du Ipupomamuak izendapenak berak nortasun berezia emango diola ipuin-etxeari, baita aukeratu duten maskotak ere: hipopotamoa. Animalia horrek lotura zuzena eta basatia dauka naturarekin. Gainera, Euskal Herrian ez dagoenik, kanpotar izate horrek kutsu misteriotsua isladatzen duela uste du. "Ezagutzen dugunetik ihes egiten du eta hortik datorkio hipopotamoari ipuinarekiko lotura", argudiatu du, "fabulak ere fantasiaz beterik daudelako. Hipopotamoa urrutitik dator eta liburuz gainezka etorriko zaigu".
Istorioaz eta antzezlanaz gain, Ipupomamuak etxean liburuak egongo dira, bertan irakurtzeko eta erosteko; nahiko bereziak, baina, azken hauek. Honelako egitasmo kulturalek ez dute ohiko salerosketarik onartzen eta saltzeko liburuek bitxiak behar dute izan, egilearen sinadura jasoz, adibidez.
Asteasuko alkateak garbi dauka ekimena "euskararen alde eta etorkizunari begira" dagoela pentsatua. Jaurlaritzaren aldetik, Kultura sailburu Miren Azkaratek dio "kalitatea, erabilera eta ahozko tradizioa" nahastu behar direla Ipupomamuak etxean. Gainera, Joxean Muñozekin bat eginik, aktore, idazle, marrazkilari eta irakasleek elkarrekin aritzeko eta ipuingintza munduan sakontzeko balioko duela espero du.
Egitasmoa duela hiru urte jaio bazen ere, Azkaratek Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Kultur Planarekin lotzen du, ipuinari bultzada galanta emateko bidean. Azkenik, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Fernando Tapiak Ipupomamuakek itsatsia daukan berritasunari erreparatu dio, "garaian garaiko eskakizunetara egoki beharra" dagoela azpimarratuz.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.